euskaraespañol

UPV/EHUk bost aldiz fondo gehiago jaso ditu EBtik Ikerketarako Programa Markorako

2007-2013 aldian 30 milioi baino gehiago lortu ditu, aldiz, 2000-2006an 6,5 milioi lortu zituen

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/12

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2007 eta 2013 artean 30.391.209 euro lortu ditu finantzaziorako, Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntzarako Zazpigarren Programa Markotik (7PM); 2000. urtetik 2006ra egin zen Seigarren Programa Markoan lortutakoa -6.567.539 euro- baino ia bost aldiz handiagoa da zifra hori.

UPV/EHUk, Europar Proiektuen Bulegoaren bidez, 114 ikerketa proiektutan hartu du parte 7PM indarrean egon den zazpi urteetan (2007-2013). Seigarren Programan (2000-2006), aldiz, 42 europar proiektutan baino ez zuen hartu parte.

Ikerketarako Programa Markoek bi helburu estrategiko izaten dituzte Europar Batasunarentzat; batetik, europar industriaren oinarri zientifikoa eta teknologikoa indartu eta, bestetik, erkidego zientifikoaren nazioarteko lehiakortasuna bultzatu nahiz sektore publikoan nahiz pribatuan. 7PMko partaideak hainbat europar erakundetakoak dira: unibertsitateetako edo ikerketa institutuetako ikerketa taldeetakoak, nazioarteko erakundeetakoak eta enpresa txiki eta ertainetakoak, besteak beste.

UPV/EHUk garatutako proiektu horien ondorioz hainbat patente, argitalpen eta biltzar ditugu. Eta aplikazio zientifikoak merkaturako produktu eta zerbitzu bihurtu dira.

7PM amaitu ondoren, Horizon 2020 izeneko programa markoa jarri da abian 2014ean; ezinbesteko proiektua Europako industria lehiakortasuna eta oinarri zientifikoa eta teknologikoa bermatzeko. Hori guztia Batasunaren nahi batean oinarritzen da: ezagutzan oinarritutako ekonomiaren buru izaten jarraitzeko nahian, hain zuzen ere.

"UPV/EHUko ikerketa taldeek 7PMn lortutako emaitzek adierazten dutenez, gure unibertsitateko ikerketa aplikatuak nazioarteko potentzialitatea eta lehiakortasuna ditu eta Horizon 2020 programan UPV/EHUk kokapen ona lortuko lukeela aurreikusten dute; oso erronka garrantzitsua Unibertsitate honentzat", azaldu zu Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak.

Programa Markoen oinarrizko ezaugarrietako bat da "europar balio erantsia" izan behar dutela, eta kontzeptu hau kofinantzatutako proiektuen nazioz gaindiko izaeran islatzen da, gutxienez Batasuneko hiru herrialdetako osagaiak izan behar baititu. Horren bidez, nazioz gaindiko partzuergoekin Europa osoan lankidetza-ikerketa sustatu nahi da funtsezko alorretan, esaterako, osasunean, elikaduran, informazioaren teknologietan, nanozientzietan, energietan, ingurumenean, garraioan, gizarte zientzietan, europar espazio-programan eta segurtasunean. Bestalde, herrialde desberdinetako ikerketa taldeak biltzea Europako ikerketa arloko zatiketari aurre egiteko modua da. Hori guztia Batasunaren nahi batean oinarritzen da: ezagutzan oinarritutako ekonomiaren buru izaten jarraitzeko nahian, hain zuzen ere.

Horizon 2020
7PMren oinordekoa 80.000 milioi euroko programa handi bat da: Horizon 2020. Programa hau 2014 urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra garatuko da eta EBren oinarrizko ekimenetako bat da, bere helburua Europako industria lehiakortasuna eta oinarri zientifikoa eta teknologikoa bermatze baita. UPV/EHUk motor zientifiko eta teknologikoetako bat izan nahi du, Horizon 2020 programaren esparruan 170 europar proiektu baino gehiagotan parte hartzea aurreikusten du eta horretarako 70 milioi euro inguru jasotzea espero du; horrela, aurreko programan lortutakoa baino %130 gehiago lortuko luke.

Horizon 2020ri buruzko informazio gehiagorako:
http://ec.europa.eu/research/horizon2020/index_en.cfm?pg=home