UPV/EHUko ikasleen filmak proiektatuko dira Zinemaldian
Noiz eta non
Noiztik: 2014/09/25 Noiz arte: 2014/12/01, 09:00 - 11:27
Deskribapena
Ostegunean, irailak 25, 09:00etatik aurrera, Kursaalean (Zurriola, 1. Donostia), Lau Haizetara Dokumentalen X. Koprodukzio Foro europarra egingo da, Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioaren baitan. Aurtengo jardunaldiak nabarmentzeko berrikuntza bat dakar: New Talents-Talentu Guneak, esparru profesionala eta ikasleena hurbilduko dituen gunea.
Rocío Martínen Trampantojo. Las Hurdes, un presente y una identidad; Ander Parody-ren Europa 70; Igone Arreitunandiaren Ein Land; eta Javier Prietoren Testimonios, un retrato de la juventud izango dira gune berri horretan ikusi ahal izango diren filmak. Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradukoak eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Unibertsitate Masterrekoak dira lau ikasle horiek.
Lau Haizetara Foroaren eta horren harira antolatu diren jardueren helburu nagusia ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalei topagune bat eskaintzea da, Europako eskualdeetako ekoizleen arteko koprodukzio harremanak sustatzeko. Horretarako, ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko profesional ezagunak bilduko dira.
Egun osoan zehar burutuko den jardunaldi horretan Pitching-saioak (ikus-entzunezko aurkezpen laburrak) izango dira, baita Ove Rishøj Jensen jaunaren (Film Consultant of the European Documentary Network) hitzaldia ere, eta, bukatzeko, arestian aipatutako, New Talents -Talentu Gunearen aurkezpena.
Ikus-entzunezko sortzaileen belaunaldi berriak espezializatu eta garatzeko guneak sortu eta sendotzea oso garrantzitsua da, bai Unibertsitatearentzat, bai IBAIA-rentzat (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), zeina Donostiako Zinemaldiaren harira urtero ospatzen den Lau Haizetara Foroaren antolatzailea den.