euskaraespañol

Bilboko Udalak eta UPV/EHUk hiriari buruzko azterlan demografiko bat aurkeztu dute

Unai Martín eta Marta Luxan soziologoek biztanleriaren zahartzea eta jaitsiera egiaztatzen duen txostena egin dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/22

UPV/EHUk, Bilboko Udalak eskatuta, 'Bilbo,2030. Bilbo hirirako eta barrutietarako demografia proiekzioak' txostena egin du. Azterlanaren arabera, 2030. urterako Bilbok 322.60 biztanle izango ditu; horrek esan nahi duela 2013. urtetik 27.509 hiritar galduko dituela, alegia %7,9. Gainera, biztanleria zaharragoa izango da. 2030ean, 65 urtetik gorakoak izango dira Bilbon biziko diren ehun pertsonatik 29. Tarteko adineko hiritarrak eta gazteak gutxiago izango dira; hortaz, adin aktiboan izango den populazioaren ordezpen tasa txikitu egingo da. Hala, 2001. urtean lan merkatua uzteko adinean (60-64 urte artean) zeuden 100 pertsonatik 130 pertsona zeuden lan merkatuan sartzeko adinean (20-24 urte); zifra hori 74 pertsonara jaitsi zen 2013. urtean, eta 2022. urtera begira egindako  proiekzioaren arabera, halaber, 54 pertsonara jaitsiko da.

Hauexek dira UPV/EHUko soziologo Unai Martinek eta Marta Luxanek aztertutako udalerriaren tamainaren bilakaerari eta funtsezko ezaugarriei buruzko emaitza nagusiak. Bilboko Udaleko Behategi Ekonomikoarentzat egin dute txostena, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Centre d'Estudis Demogràfics zentroak lankide eta aholkulari gisa jardun du.