UPV/EHUren XIV. Zientzia Asteak bere ateak ireki ditu jarduera ludiko eta dibulgatzaile ugarirekin
Lehenengo argitaratze data: 2014/11/05
-
Azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatuko da AlhóndigaBilbaon, Donostiako Artzain Onaren plazan eta Gasteizko Foru plazan
-
39 stand, 23 tailer, 16 txango, erakusketak, lehiaketak eta zientzia-ikuskizunak eskainiko ditu
UPV/EHUren hamalaugarren Zientzia Asteak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak, gaur inauguratu da AlhóndigaBilbaon, adin guztietako jendearentzat antolatutako jarduera ludiko eta dibulgatzailez beteriko egitarauarekin. Bere helburua, euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea da, gai hauek sorrarazten dituzten errezeloak eta beldurrak eraitsiz. Zientzia Astea azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatuko da aldi berean Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, José Luis Sabas Bilboko Udaleko alkateordeak eta Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketa errektoreordeak.
Edizio honetan, UPV/EHUren Zientzia Astearen eskaintza iazkoa baino zabalagoa da: 39 stand (17 Bizkaian, 11 Donostian eta 11 Vitoria-Gasteizen), 23 tailer (8 Bizkaian, 7 Donostian eta 8 Vitoria-Gasteizen) eta 16 txango (5 Bizkaian, 6 Donostian eta 5 Vitoria-Gasteizen). Tailerretan eta txangoetan parte hartu nahi izanez gero, ezinbestekoa da www.zientzia-astea.org web gunean ematea izena; oraindik plazak eskuragarri daude hainbat jardueratan.
Urte honetan, Euskal Herri osoko 117 ikastetxetatik etorritako 6.000 ikasle inguruk bisitatuko dituzte Zientzia Asteko standak asteazkenetik ostiralera bitartean, taldeetan banatuta.
Adin guztientzako eskaintza erakargarria
Bilbon, azaroaren 5etik 9ra bitartean, asteazkenetik igandera, AlhóndigaBilbaoko atrioan, 17 stand izango dira ikusgai, robotika, burmuinaren funtzionamendua, fisioterapia, ekosistemen osasuna, biologia edo kimika bezalako gaiak hurbilduz, beste askoren artean. Arkeologia, gisa-gorputzaren ikerketa antropometrikoa edota matematiken magiari buruzko tailerrak ere eskainiko dira. Eta ikuskapen astronomikoak, Bilbo hirigunetik txango geologikoak edota itsasadarretik itsasontzi paseoak egiteko aukera ere izango da.
Donostian, azaroaren 6tik 8ra bitartean, ostegunetik larunbatera, karpa bat jarriko da Artzain Onaren plazan. Bertan, jarduera, joko eta erakustaldi ugari burutuko dira robotika, nanoteknologia, energia berriztagarriak, kimika edota surf taulen diseinuan eta sorkuntzan gaur egun ematen ari den berrikuntza bezalako arloekin lotuta. Tailerretan, kuadrikoptero bat gidatu, gure inguruko kutsadura akustikoa neurtu eta sugeek nola ikusten duten deskubritu ahal izango dugu. Eta hainbat txango ere burutuko dira, besteak beste, Urgull-eko aberastasun botanikoan sakontzeko edota Donostiako puntu desberdinetan kokatuta dauden Chillidaren eskulturak hobeto ezagutzeko.
Vitoria-Gasteizen, azaroak 6tik 8ra bitartean, ostegunetik larunbatera bitartean, Foru plazan jarritako karpan, 11 stand jarriko dira, eta bertan, DNA, historiaurrea, biomimetika edota gure bost zentzumenei buruz gauza gehiago ikasteko aukera izango dugu. Gainera, fisika, elikadura, farmakologia, geomatika edota 3D inprimagailuei buruzko tailerrak eskainiko dira. Eta hainbat txango ere egingo dira: upeltegi bat eta eihera bat bisitatzera, Añanako Gatz Haranera, Laudioko Andra Mariara edota Vitoria-Gasteizko kaleek ezkutatzen dituzten sekretu geologikoak ezagutzera.
Zientzia Astearen egitaraua osatuko da zientzia-ikuskizun bat (hiru hiriburuetan ospatuko dira saioak), VI. Argazki Geologikoen Lehiaketa (DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta), Selfien Lehiaketa (mundu guztiari irekita), eta berrogeita hamar pieza tipografikoren bidez zientziari buruzko 50 aipu ospetsu jasotzen dituen "Alfabetatze zientifikoa" erakusketa ibiltariarekin. Erakusketa hau, azaroaren 5etik 9ra bitartean AlhóndigaBilbaon ikusi ahal izango da lehenengoz.
Goirizelaiak adierazi duenez, "Euskal Herriko Unibertsitatea ahalegin handia egiten ari da, dibulgazioaren arloan. Zientzia Astea da dibulgazioaren aldeko ahalegin horren adibide esanguratsuenetariko bat. Zientzia gizartearen eskura, bereziki gazteen eskura jarri behar dugu, eta uste dut neurri handi batean horrelako ekintzekin gerturatzea lortzen dugula".
Informazio gehiago www.zientzia-astea.org web gunean.