UPV/EHUk euskararen erabilera normalizatzeko duen konpromisoa berretsiko du Euskararen Egunean
Ekitaldi ugari ospatuko dira asteazkenean, abenduak 3, Euskal Herriko Unibertsitateko hiru Campusetan
Lehenengo argitaratze data: 2014/12/02
Euskal Herriko Unibertsitateak euskararen erabilera normaldua bultzatzen jarraituko duela eta horretarako euskaraz bizitzeko esparruak eman eta zabaltzekoa konpromiso berretsiko du Euskararen Nazioarteko Egunean. Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordeak gaur eta bihar irakurriko duen agirian adierazten denez, "UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatea bada, eta Euskal Herria euskaldunon herria, UPV/EHUk euskaldunon unibertsitatea ere izan beharko luke".
Euskararen arloko errektoreordearen esanetan, "historian atzera begiratzen badugu baikorrak izateko arrazoiak asko dira. Euskaldunek antzinatik demostratu dute Euskal Herrira heldutako gainontzeko hizkuntzekin bizikidetza sustatzeko gaitasuna (hizkuntza indoeuroparrak, zeltiarra, erromatarra, gaztelania…); beharbada, hori izan da bizirik irauteko sekretua".
Era berean, Zaratek gogoratu nahi izan du Jazinto Iturbe kimikari eta Euskararen arloko errektoreorde ohiak 1973an euskarazko lehen tesina aurkeztu zuenetik, UPV/EHUk euskalduntzearen alde egindako lan emankorra. "Horren adierazgarri dira gradu eta graduondoetako euskarazko kreditu kopuru garaia, euskarazko ikasmaterialgintza eta liburugintza, euskaraz egindako ikerketa tesiak eta artikuluak, euskarazko aldizkariak, kurtsoak eta ikastaroak… Gainera, giza-baliabideei dagokionez inoizko egoerarik onenean gaude", azaldu du.
Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordeak esan duenez, "euskaldunon ardura da euskararen erabilera normaldua bultzatzea eta horretarako EHUskaraz bizitzeko esparruak eman eta zabaltzea".
Egitarau zabala
Urtero bezala, aurten ere, ekitaldi ugari antolatu ditu UPV/EHUk gaur eta biharko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Bi egun hauetan, jai giroa izango da nagusi unibertsitateko hiru Campusetan: bertsoak, errezitaldiak, hitzaldiak, lehiaketak, proiekzioak, bazkari herrikoiak, bakarrizketak, erakusketak, musika, dantzak…
Egitarau zabalaren baitan, nabarmentzekoa da bihar bertan, asteazkena, abenduak 3, 19:30etan, Bizkaia Aretoan, euskarazko lehen filma den "Gure Sor Lekua" proiektatuko dela, bere soinu-bandaren musikariekin zuzenean.