euskaraespañol

Eguneko irudia

Heldu da UPV/EHUra Michelinen Bide Segurtasunerako Gazte Plana

Ostegunera arte, Gipuzkoako Campusean karpak egongo dira ikasleak kontzientziatzeko jarduerak egiteko

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/24

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Michelinek abian jarri dute unibertsitateko ikasleen bide heziketa hobetzeko ekimen hau. Gaur hasita (martxoak 24) eta ostegunera arte (martxoak 27), UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean hainbat karpa egongo dira jarrita, bide segurtasunarekin zerikusia daukaten jarduerak egiteko; haien bidez, gurpil enpresak aholkuak eta oinarrizko informazioak emango dizkie ikasleei arduraz gidatzen laguntzeko.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrieta, eta Michelineko Lasarte-Oriako zuzendaria, Felipe Garcia inaugurazio-ekitaldiaren buru izan dira. Bertan egon dira ere Juan Manuel Velazquez UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Kultur Hedakuntzako zuzendaria, Santiago Nuñez Ertzaintzako Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko burua, Alberto Celaya Donostiako Udaltzaingoko Bide Hezkuntzako arduraduna eta Jone Argoitia Udaltzaingoko Zerbitzu Orokorreko burua.

Karpak Informatika Fakultatearen eta Kimika Fakultatearen arteko aparkalekuan jarrita daude. Bertan jarduera hauek eskainiko dira, besteak beste: gidatze testa, autoa iraultzearen simulagailua, alkohol kontsumoaren simulaziorako betaurrekoak, trivial jokoa, 12 metroko scalextric pistatik gidatzeko aukera eta gailu mugikorretarako jokoak.

Karpak 10etatik 18etara egongo dira zabalik, astelehenetik ostegunera.

Michelinenen ekimen honen bidez bilatzen da gazteek trafiko arauak barneratzea eta errespetatzea, berezko balioak direnen aldetik, eta guztiontzat onuragarri. Ekimena 2013ko azaroan hasi zen eta 2015ean amaituko da, eta unibertsitateetan egiten da. Asmoa da hiru urte hauetan 20.000 gaztek baino gehiagok parte hartzea. Epe horretan kanpaina 20 unibertsitate ikastegitik pasatuko da hainbat jarduera egiteko. Astebete iraungo du kanpainak unibertsitate bakoitzean.

Arduraz gidatzeko aholkuak eta oinarrizko informazioak emango zaizkie ikasleei beren hizkeran. Michelinen Bide Segurtasuneko Gazte Planaren helburua da ikasleak ohartzea abiadurak, alkoholak eta arreta faltak errepidean dakartzaten arriskuez, kontuan hartuta istripuak normalean ez direla gertatzen arauak ez ezagutzeagatik, barneratuta ez izateagatik baizik.

Jardueretan parte hartzen duten ikasle guztien artean 1500 euro zozketatuko dira unibertsitateko matrikula ordaintzeko. Zozketa notarioaren aurrean egingo da apiril edo maiatzaren amaieran, Nafarroako, Oviedoko eta Euskal Herriko unibertsitateetan parte hartu duten ikasleen artean, horko unibertsitateetara eraman baita aurrera ekimen hau.