Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate onenetan dauden Espainiako zientzialariek UPV/EHUko ikasleak babestuko dituzte
Espainiako Zientzialarien AEBko Elkarteak (ECUSA) sustatutako Nazioarteko Aholkularitza Programak (International Mentoring Programme (IMP)) UPV/EHUko 15 ikasle zuzenduko ditu hurrengo udara arte
Lehenengo argitaratze data: 2014/12/17
Euskal Herriko Unibertsitateak Espainiako Zientzialarien AEBko Elkarteak (ECUSA) sustatutako Nazioarteko Aholkularitza Programaren (International Mentoring Programme) lehenengo edizioan parte hartuko du. Programaren helburua Espainiako unibertsitateetako ikasleen ibilbide profesionala indartzea da, horrela Estatuko hezkuntza erakundeak nazioarteko bihurtzen laguntzeko.
UPV/EHU, lehenengo edizio horretan parte hartzeko Espainian hautatu diren 5 unibertsitateetako bat da, eta horietako bakoitzak Medikuntzako, Farmaziako eta Zientzietako 15 ikasle (graduko 5, masterreko 5 eta doktoretzako 5) hautatu ditu, eta horiei ikasketetatik kanpoko eremuetako heziketa emango zaie, nazioartean ibilbide zientifiko bikaina garatzen laguntzeko asmoz.
"Oso garrantzitsua da besteengandik bereiztea" adierazi du Mª Carmen Echave UPV/EHUko Farmazia ikasleak, Harvardeko Unibertsitateko Eboluzio eta Organo Biologiako Saileko ikertzailea den Rosa Fernández aholkulariarekin lehenengo elkarrizketa izan ondoren. "Estatu Batuetan garrantzi handia ematen zaie hezkuntzaren jarduera osagarriei: tokiko komunikabideren batean idatz daitezkeen artikulu orokorrak, adituak ez direnentzako hedapen jarduerak eta abar. Espediente akademiko ona izatea garrantzitsua da, baina ez da kontuan hartzen den alde bakarra".
New Yorkeko Mount Sinai ospitaleko Medikuntza Eskolako ikertzailea eta UPV/EHUko tituluduna den Itsaso Garcíak gaur egun doktorego ikasketak egiten dituen beste Itxaso García bat babesten du: "Programa honen bidez inon irakasten ez diren eta oso garrantzitsuak diren gauzak ikasi nahi ditut: hainbat ikuspuntu ikusi, argitasun handiagoz erabaki, segurtasun handiagoa neureganatu eta abar. Hasierako bileran antzeko programa batean parte hartu zuen pertsona batek gurekin hitz egin zuen, eta bere aholkulariak ibilbide zientifikoan bidea sortzen lagundu ziola esan zigun".
Pablo Catalák Medikuntzako ikasketak amaituko ditu laster, eta, bere helburua BAME prestatzea eta tokiko ospitaleren batean egoiliar lan egitea bada ere, "profesional medikoen profila dagoeneko ez da mugatzen jarduera klinikora" adierazi du. "Ikertu, eta aldizkari zientifikoetan artikuluak argitaratu behar dira. IMP programak biltzar interesgarriak bilatzen eta ikerketarako beka programak ezagutzen lagundu diezaguke".
IMP programak AEBko unibertsitate ospetsuetan (Harvard, MIT, Boston University…) lan egiten duten Espainiako zientzialariek osatzen dute, eta, beren borondatez eta aldizkako bideokonferentzien bidez, babestuei lagunduko diete hainbat arlo garrantzitsutan: karreran helburuak zehaztea, harreman profesionalak garatzea, web atarien bidez irudi publikoa hobetzea, Ipar Amerikako estilora egokitutako aurkezpen gutunak eta curriculumak idaztea, ideiak jendaurrean azaltzea, proiektuak eta artikulu zientifikoak idaztea, jarduera osagarriak -sariak, batzordeak eta abar- garatzea, eta norberak bere ibilbide profesionala kudeatzea.
Nekane Balluerka UPV/EHUko Graduondoko Ikasketa eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordeak honako hau uste du programari buruz: "Oso interesgarria da gure ikasle bikainenentzat. Aholkulariek zuzenean ezagutzen dituzte ibilbide zientifikoa beste herrialde batean hasteak dakartzan zailtasunak, eta haien etorkizun profesionalari buruzko galdera zuzenak sortzen lagundu ahalko diete. Horrez gain, gure erakunderako garrantzitsua da hain unibertsitate eta ikerketa zentro ospetsuekiko harremanak finkatzea, adibidez, Harvardekin edo MITekin. Programa hau gure ikasleen bikaintasun akademikoaren aintzatespena da, eta bizitza profesional arrakastatsua garatzeko zeharkako gaitasunak ere eskuratzea garrantzitsua dela nabarmentzen du".