UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek Saturnoko hexagono-formako uhin misteriotsuaren sekretuetako batzuk azaldu dituzte, besteak beste, haren errotazio-aldia, planetarena berarena izan litekeena
Saturnoko hexagonoa: fenomeno harrigarria
Azterlana Geophysical Research Letters aldizkariaren portadan agertu da
Lehenengo argitaratze data: 2014/04/08
Orain dela hogeita hamar urte, lehenengo aldiz ikusi zen planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat Saturnon. Eguzki Sistemaren planetetan ez zen inoiz antzekorik ikusi, geometria oso erregularra baitzuen. Orain Zientzia Planetarioen Taldeak fenomenoa aztertu eta neurtu ahal izan du, eta, beste lorpen batzuen artean, haren errotazio-aldia ezarri ahal izan du. Gainera, aldi hori planetarena berarena izan liteke. Saturno Eguzki Sistemaren barneko planeta bakarra da, errotazioa egiteko zenbat denbora behar duen adierazi ez dena. Ikerketa Geophysical Research Letters aldizkariaren portadan agertu da, eta aldizkariko argitaratzaileak hori nabarmendu du.
1980an eta 1981ean NASAren Voyager 1 eta 2 espazio-ontziek Eguzkitik 1.500 milioi kilometrora dagoen Saturno planetaren gainetik hegan egin zuten lehenengo aldiz. Haien aurkikuntza guztien artean, goialdeko hodeietan planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat ikusi zuten. Hexagonoa ia geldirik zegoen, mugimendurik gabe, zehatz-mehatz ezagutzen ez den planetaren errotazio orokorraren aurrean. Gainera, Voyager ontzien irudiek bistaratu zuten hexagonoaren barnealdetik hodeiak azkar mugitzen zirela, zurrustako korronte estu batean, 400 km/h-tik gorako haizeek mugiarazten zituztela.
Hogeita hamar urte -Saturnorako urtebetea da, hau da, planetak Eguzkiaren inguruan buelta emateko behar duen denbora- beranduago eta ondoz ondoko sei urteetan baino gehiagotan, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek, hainbat herrialdetako astronomoen laguntzarekin, Saturnoko iparraldeko eskualde polarra zehatz-mehatz aztertu ahal izan dute, hexagonoa oraindik bertan dagoela egiaztatuta. Hexagonoaren erpinak zehaztasun handiz neurtu eta gero, haren mugimendua oso egonkorra dela eta, hodeien mugimenduetatik abiatuta, haren barnealdeko zurrustako korronteak aldaezina izaten jarraitzen duela zehaztu dute. Azterlan hori egiteko, ikertzaileek Lurretik 2008 eta 2014 bitartean Calar Altoko (Almeria) Behatokiko teleskopioetan instalatutako PlanetCam (Zientzia Planetarioen Taldeak berak garatutakoa) eta Astralux astronomia kameren bidez, besteak beste, hartutako irudiak erabili dituzte, baita 2004tik Saturnoren inguruan orbitan dagoen Cassini espazio-ontziak egindako bereizmen oso handiko irudiak ere.
Saturno planetaren ardatzak 27º inguruko makurduna duenez, haren atmosfera polarrak urtaroko aldaketa gogorrak ditu: zazpi urtetik gorako gau polar luzeen ondoren, argiztapen aldakorra duen 23 urteko aldi luzea dator. Hala eta guztiz ere, urtaroko aldaketek ez dute inolako eraginik hexagonoan eta haren zurrustako korrontean. Hori dela eta, biak Saturnoren atmosferan sakon sustraitutako uhin zabalaren zati dira. UPV/EHUko ikertzaileek proposatu dute hexagonoa eta haren korrontea "Rossbyren uhina"ren seinalea direla, Lurraren erdiko latitudeetan osatzen direnen antzekoak. Gure planetan zurrustako korronte hori ("jet stream" izenekoa) mendebaldetik ekialdera dabil uhin-mugimenduan, eta eguraldiaren mapetan ikusi ohi dugun ekaitz gogorren eta antizikloien sistemari lotuta dago.
Saturno hidrogenozko planeta gaseosoa da, Lurra baino hamar aldiz handiagoa da, hotza da goialdeko hodeietan, ez dauka azalera tinkorik eta ozeanoa bezain sakona den atmosfera du. Horrela izanda, "espero da zurrustako korrontearen hexagono-formako ondulazio bertikalean hedatzea eta ezkutuko atmosferaren aldeak argitzea" adierazi du Agustín Sánchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. "Hexagonoaren mugimendua Saturnoko sakoneren mugimenduari lotuta egon liteke, eta egitura horren errotazio-aldia, azkenean zehaztu duguna eta 10 ordu, 39 minutu eta 23 segundokoa dena, planetarena berarena izango litzateke", esan du. Saturno Eguzki Sistemaren barneko planeta bakarra da, errotazioa egiteko zenbat denbora behar duen adierazi ez dena.
Zientzia Planetarioen Taldea
UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea Eusko Jaurlaritzako talde finkatuen sistemaren barnean dago, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzaketa du. Andaluziako Astrofisikako Institutua-CSICekin Atal Elkartua osatzen du, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko EspaZio Gela aretoan ematen den Espazioko Zientzia eta Teknologia Masterraren sustatzailea da.
Aipamen bibliografikoa
A. Sánchez-Lavega, T. del Río-Gaztelurrutia, R. Hueso, S. Pérez-Hoyos, E. García-Melendo, A. Antuñano, I. Mendikoa, J. F. Rojas, J. Lillo, D. Barrado-Navascués, J. M. Gomez-Forrellad, C. Go, D. Peach, T. Barry, D. P. Milika, P. Nicholas, and A. Wesley (2014): "The long-term steady motion of Saturn's hexagon and the stability of its enclosed jet stream under seasonal changes", Geophysical Research Letters, 41. liburukia, 1425.-1431. or.