Juana Goizueta Vértiz, Zuzenbide Fakultateko dekano berria
Lehenengo argitaratze data: 2014/07/15
Juana Goizueta Vértiz, Konstituzio Zuzenbideko irakasle agregatua, aukeratu dute UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekano izateko. Ibilbide profesionalean, dekano berriak ikerketako hainbat egonaldi egin ditu atzerrian, eta Europako zein Estatuko hainbat ikerketa proiektutan hartu du parte. Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemako talde finkatu bateko kide da (Oinarrizko Eskubideak eta Europar Batasuna), bai eta Europar Batasuneko Integrazio Politiko eta Ekonomikoari buruzko Prestakuntza eta Ikerketa Unitateko kide ere.
Aldizkari espezializatuetan hainbat monografia eta artikulu argitaratu ditu, berak idatziak edo taldean. Hainbat hitzaldi eta komunikazio aurkeztu ditu Estatuko zein nazioarteko biltzarretan. Graduondoko irakasle izan da zenbait masterretan eta doktorego programatan. Idazkaritza akademikoko kide izan da Europako Konstituzioari buruzko Goi mailako Ikastaro Interaktiboan, Europar Batasuneko Immigrazio eta Garapenerako Lankidetza Masterreko zuzendari eta batzorde akademikoko kide izan da (EB-Latinoamerika Harremanen Behatokia), Zuzenbide Publikoko Institutuko kide da (Bartzelonako Unibertsitateko Ikerketako Zentro Berezia), Immigraziorako Itun Soziala izeneko proiektua gauzatzeko xedez Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sortutako Aholku Batzordekoa izan da, Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazio Bazkundeko Arbitraje Gortearen Batzorde Iraunkorreko kide da eta Europako Batzordeko justizia, askatasun eta segurtasunaren arloko aditu independenteen datu basean dago.
Dekano berriak ondoko kideak izango ditu bere taldean: Ana Pérez Machío, Akademia Antolakuntzako eta Irakasleen dekanorde; Ixusko Ordeñana Guezuraga, Atalaren Koordinazioko eta Euskararen eta Eleaniztasunaren arloko dekanorde; Maite Uriarte Ricote, Kalitate eta Berrikuntzako dekanorde; Juan Manuel Velázquez Gardeta, Kanpoko Harremanetako eta Ikasleen dekanorde; Mikel Karrera Egialde, idazkari akademikoa eta praktiketako arduraduna.
Talde honen helburuak dira, besteak beste: klinika juridikoa sortzea, ahalbidetuko duena gizarte gaiekin konprometitutako fakultate arduratsu baten alde egitea; epe ertainean, Zuzenbidea-Kriminologia titulazio bikoitza bultzatzea; Abokatutzarako bide ematen duen masterra sustatzea; espezializaziorako bide berriak aztertzea Zuzenbideko ikasleentzat, Kriminologiakoentzat eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitzeko ikasleentzat; hitzarmenen bidez atzerriko beste unibertsitate batzuekin harremanak sustatzea; eleaniztasunaren aldeko apustu sendoa egitea.