euskaraespañol

La percepción de discriminación es mayor entre la inmigración más jovenDiskriminazioaren pertzepzioa handiagoa da etorkin gazteen artean

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, diskriminazioari aktiboki aurre egiteak lagundu egiten die etorkinei bizi diren egoera berrira egokitzen

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/26

Etorkin gazteen talde bat Bilbon
Etorkin gazteen talde bat Bilbon

Etorkin gazteek (18-24 urtekoek) aldaketa eta egoera zail askori egin behar izaten diete aurre, eta egoera horrek larritasuna, lotsa, ezegonkortasuna eta gizarte-egoera berrira ez egokitzearen sentipena sortzen dizkie batzuetan. Adinak ez ezik, etorkinen jatorri geografikoak ere badu eragina pertzepzio horretan: Latinoamerikatik etorritako gazteek, adibidez, ongizate psikologiko handiagoa izaten dute Afrikatik -Magrebetik nahiz Saharaz hegoaldeko herrietatik- etorritakoek baino.

Magdalena Bobowik UPV/EHUko Gizarte Psikologiako ikerketa-taldeko kidearen ustez, (talde horrek egin du aipatutako ikerketa), "euskal gizartean ere badago aldea etorkinekiko pertzepzioan. Adibidez, Saharaz hegoaldeko Afrikako etorkinei buruzko iritzia positiboagoa da Magrebekoena baino, eta, oro har, Latinoamerikakoei buruzko iritzia positiboagoa da besteei buruzkoa baino. Errumaniatik datozen etorkinak, berriz, ijitoekin lotzen dira askotan, eta, beraz, nahiko diskriminatuta daude.

Latinoamerikatik datozen gazteek immigrazioari buruzko ikuspegi positiboagoa dute (hizkuntza bera hitz egiteak, erlijio bera izateak… laguntzen dute hesi batzuk gainditzen). Aitzitik, Marokoko eta Saharaz hegoaldeko herrialdeetako gazteek diskriminaziorako arrisku handiagoa dute, eta gehiago eragiten die krisiak (arazoak dituzte lana topatzeko...). Etorkin horiek eta Errumaniatik etorritakoek beren egoeraren eta beren herrikideen egoeraren ikuspegi negatiboagoa dute Latinoamerikatik etorritakoek baino. Generoari dagokionez, "diskriminazioaren pertzepzioan gizonezkoen eta emakumezkoen artean alderik ba ote zegoen ikusteko irizpideak txertatu genituen ikerketan, baina oraindik ez ditugu aztertu", azaldu du ikertzaileak.

Magdalena Bobowikek bere doktore-tesirako egindako ikerketen barnean sartzen da ikerlana, eta prozedura hau erabili zuen horretarako: Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiaren laguntzarekin, datu ugari jaso zituen, ausazko laginketa bidez, 2004, 2007 eta 2010 urteetan (azken urte horretakoa da ikerketa), aurrez aurreko elkarrizketak eginez: "Kontu handiz egin genuen lan -azaldu du ikertzaileak-; toki desberdinetako eta kuota jakin batzuen araberako etorkinak hautatzen genituen elkarrizketatzeko, eta elkarrizketatzaile trebatuek egiten zituzten elkarrizketak… Elkarrizketarako hautagaien etxeak ausaz hautatzen genituen, eta banakako elkarrizketak egiten genituen, anonimoak, estatus-mota guztietako etorkinekin (legeztatuak, legeztatu gabeak…)".

"Konparaketa sozialaren" garrantzia
Guztira, 1.250 etorkin elkarrizketatu zituzten, haietatik 232 18 eta 24 urte bitarteko gazteak, Boliviakoak, Kolonbiakoak, Marokokoak, Errumaniakoak eta Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak. Ikerketaren ondorioen artean, bi nabarmendu ditu egileak: lehen aipatu duguna, alegia, gazte etorkinek diskriminazioaren pertzepzio handiagoa dutela, eta beste bat, baikorragoa: diskriminazio-egoera gainditzeko egindako ahaleginak lagundu dezakeela etorkinen ongizatea babesten eta bizi diren ingurune berrira hobeto egokitzen.

Integrazio-ahalegin hori identitate sozialaren teoriatik abiatuta aztertzen du ikerketak, eta teoria horren ardatzetako bat konparazio sozialeko prozesuen azterketa da, sormen kognitibo ere deitua. Ikerketaren arabera, konparaketa sozial onuragarriak tresna egokia dira etorkin gazteek egoera berriari heltzeko: etorkin horiek lortzen badute immigrazioa ikustea, ez bakarrik zorigaiztoko gertaera gisa, baita hazteko eta trebetasun berriak eskuratzeko aukera gisa ere, ongizate-maila eta zoriontasun handiagoa lor ditzakete.

Etorkizunean, "lanean jarraituko dugu, baina beste ikuspegi batekin: esku-hartze handiagoa egin nahi dugu bertako populazioan, bertako biztanleen eta etorkinen arteko harremana hobetzeko", nabarmendu du Magdalena Bobowikek. Ikertzaileak azaldu duenez, hainbat elkarterekin lan egingo dute (SOS Arrazakeriarekin, adibidez) euskal gizartearen kulturaniztasun-ikuspegia sustatzeko. "Etorkinen aurpegi-espresioari eta espresio horrek haiekiko harremanean duen loturari buruzko ikerketa esperimentaletan parte hartzen ari naiz. Aurreko ikerketetan ez bezala, aztertu nahi dugu ez bakarrik nola sentitzen den etorkina, estigmatizatua, baita ere nola sentitzen den hura estigmatizatu dezakeena", azaldu du ikertzaileak. Aurpegi-espresioak berebiziko garrantzia du enpatia adierazteko edo etorkinekiko enpatia sortzeko, bai eta kontrakoa egiteko ere.

Ikerketa-taldea
UPV/EHUko Psikologia Sozialeko ikerketa-taldeko (Psikologia Sozialeko Ikerketa Talde Finkatua: Kultura, Kognizioa eta Emozioa da taldearen izen osoa) kide Magdalena Bobowik, Nekane Basabe eta Darío Páezek idatzi dute txosten honetako "Identity Management Strategies, Perceived Discrimination, and Well-being among Young Inmigrants in Spain" kapitulua. Ikuspegirekin elkarlanean egindako ikerketaren helburu nagusia zen aztertzea nola egiten dieten aurre etorkin gazteek, heldu izatera iritsi berri direnek, diskriminazioari, eta zer ondorio dituen diskriminazio horri aurre egiteak kolektibo horren ongizatean. Lanak immigrazioaren alderdi positiboak nabarmentzen ditu, sintoma negatiboen gainean indarra jartzen duen ikuspegi tradizionala alde batera utzita. EAEko herri askotan egin zen ikerketa, hiru hiriburuak barne hartuta.

Erreferentzia bibliografikoak
Bobowik, M., Basabe, N., & Páez, D. (2013). "Identity Management Strategies, Perceived Discrimination and Well-being among Young Immigrants in Spain". In R. Dimitrova, M. Bender & F. van de Vijver (Eds.), Global Perspectives on Well-Being in Immigrant Families (213-234 or.). The Netherleands: Springer.

http://link.springer.com/chapter/10.1007/978-1-4614-9129-3_12

Bobowik, M., Basabe, N., Páez, D., Jiménez-Aristizabal, A., & Bilbao, M. A. (2011). Personal Values and Well-Being among Europeans, Spanish Natives and Immigrants to Spain: Does the Culture Matter?. Journal of Happiness Studies 12(3), 401-419. doi: 10.1007/s10902-010-9202-1