Arte Ederretako Akme jardunaldien seigarren edizioak arte-sorkuntza prekarioan sakonduko du
Noiz eta non
Noiztik: 2014/12/16 Noiz arte: 2014/12/18, 13:10 - 13:10
Deskribapena
Hiru egunetan zehar, lau hitzaldi, bi tailer, proiekzio bat eta aurkezpen bat burutuko dira
Asteartean, abenduak 16, 16:00etan, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Areto nagusian (Sarriena auzoa z/g, Leioa), Akme jardunaldien seigarren edizioari hasiera emango zaio, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak antolatuta. Aurten, abenduaren 16tik 18ra bitartean eta "No cost. Edizio eskasa da" izenburupean, beraien proiektu artistikoak krisi garaian aurrekontu baxuekin eta orain prekarietatean burutzen behartuta dauden artistak izango dira ardatz protagonistak.
Akme 2014 "No Cost. Edizio eskasa da" jardunaldiek lau hitzaldi, bi tailer, proiekzio bat eta aurkezpen bat izango dituzte. Hitzaldiak emango dituzte Ernesto Castro Córdoba filosofo eta arte-kritikariak, Daniela Ortiz susperraldian dagoen artistak, Ana García Alarcón ikertzaile, komisario eta arte-kritikariak, eta kultur arloko langileentzat baldintza duinak bilatu eta praktika txarrak salatzen dituen InsultARTe taldeak. Era berean, tailer bi eskainiko dira, "Lapurtutako indarra", Miriam Isasik emango duena, eta "Operación Titanic", Dooroom eta Akme Team-en eskutik. Eta "Aurrekontua 5€" proiektua ere aurkeztuko da, Cabello/Carceller eta Txusporen babesarekin. Aurkezpen horretan, gehienez bost euroko aurrekontuarekin proiektu artistikoak sortzeko egin zen deialdiaren emaitzak erakutsiko dira. Aurkezpen hau ostegunean, abenduak 18, egingo da, 19:30etan, Consonni ekoiztetxean, Conde Mirasol 13, Bilbo.
Aurreko edizioetan bezala, ikasleek jardunaldietan parte hartzea ere helburu nagusia du Akme 2014k. Hori dela eta, ekitaldia antolatzearen prozesu osoa ikasleek, ikasle ohiek eta irakasleek osaturiko talde baten eskuan egon da. Izan ere, talde honek Akme 2014 eratu du eta hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak proposatu ditu.
Akme jardunaldiak bi urtean behin antolatzen dira. Lehenengo edizioan, 2004an, objektuetan oinarritzen ez den sorkuntza izan zen protagonista. 2006an ohikoak ez diren ekoizpenak eta distribuzioak izan ziren ardatz nagusia. 2008an, berriz, "Zabor-Kultura" deritzona abiapuntutzat hartu zuten jardunaldiek eta, 2010ean, esparru publikoaren kudeaketa eta interbentzioen inguruan aritu ziren. Eta azkenik, 2012an, aurrekontu murritzak izan arren emaitza handiak lortzen dituzten artisten lana erakutsi zen.
Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/akme/