UPV/EHUko eskola-ontzia Saltillok ohiko udako itsasaldia hasiko du euskal kostaldetik
Noiz eta non
Noiztik: 2014/08/23 Noiz arte: 2014/09/05, 09:00 - 00:00
Deskribapena
Larunbatean, abuztuak 23, 9:00etan, Santurtziko portutik, Saltillo UPV/EHUko eskola-ontzia irtengo da eta euskal kostaldeko portuetan zehar udan egin ohi duen itsasaldia hasiko du, aurtengo bigarren bidaia, hain zuzen ere. Antzinako belaontzian Mikel Lejarza kapitaina eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko 14 ikasle joango dira. Ikasleek nabigazio praktikak egitea eta gizarteari bela mundua hurbiltzea dira itsas ibilaldia honen helburuak. Bigarren helburu hori betetzeko, ohikoa den bezala, nahi duten guztiek ontzia bisitatu ahal izateko, ateak irekita egongo dira Lekeitio, Donostia, Donibane Lohizune, Hondarribia, Mutriku eta Bermeo portuetan. Baina, aurreko urteak ez bezala, ezin izango da eskola-ontzian nabigatu, bakarrik honen bizkarra erakutsiko dute.
Hauxe izango da bigarren itsasaldiaren egutegi osoa:
- Abuztuak 23 Santurtzi-Lekeitio
- Abuztuak 24 Ate irekiak Lekeition
- Abuztuak 25 Lekeitio - Donostia
- Abuztuak 26 Ate irekiak Donostian
- Abuztuak 27 Donostia - Donibane Lohizune
- Abuztuak 28 Ate irekiak Donibane Lohizunen
- Abuztuak 29 Donibane Lohizune- Hondarribia
- Abuztuak 30 - 31 Ate irekiak Hondarribian
- Irailak 1 Hondarribia - Mutriku
- Irailak 2 Ate irekiak Mutrikun
- Irailak 3 Mutriku - Bermeo
- Irailak 4 Ate irekiak Bermeon
- Irailak 5 Bermeo - Santurtzi
Saltilloren historia
Saltillo 1932an eraiki eta bi urte beranduago erosi zuen Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak. 1946tik 1963ra arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galindezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Eskolari itsasontziaren emaitza egin zion. Zaharberritu ondoren berriro itsasoratu zen 1998an eta gaur egun UPV/EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen da.