Arte Ederretako ikasleek elikagaien gustua, ukimena eta usaiak marraztuko dituzte
Noiz eta non
Noiztik: 2014/04/02 Noiz arte: 2015/01/22, 13:00 - 13:46
Deskribapena
Asteazkenean, apirilak 2, 13:00etan, Leioako Ostalaritza Eskolako Lukitxene jantokian (Sarriena auzoa z/g, Leioa), UPV/EHUko Arte Ederren Graduko 30 ikaslek "Zentzumenen bazkaria" izenburua duen mintegi-tailerrean parte hartuko dute. Ekimen honen bigarren edizio honetan, "itsu-itsuan" probatuko dituzten hainbat janarik transmititzen dieten gustu, ukimen eta usaimen sentsazioak islatuko dituzte ikasleek marrazkien bitartez. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak eta Leioako Ostalaritza Eskolak elkarlanean antolatu dute mintegi-tailer hau.
Ikasleek sei plater -bi hasierako, haragi bat, arrain bat eta bi postre- probatu beharko dituzte begiak estalita, horrela gustuan, ukimenean eta usaimenean kontzentrazioa areagotuz. Gainera, aurten, nobedade bezala, dastaketa isiltasun osoan burutuko dute, ariketan beste zentzumen berri bat txertatuz, entzumena. Behin janariaren gustua, ukimena, usaimena eta soinua aztertu ondoren, ikasleek paperean islatu beharko dituzte plater horiek eragindako sentsazioak. Eta ariketa bukatuta, elikagai bakoitza honek ikasleengan eragindako sentsazioekin batera ikusi ahal izango da.
Ekimenaren bigarren atalean, ikasleak eztabaidan murgilduko dira gai desberdinetan sakontzeko: gustuaren garapena eta sexukako bereizketa, gogo egoerak eta zaporeen hautemanaren arteko harremanak, hazkundearen aro ezberdinetan -haurtzaroa, nerabezaroa, heldutasuna eta zahartzaroa- zapore horiek nola hautematen diren edo janariaren gaineko kultura eta hezkuntza aurreiritziak…
"Zentzumenen bazkaria" mintegi-tailer hau Arte Ederren Graduko Materialen Laborategia ikasgaiko I. gaiarekin uztartzen da, 'Inpresioa/Sentsazioa/Figura'. Bere kontzeptu eremua, sentsazioa, hautemana, figura eraketa, sintesia eta ukimen, ikusmen edo zentzumenen tasunekin lotzen diren eta, praktikan, bestelako sentsazioen arteko lan dialektikoa suspertzen duten baloreek eratzen dute.