euskaraespañol

Jasone Cenoz irakaslea aukeratu dute Eleaniztasuneko Nazioarteko Elkarteko presidente

2011n Espainiako Hizkuntzalaritzako Espainiako Elkartearen ikerketa saria jaso zuen

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/22

Jasone Cenoz

Jasone Cenoz Iragui, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzia Fakultateko Ikerketa eta Diagnostiko Metodoen katedraduna, International Association of Multilingualism-IAM-eko (Eleaniztasuneko Nazioarteko Elkartea) presidente aukeratu dute. Elkartearen helburua da munduko hainbat tokitako ikertzaileen artean teoria, metodologia eta emaitzen ikerketa eta trukea sustatzea.

"International Association of Multilingualism-eko presidente ni aukeratu izana ohore handia da niretzat, bai eta UPV/EHUko 'Donostia Research in Education and Multilingualim (DREAM)' ikertaldearentzat ere, bertako ikertzaile naiz eta. Gainera, erronka handia da beste herrialde batzuetako ikertzaileekin eta zuzendaritza batzordeko kideekin -besteak beste, Jean-Marc Dewaele, Londoneko Unibertsitateko Birkberck Collegeko katedraduna, eta Suzanne Flynn, Boston-eko Massachussets Institute of Technology-ko (MIT) katedraduna, daude bertan- lankidetzan zehazten diren helburuak betetzea", dio Jasone Cenozek. Hurrengo bi urteetarako helburuak hauek dira: eleaniztasunari buruzko ikerketaren garapena sustatzea, batez ere eskola mailan; jatorria Europan duen elkartearen presentzia indartzea Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan, Latinoamerikan eta Txinan; eta tokiko zein estatuko eta nazioarteko beste elkarte eta erakunde batzuekiko erakunde harremanak sendotzea.

Cenoz irakaslearen ikerketa hezkuntza eleaniztunean eta bigarren eta hirugarren hizkuntzen jabetzean datza. Europako eta nazio mailako ikerketa proiektuetan parte hartu du. Artikulu ugari eta zenbait liburu argitaratu ditu, eta bere ikerketako emaitzak nazioarteko biltzar askotan aurkeztu ditu. Europako hainbat unibertsitatetan eman ditu gonbidatu gisa hitzaldiak eta ikastaroak, bai eta Ipar Amerikako batzuetan (Columbia, Graduate Centre CUNY, University of Philadelphia, Temple University, Penn State University, McGill University, Concordia University, Université de Quebec), Asiako batzuetan (Hong Kong University, Chinese University of Hong Kong, Brunei University, Singapore University, HK Institute of Education) eta Australiako batzuetan (University of Melbourne, Univ of Southern Australia) ere. 2011n Espainiako Hizkuntzalaritzako Espainiako Elkartearen ikerketa saria jaso zuen

 

International Association of Multilingualism-IAM
International Association of Multilingualism-IAM-k (Eleaniztasuneko Nazioarteko Elkartea) eleaniztasunarekin lotutako arlo guztietan ikerketan diharduten zientzialariak biltzen ditu, hezkuntza, psikolinguistika, soziolinguistika, hizkuntzaren jabetzea eta hizkuntzalaritza aplikatua barne. Batez ere interes berezia du hiru hizkuntza edo gehiago ikasteari buruzko ikerketan eta elebitasunak hirugarren hizkuntzaren jabetzean duen eraginean.

Elkarte hori Europako Kontseiluko (Graz-en, Austrian) Hizkuntza Modernoen Zentroko Professional Network Forum-en (Sare Profesionalen Foroa) zati da. Eleaniztasuneko Nazioarteko Elkarteak, gainera, hainbat herrialdetako kideak ditu, eta nazioartean ikerketarik berritzaileena zabaltzea sustatzen du, bere biltzarren bidez. Hurrengo ekitaldia 2016. urtean antolatuko da, Vienako Unibertsitatean, Austrian.