euskaraespañol

Eguneko irudia

Angel Rubio irakasleak Jaume I.a saria lortu du Oinarrizko Ikerketan

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/03

UPV/EHUko Materialen Fisikako katedradun Ángel Rubiok Jaume I.a saria jaso du, Oinarrizko Ikerketaren arloan, gaur goizean Jaume I.a Sarien Fundazioko presidente Santiago Grisoliak adierazi duenez.

Jaume I.a Sarien 26. edizioa da aurtengoa, 100.000 euro ematen dizkiete sei arloetan saritutakoei, eta Valentziako Generalitateak eta Fundación Valenciana de Estudios Avanzados (FVEA) delakoak sustatzen ditu. Rubiorekin batera, Lina Badimon (Medikuntza-ikerketa), Enrique Sentana (Ekonomia), Pedro Diego Jordano (Ingurumenaren Babesa), Javier García Martínez (Teknologia berriak) eta José Vicente Tomás (Ekintzailea) izan dira sarituak. Epaimahaietan hemeretzi Nobel saridun izan dira.

Ángel Rubio UPV/EHUko Kimika Fakultateko Materialen Fisikako katedradun, NanoBio Espektroskopiako Taldeko zuzendari eta UPV/EHUko Espektroskopia Teorikoaren Europako Azpiegituraren lehendakari da. Gainera, Zientzien Akademia Amerikarrak (NAS) kide atzerritar, Max Planck Sozietatearen Fritz Haber Institutuaren kanpo-zuzendari eta American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundeko kide oso ere bada. NanoBio Espektroskopiako Taldeak UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Joxe Mari Korta zentroan du bere egoitza. Gaur egun 25 ikerlarik osatzen dute taldea, eta horiez gain, Berlingo Max Planck Institutuak gidatzen duen taldeko bost ikerlari gehiago daude. Rubio irakasleak eta bere taldeak egindako ikerketa teorikoei esker, erreferente bihurtu dira munduan, materialek argia bezalako estimuluen aurrean duten portaera ulertzeko edo aurreikusteko eskala nanometrikoko sistemen modelizazioan. Halaber, simulazio-teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegituren edo biomolekulen portaera ezagutzeko.