Iñigo Roquek irabazi du itzulpengintzako Euskadi saria
Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarraren Gauzen ordena naturala itzultzeagatik jaso du aitortza
Lehenengo argitaratze data: 2014/10/09
Iñigo Roque UPV/EHUko Euskara Zerbitzuko zuzentzaileak jaso du itzulpengintzako Euskadi saria Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarraren A Ordem Natural das Coisas elaberriaren itzulpenagatik, Gauzen ordena naturala. Euskadi sariaren epaimahaiaren hitzetan lan irabazleak ezaugarri hauek ditu: "Jatorrizko testua bihurri halakoa da, erronka handia izan du itzultzaileak eta ederto gainditu du, hartu behar diren arrisku eta libertateak erabiliz". Literatura unibertsala sailean argitaratu dute lana, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanez.
Aipatu bezala, zuzentzaile lanak egiten ditu UPV/EHUren Euskara Zerbitzuan Roquek. "Unibertsitatean, batez ere testu akademikoak zuzentzen ditut, irakasleek berek idatzitakoak nahiz euskarara itzulitakoak", azaldu du. Denbora librea, "gaueko lana", itzulpenak egiteko erabiltzen du, Gauzen ordena naturala ez baita Roquek itzulitako lehen liburua: "Lehendik Fernando Pessoaren antologia bat itzulia nuen, eta geroztik beste lan batzuk eginak ditut: Iolanda Zúñigaren Post-it bizitzak edo Scott Fitzgeralden Plazeraren gau ilunekoak (Garazi Arrularekin batera azken hori), besteak beste".
Ikusten den bezala portugesa ez zaio arrotza Roqueri, Fernando Pessoaren lanak itzulita baititu lehendik ere, baina Gauzen ordena naturalaren testuaren konplexutasuna dela eta beste itzulpen batzuk ere erabili ditu esku artean (gaztelaniazkoa, ingelesezkoa eta frantsesezkoa), "beste itzultzaileek testuko korapiloak nola askatu dituzten ikusteko".
Guztira urtebete eta erdi aritu ondoren, "liburua itzuli, zirriborroa orraztu, beste pasaldi bat eman, beste bat badaezpada ere… ", Euskadi saria bezalako aitortzak eskertzekoak direla onartu du Roquek, "itzultzeak bakarlanetik asko duenez, bultzada goxo bat da aurrera segitzeko".
Eta aurrera begira, baditu hamaika itzulpen proiektu esku artean: "Lanekoez gainera, Sophia de Mello portugesaren antologia bat prest daukat Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaieretarako, eta Kipling-en Errege izateko zen gizona ere bai. Biak, okerrik ezean, datorren urtean plazaratzekoak".