euskaraespañol

Sakelako telefonoari etengabe adi egon beharrak gazteak larritzen ditu

Net Children Go Mobile sare europarraren txosten baten arabera, komunikazio pertsonala lehenesten dute sare sozialen gainetik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/03

Irudia

Nerabeek gailu mugikorrak modu zentzugabean eta neurriz kanpo erabiltzen dituztela pentsatzea ohikoa bada ere, Net Children Go Mobile ikerketa-sare europarrak gaur argitaratutako azterlanak erakutsi duenez, gazteak gogaitu egiten dira etengabe konektatuta egon beharragatik, eta sare sozialen gainetik komunikazio pertsonala lehenesten dute. Alemania, Belgika, Danimarka, Espainia, Irlanda, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Errumaniako adingabe, guraso eta irakasleekin egindako elkarrizketa eta eztabaida taldeetan oinarrituz egin da azterlana, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batek ere parte hartu du.

Onerako edo okerrerako izan, gailu eramangarriek, esaterako tablet gailuek edo, batez ere, smartphone telefonoek, adingabeek Interneten bizitako esperientziak indartzeko ahalmena dute. Arau bidez gurasoek eta irakasleek erabilera hori arautu arren, haurrek, oro har, balorazio positiboa egiten dute, gailu horiei esker errazago komunika daitezkeelako, informazioa kontsultatu, eta, oro har, beraien interesak online elikatzeko modu gehiago dituztelako.

Baina erraztasun horrek eragiten ditu, hain justu ere, eragozpenetako batzuk. Horregatik, askok smartphone gailua dutenetik irekiagoak direla uste badute ere, modu berean onartzen dute lagunentzat etengabe libre egon behar izateak gogaitu egiten dituela, jakinarazpen amaigabeen ondorioz arreta galtzen dutela eta saretik kanpoko beste interes batzuen kaltetan teknologiak erabiltzeko tentazioa izaten dutela. Elkarrizketatutako batzuek, halaber, kritikatu egin dute lagunak, denak "elkarrekin" daudenean, bertan ez dauden beste adiskide batzuei mezuak bidaltzen ibiltzen direla, "hori nahi bazenuen hobe zenuen etxean geratu" bezalako esaldiak igorriz. Neurri batean, helduekin alderatuta ez dira horren desberdinak.

Horrez gain, gazteek uste dute gailu mugikor horiek zenbait arrisku indartu ditzaketela, edo arriskuak beste era batera agertzea eragin dezaketela. Baliteke komunikatzeko aukera berrien ondorioz gertatzea, baita erreakzionatu eta erantzuteko azkartasuna areagotzeagatik ere (esan aurretik esan beharrekoa ondo pentsatu gabe). Gailuak txikiak eta eramangarriak izateak "argazki inozoak" ateratzea errazten du, edo gorabehera "deserosoak" grabatzea, eta berehala parteka daitezke esfortzu txiki batekin; batzuetan ondorio negatiboak dituzte berdinen arteko harremanetarako. Adingabeek, halaber, adibide bidez azaldu dute eramangarritasunak erraztu egiten duela lagun baten smartphone gailua hartu eta nortasuna ordeztea, lagunaren kontutik mezu iraingarriak bidaltzeko.

Laburbilduz, gailu mugikorrak iristeak gauza gehiago aintzat hartu beharra dakar, gauza gehiagotatik babestu beharra, gauza gehiago kudeatzea. Adingabeek aipatutako ideia deigarrienetako bat, aplikazioen ezkutuko kostuagatik kexa adierazteaz gain, gailu horiek galdu edo lapurretak pairatzeko kezka agertzea izan da, horren elementu garestiak eramaten ohitu baitira dagoeneko.

Agertoki horren aurrean, Maialen Garmendiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakasleak eta proiektuaren zuzendariak Espainian, adingabeek teknologia horiek erabiltzean ohitura onak sortze aldera gurasoen egitekoa zein garrantzitsua den nabarmendu du: "horrelako gailuak goiz erabiltzen hastea aukera gisa ikusi behar dugu. Adingabe bakoitzak garapen desberdina du, eta pixkanaka horrelako teknologiak erabiltzen hasteak ahalbidetu dezake, guraso gisa, adingabearen heldutasun maila baloratzea, sakelakoa edo tablet gailua erabiltzerakoan; hala, erabilera arauak errealitate zehatz horretara egokitu ditzakegu."

Net Children Go Mobile proiektua

Net Children Go Mobile proiektua Europako Batzordearen Safer Internet Programme programak finantzatzen du, zati batean; helburua Internet sarera sartu eta berau erabiltzeko baldintza aldakorrak metodo kuantitatiboen eta kualitatiboen aldetik aztertzea da, eta baldintza horiek adingabeen segurtasunerako arrisku gehiago, gutxiago, edo arriskuak berriak eragiten dituzten analizatzea. Net Children Go Mobile proiektuak 55 focus group (N=219) eta 107 elkarrizketa (N=108) egin zituen adingabeekin, eta 40 focus group (N=180) eta 44 elkarrizketa (N=50) helduekin, parte hartu duten bederatzi herrialdetan, Alemanian, Belgikan, Danimarkan, Espainian, Irlandan, Italian, Portugalen, Erresuma Batuan eta Errumanian, hain justu ere.