euskaraespañol

UPV/EHUko Bilboko IGET-eko taldea Espainiako talderik onena Montmelón ospatutako Formula Student lehiaketan

60 ikaslek eta hiru irakaslek egindako monoplaza energia iraunkortasun handienekoa izan da bere kategoriaren barruan

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/03

El equipo

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko taldeak Montmeló-ko zirkuituan jokatutako FORMULA STUDENT lehiaketako Estatuko talderik onentzat sailkatzea lortu du joan den asteburuan. Eskolako hirurogei ikaslek eta hiru irakaslek diseinatu eta gauzatutako FSB2014 monoplazak Estatuko unibertsitateek aurkeztutako gainerako ibilgailuei nagusitu eta lehen postua lortu du ibilgailu elektrikoen kategoriako energia-iraunkortasunari buruzko sailkapenean.

Guztira, 13 herrialdetako 1.200 ikaslek osatutako 51 talde bildu dira aurten Kataluniako zirkuituan. Silverstonen ez bezala, han kategoria bakarrean lehiatzen baitira ibilgailu guztiak, Montmeló-ko zirkuituan bi kategoria daude: ibilgailu elektrikoak eta konbustiokoak. FSB2014 monoplaza ibilgailu elektrikoen kategorian lehiatu diren 25 ibilgailuetako bat izan da, eta sailkapenaren erdialdean amaitzea lortu du (13. postuan), nahiz eta puntuazioaren arabera 'Efficiency'ko lehen postua lortu duen. Gainera, puntuazio goreneko taldea izan da bi kategorietan lehiatu diren Estatu osoko hamaika taldeen artean, eta laugarren postua lortu du ibilgailuak merkatuko bideragarritasunaren arabera puntuatzen dituen 'Business case' delako sailkapenean.

Bi aste eskas barru, taldea, datorren ikasturtean ekimen honekin bat egingo duten Eskolako ikasleak aukeratzen hasiko da, aurten lortutako emaitza hobetzeko erronka zailari ekiteko asmoz. Ikasturte osoan, automobilgintzaren arloko unibertsitate mailako nazioarteko lehiaketarik ospetsuenean parte hartzeko prestatuko dira. Munduko unibertsitaterik onenen aurka jokatu beharreko norgehiagoka horretan, berealdiko ahalegina egin behar dute monoplaza baten diseinuan, garapenean, eraikuntzan eta gidatzean lortutako trebetasunak erakusteko, maila goreneko bi eszenatoki apartetan: Ingalaterrako Silverstone zirkuitua eta Montmeló.

Hauxe da Formula Student Bizkaia taldeak aurkeztutako hirugarren monoplaza elektrikoa, 2006an lehiaketa honetan parte hartzen hasi zenez geroztik. Ikasle eta irakasleek gogotik lan egin dute, automobilgintzaren etorkizunean giltzarrizkoa izango den teknologia horrek dakartzan erronkak ikertu eta gainditzeko. Horren haritik, bateria sistema propio baten garapena izan da gehien landu duten alderdietako bat, ikasleek diseinatu baitute oso-osorik, fidagarritasuna maximizatu eta, aldi berean, pisua murrizteko asmoz. Horren emaitza, 80 kWeko motor elektriko baten abantailak optimizatu eta lau segundotan gehieneko abiadura hartzea ahalbidetzen duen trakzio-sistema sendoa da da.

Aldi berean, karbono-zuntza bezalako material berrien sarrerak monoplazaren pisu osoa dexente murrizten lagundu du. Material horrekin lan egiten eta osagaiak diseinatzen ikasteko, ingeniaritza, saiakuntza eta ikerkuntza arloko lan-ordu asko egin behar izan dituzte, baina ahalegin horri esker, ibilgailuaren pisu osoa %25 murriztea lortu dute, iaz aurkeztutako monoplazaren aldean. Pisu-murrizketa hau giltzarrizkoa da ezaugarri dinamiko egokiak lortzeko.

"Formula student" edizio berri honetarako Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak garatutako proiektuak, 80.000 eurotako aurrekontua izan du, piezak eta osagarriak erosteko, izen-emate kostuak, monoplazaren garraiorako, etab…. Hori guztia, Formula Student Bizkaia proiektuari eusten dioten babesleen laguntzaz eta lankidetzaz egin ahal izan da. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, UPV/EHU eta AIC-Automotive Intelligence Center, Gestamp, Sener, Brammer eta Vicinay enpresak ditugu babesle horietako batzuk, beste hogeita hamar bat konpainia komertzialekin eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin batera.