euskaraespañol

Eguneko irudia

"No te Rindas Nunca" izeneko plana UPV/EHUra iritsi da, ezgaitasunen bat duten gazteen enplegua sustatzeko

Planak 34 neurri jaso ditu enpresak erakartzeko eta ezgaitasunen bat duten 16 eta 29 urte arteko gazteei prestakuntza eta arreta pertsonalizatua eskaintzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/11

ONCE Fundazioak, UPV/EHUko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak gonbidatuta, No te Rindas Nunca (NTRN) izeneko plana aurkeztu du gaur Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen aurrean. Ezgaitasunen bat duten 30 urtetik beherako gazteen enplegua sustatzen duen plan malgua da No te Rindas Nunca; izan ere, krisia bereziki latza izan da ezgaitasunen bat duten gazteen kolektiboaren kasuan, eta gainerako gazte espainiarrekin alderatuta talde horren jarduera tasa berrogei puntu baxuagoa da.

Plana FSC Insertak garatu du, ezgaitasunen bat duten pertsonen prestakuntzan eta enpleguan espezializatutako ONCE Fundazioaren entitateak, eta, orotara 34 neurri jaso ditu programak, populazioaren segmentu horren enplegua sustatzeko funtsezko alderdi guztiak bilduz. Jarduera horien artean daude, besteak beste, orientazio pertsonalizatua, ekintzailetza sustatzea edota prestakuntza, baita enpresekin lanerako bitartekaritza egitea ere, Enpresen Gizarte Erantzukizunaren politiketan ezgaitasuna jaso duten enpresen kasuan.

FSC Inserta Espainiako hainbat ikasketa zentrotan eskaintzen ari den hitzaldi zikloaren barruan dago aipatutako aurkezpena; zikloa, berriz, planari buruzko komunikazio kanpaina bati dagokio, ezgaitasunen bat duten ahalik eta gazte gehienei zuzendutakoa. Egitasmoa UPV/EHUko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren lankidetzari esker izan da posible.

Aurkezpen lanak egin behar dituen profesionala coach bat da, kirol paralinpikoan esperientzia handia du eta bere ametsak lortzeko erronkei aurre egiten ohituta dago, beti hobetzeko espirituarekin. Hain zuzen ere, hizlaria José Javier Conde atleta paralinpikoa izan da; Condek gazteak animatu ditu, helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko gogor borroka daitezen.

Ekimen hau ONCE Fundazioa garatzen ari den ekintzetako bat da, ezgaitasunen bat duten pertsonen prestakuntza eta enplegurako Por Talento programaren barruan; Europako Gizarte Funtsak finantzaketan lagundu du. UPV/EHUn, berriz, abenduaren 3an Ezgaitasunaren Nazioarteko Eguna zela-eta Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak antolatutako jardueren artean kokatzen da.

Helburuak, motibazioa eta konpromisoa

Plana 2013. urtean jarri zen martxan, eta 2015. urtera arte luzatuko da; tarte horretan, arreta pertsonalizatua eskainiko die ezgaitasunen bat duten 9.000 gazteri baino gehiagori; horietatik, 6.000 gaztek lan merkatura baldintza onenetan sartzeko prestakuntza jasoko dute. Horietatik gutxienez 3.000 gaztek lan kontratua lortzea da helburua. Gaur arte, plan honi esker ezgaitasunen bat duten 6.300 gazteri arreta eskaini zaie, 3.300 inguruk enplegurako prestakuntza jaso dute eta 1.500 baino gehiagok lan kontratua lortu dute.

Helburu horiek lortzeko funtsezkoa da, batetik, ezgaitasunen bat duten gazteen jarduera tasa areagotzea eta enplegu-bilaketa aktiboa egiteko gazteak estimulatzea; bestetik, funtsezkoa da, halaber, enpresaburuen konpromisoa lortzea, ahal bezain konpromiso zabala, gazte hauen talentua eta gaitasuna balora dezaten; horrez gain, gazte hauek kontratatzeari esker zerga abantaila interesgarriak ere eskura daitezke.

Estatistikako Institutu Nazionalaren azken datuen arabera (2011. urteari dagozkionak), ezgaitasunen bat zuten 25 urtetik beherako gutxienez 76.000 gazte zeuden Espainian, eta horietatik soilik % 35 zegoen egoera aktiboan. Talde sozial horren barruan, lanpostu ordaindua soilik % 14,5ek zuen, eta langabezia tasa % 58,5ekoa zen.