UPV/EHUk Ocean Sampling Day ekimenean parte hartuko du, itsaso guztietako laginen aldibereko bilketan
Noiz eta non
Noiztik: 2014/06/21 Noiz arte: 2014/12/03, 10:00 - 16:09
Kokapena
Plentzia (Bizkaia)
Deskribapena
Plentziako Itsas Estazioak bilduko ditu Kantauri itsasoko laginak
Ekainaren 21ean, larunbata, udako solstizioarekin batera, mundu osoko 150 ikerketa-erakundek baino gehiagok indarrak batuko dituzte, planeta osoko itsasoetan ur-lagin biologikoak biltzeko aldi berean. UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioaren (PiE) ekarpena Armintza parean itsaso zabalean hartutako lagin bat izango da. Ekimen honen bidez, planetako itsas mikroorganismoen aniztasuna aztertu nahi dute, sekuentziazio genomikoko punta-puntako teknikak erabiliz. Inoiz egun bakar batean egindako mikrobio-karakterizazio handiena da, eta, etorkizun hurbilean, mundu osoko itsas datuak gure ozeanoen biodibertsitatea eta funtzio mikrobianoa aztertzeko ikerketekin bateratzeko balioko du.
UPV/EHUko hainbat ikerketa-taldetako ikertzaile batzuk goizeko 10:00etan abiatuko dira Plentziako portutik itsasontzi batean, eta eguerdiko 12:00etan, puntu-puntuan, jasoko dituzte laginak, itsas zabalean. Aldi berean, jendea itsaso garbiaren beharrarekiko sentsibilizatzeko, "Marefondum" urpekari-elkarteko kideek eta UPV/EHUko "Erasmus Mundus Marine Environment and Resources" Nazioarteko Masterreko ikasleek murgilaldi bat egingo dute Plentzia-Gorlizeko badian. Ikertzaileak unibertsitateko itsas estaziora itzulita, bi jarduerak amaitutzat joko dira, eta laginak prozesatzen hasiko dira.