euskaraespañol

Eguneko irudia

Enpresek merkatuan arrakasta izateko eta berrikuntza txertatzeko gakoak

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, adimen lehiakorreko sistemak lagungarriak dira enpresen lehiakortasuna hobetzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/05

Irudia
Juan Carlos Aldasoro Alustiza, Soziologian doktore (UPV/EHU).

Ingurunea aztertzeko eta negozio-aukerak hobetzeko prozesu bat da adimen lehiakorra. Horretarako, aldaketa-aztarnak atzematen ditu; joerak, erreakzioak, lehiakideen estrategiak, mehatxu berriak, aukerak... aztertzen ditu, eta, hartara, eguneratuta izaten du, beti, lehiaren eremua. Adimen lehiakorreko sistemek euskal industriako enpresa txiki eta ertainetan zenbateko ezarpen-maila duten aztertu du UPV/EHUren ikerlanak.

Enpresa-alorrean ez du hedapen handirik termino horrek, lantegi gehienetako jardueretan sartzen den arren. Garapen informala eta, askotan, negozioaren lerro estrategikoekin bat ez datorrena eman ohi zaio adimen lehiakorrari enpresa gehienetan. Industria-sektoreko enpresek lehiakideek zer egiten duten jakin nahi izaten dute, edo zer joera dabiltzan merkatuan edo sektorean, mehatxuak aurreikusi eta haiei aurre egiteko neurriak hartzeko, edo haien eragin kaltegarriak saihesteko.

Ikerketa honetan, "hau aztertu dugu: Euskadiko ETEek (enpresa txiki eta ertainak) eta mikroETEek nola ezartzen dituzten adimen lehiakorreko eredu edo sistema propioak ingurutik datozkien desafio eta zailtasunei aurre egiteko", azaldu du Juan Carlos Aldasoro UPV/EHUko Soziologiako doktoreak. Ikerketa egiteko, Euskadin 2008-2011 epean berrikuntza-jardueretarako laguntzak (produktu, prozesu edo komertzializaziorako) jaso dituzten zenbait enpresarekin jarri dira harremanetan, jakiteko zer helbururekin egiten dituzten enpresek adimen lehiakorreko jarduerak, zer etekin lortzen duten, zer informazio bilatzen duten inguruan, zer baliabide erabiltzen duten informazioa bilatzeko, zer teknika baliatzen dituzten informazioa aztertzeko eta kudeatzeko eta, hartara, informazio adimenduna eskuratzeko (hau da, erakundeko estrategiaren edo taktiken premiekin bat datorrena). Aztertu dute, halaber, jarduera horiek enpresako zuzendaritzak gidatzen dituen ala ez, prozeduraren bat ezarri den, eta zer ebaluazio-metodo erabiltzen den txertatutako adimen-jardueren eraginkortasuna balioztatzeko.

Teknika kuantitatiboen bitartez jaso eta aztertu dute ikerketan parte hartu zuten enpresen informazioa, emaitza-txostena egiteko.

Hazten ari den joera
Emaitzek adierazten dutenez, "gero eta joera zabalduagoa da adimen lehiakorreko sistemak ezartzearena", azaldu du Aldasorok. Euskadiko industriako ETEei dagokienez, ordea, "oraindik ere hazkunde-fasean dago garapen- edo heldutasun-maila. Langileen trebakuntzaren aldetik hutsune handia dago gai horrekiko; sistemaren ezarpen formala finkatzeko dago, etab...", adierazi du.

Adimen lehiakorreko jarduerei ekiteko enpresek aipatzen dituzten arrazoien artean daude, bestalde, honako hauek: industria-sektoreko joeren berri izatea, produktu berriak garatzeko aukera, eta plangintza estrategikoko prozesuari laguntzea. Ikerketa horrek adierazten duenez, enpresa txikiek (11 eta 50 langile bitartekoak) ageri dute interesik handiena industria-sektoreko joeren berri jakiteko; horrez gain, enpresa-mota hori da ezarritako taktiken aldekoena.

Bestalde, enpresa askok ez daukate inongo prozedura formalik edo instalaturik horrelako jardueretarako; alegia, ez dituzte plangintza baten arabera egiten. Hala eta guztiz ere, "inkestatutako enpresa gehienetako ordezkariek diote adimen lehiakorreko sistemak lagungarriak direla enpresak lehiakideekiko duen posizioa hobetzeko, eta merkatu berrietara iristen ere lagundu omen diete", dio Aldasorok.

Aztertutako lau enpresatik batek prozedura formal bat ezarri du inguruko faktoreak zaintzeko. Ikerketak ondorioztatzen duenez, horrelako prozedura formal bat izateak ez du zerikusirik ez enpresaren jarduera ekonomikoarekin, ez maila teknologikoarekin, ez langile-kopuruarekin. Alabaina, badago loturarik enpresak bere produktuak saltzen dituen merkatuen ezaugarriekin. Izan ere, nazioartean jarduten diren enpresek ezarpen-maila handiagoa izan ohi dute tokiko merkatuan edo nazionalean aritzen direnek baino.

Emaitzek eta ondorioek, bestalde, beste zenbait galdera dakarzkigute etorkizunean adimen lehiakorreko jarduerak kudeatzeko eremuei buruz.

Egileari buruz:

Juan Carlos Aldasoro Alustiza doktore da Soziologian (UPV/EHU) eta Ikerketan eta Merkatu tekniketan (UOC). "Euskal industriako ETEetako adimen lehiakorreko sistema-ezarpenaren egungo egoeraren eta etorkizuneko iguripenen azterketa" tesia aurkeztu du Donostiako eskola Politeknikoan. Ernesto Cilleruelo Carrasco katedraduna eta María Luisa Cantonnet Jordi irakaslea izan ditu tesi-gidari.

Erreferentzia bibliografikoa

"Analysis of the competitive intelligence activities of small and medium-sized enterprises from the industrial sector". Human Factors and Ergonomics  in Manufacturing & Service industries. DOI: 10.1002/HFM.20582. ISSN: 1090-8471.