euskaraespañol

Eguneko irudia

Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzak eta UPV/EHUk hitzarmena sinatu dute Garraio Sistemen Masterrean elkarlanean aritzeko

Garraioaren Agintaritzak masterreko irakaskuntzan parte hartuko du eta ikasleek praktikak egin ahalko dituzte Agintaritzan

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/28

Irudia

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko eta Nazioarteko Harremanetarako Ikasketa erretoreordeak eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak hitzarmena sinatu dute gaur, eta hitzarmen horretan zehaztutako proiektua abian jarriko da 2013-2014 ikasturte honetan bertan.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenak bi arlotan izango du oinarria. Alde batetik, UPV/EHUkoGarraio Sistemen Masterreko ikasle batzuek ikasketa planetan sartutako curriculum praktikak eta masterraren amaierako proiektua Garraio Agintaritzan egiteko aukera izango dute. Praktika horiek Garraio Agintaritzan bertan egingo dituzte ikasleek eta bertako arduradun bat, masterreko irakasle batekin elkarlanean, izango dute tutore gisa praktikak iraun bitartean. Era horretan ikasleek prestakuntza lortuko dute, prestakuntza akademikoan jasotakoa aplikatuta eta osatuta, eta halaber, etorkizunean lan munduan jarduteko tresnak eta baliabideak emango dizkie.

Bestetik, Garraio Agintaritzak aipatutako helburu horietan lagundu nahi du masterrean bertan zenbait prestakuntza ekintza eskainiz, hala nola, hitzaldiak, mintegiak eta abar.

Bai Gipuzkoako Garraioaren Lurralde-Agintaritzak eta bai Euskal Herriko Unibertsitateak poza azaldu dute hitzarmen honen sinaduragatik, izan ere, ikasleentzat oso onuragarria izango dela uste dute. Nekane Balluerkak agertu duenez "Gure ikasleentzat trebakuntza praktikak eta baita master amaierako lana ere Agintaritzarekin elkarlanean egitea aukera bikaina da, Gipuzkoako garraio sarearen ikuspegi intermodal eta sistemikoa lor baitezakete. Aldi berean, sistema konplexua denez eta informazio asko mugitzen duenez, ingurune ezin egokiagoa da gure ikasle eta ikerlariek sor daitezkeen arazo edo gogoetetan eta haien analisian eta konponbideen bilaketan ekarpena egin dezaten". Bestetik, Larraitz Ugartek azaldu du: "Garraio Agintaritza herrialdeko mugikortasun arloan erakunde nagusia da eta, gainera, garraio sistema oso bat kudeatzen du, beraz, uste dugu Garraio Sistemen masterreko ikasleentzat aukera ezin hobea dela beraien prestakuntza areagotzeko eta ikasitako guztia praktikan jartzeko".