euskaraespañol

'Comparatismo e interculturalidad entre Bélgica y el País Vasco (1880-1936)' tesia

Kulturartekotasuna ikusarazteak besteei buruz pentsatzera eramaten ditu ikusleak

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego tesi batek Euskal Herriaren eta Belgikaren arteko kulturarteko harremanak izan ditu ikergai, eta historia literarioa kulturartekotasunetik berridaztea aldarrikatu du. Literatura konparatuari buruzko tesi bat da, paradigma berrikoa; berrikuntza nabarmena dakar horrek UPV/EHUko unibertsitate ikerketaren esparruan.

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/19

UPV/EHUko Letren Fakultatean Frederik Verbekek defendatutako 'Comparatismo e interculturalidad entre Bélgica y el País Vasco (1880-1936)' tesiak bikain cum laude emaitza lortu du, epamahai kideek aho batez hala erabakita; presidente gisa aritu den José María Fernándezek (Oviedoko Univertsitatea), María Leire Ruiz de Zarobek eta Rosa de Diegok (UPV/EHU), eta Fernando Cabok eta Antón Figueroak osatu dute epaimahaia (Santiago de Compostelako Unibertsitatea). Ikerketak XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Euskal Herriaren eta Belgikaren artean izandako zenbait elkartruke aztertu ditu; horrez gain, lanak defendatzen duenez, gizarte eleanitz eta 'periferikoen' arteko kulturarteko harremanei buruzko ikerketek ikuspegi berria eman diezaiokete literaturari, eta historiografia literarioan kulturarteko dinamikak gehiago ikusaraztea aldarrikatu du.

UPV/EHUko Frantses Filologia Saileko Jesús Camarero irakasle doktorea eta unibertsitate berean Euskal Literaturan irakasle doktore den Jon Kortazar arduratu dira doktorego tesia zuzentzeaz.

Konparatismoa eta kulturartekotasuna
Nazioarteko literatura azterlanek tarte txikia eskaintzen diete gizarte eleanitzei eta 'periferikoei', eta are gutxiago haien arteko elkartrukeei; tesi honek, ostera, abiapuntu interesgarritzat jotzen ditu. Gaur egungo gizarteak kulturarteko dinamika biziago eta ageriagoak dituen esperientziara eraman gaituen arren, estatu-nazioek tematuta jarraitzen dute kultura nortasun sedentario, homogeneo eta estatikoei eusteko eta horiek instituzionalizatzeko, eta hizkuntza bat, literatura bat eta nazio bat aurretiaz lerrokarazten dituen paradigmak oraindik diskurtso asko markatzen jarraitzen du. Gizarte eleanitz eta 'periferikoek', berriz, paradigma hori hautsi ohi dute, eta gizarte eta kultura ororen konplexutasuna, heterogeneotasuna eta aniztasuna aitortu ohi dute. Bestalde, literatura konparatuko ikerketek batez ere literatura handi menderatzaileen arteko harremanak izan ohi dituzte hizpide edo, batzuetan, 'periferia' baten eta menderatzen duen zentroaren artean, baina arreta askoz gutxiago eskaintzen diete 'periferien' arteko harremanei.

Tesi honek XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Euskal Herriaren eta Belgikaren artean gertatutako kulturarteko dinamikak izan ditu ardatz. Ez da azterlan sakona; aitzitik, kasu zehatz batzuk baino ez ditu ikertu, baina kasu horiek Euskal Herriaren heterogeneotasuna eta aniztasuna ordezkatzen dute eta eragile soziokultural garrantzitsuak izan dituzte protagonistatzat. Hala, 'periferien' arteko kulturarteko harremanen mapa marrazten hasi nahi izan du lanak; ildo beretik, gai nagusitzat kulturartekotasuna izan duen ikerketa batek zenbait obra eta autoreen gaineko ikuspegi berri eta desberdina eskaintzeko balio duela frogatzea izan da lanaren xede nagusia, hain zuzen ere historiografia tradizionalak isilarazi edo ahaztu dituen kulturarteko dimentsiodun obra eta autoreei dagokienez. "Kulturarteko dinamikak bigarren mailan utzi beharrean, tesi honek lehen planora ekarri eta ikerketaren ardatz nagusi bihurtu ditu" azaldu du Frederik Verbekek.

Ikerketan, Miguel de Unamunoren alderdi ezezagun edo gutxi ezagutzen ziren zenbait alderdi argitara eman dira: 'periferia' europarren gaineko interesa, letra nederlandarrekin zuen harremana, Bruselako egonaldia, Belgika eta Herbehereetako eragile soziokulturalekin izandako truke epistolarrak (lehenago argitaratu gabeak), testu arteko harremanak bere literatura obraren eta Belgikako literatura flamenkoaren eta frankofonoaren artean (Maeterlinck, Gezelleà), baita euskal edota espainiar nortasunen eraikuntza diskurtsiboan Teniersen erromerien irudia erabiltzeko modu bitxia ere. Émile Verhaeren poetaren eta Darío de Regoyos pintorearen artean izandako kulturarteko dinamikak aztertu dira, Belgikan izan zenean Regoyosek egindako zenbait obra ezohiko testuinguruan kokatuz; Verhaerenen bidaia oharrak aztertu dira, baita haien loturak bere poesiarekin ere, testuartekoari, itzulpenari eta Espainia beltzaren harrerari dagokienez; horrez gain, Bilboko arte bilerek Verhaerenen beste poesiari buruz zuten interesa ere aztertu da, Aurelio Artetaren muralen eta Ramón de Basterraren poesiaren bitartez. Horri guztiari gehitu behar zaio, besteak beste, Hendrik Conscience euskarara itzuli izana eta horren betekizun bikoitza (euskal nortasuna eraikitzean eta errepertorio literario berria sortzean), baita nortasunen narratiban Flandesi dagozkion erreferentziek eginkizun erabakigarria izan zuten beste adibide batzuk ere.

Kasu zehatzak ez ezik, tesi honek 'periferien' arteko kulturarteko dinamikei buruzko beste hausnarketa orokorrago batzuk ere azaleratu ditu. Hala, esaterako, 'bestearekin' harremanak izan eta kulturarteko dinamika gauzatzeko modu desberdinak bereizi ahal izan dira; halaber, egiaztatu da kulturartekotasunak ez duela nahitaez ekartzen harremanetan dauden kulturek elkar hobeto ezagutzea. Bestalde, bi 'periferien' arteko dinamikaren atzean maiz sare askoz konplexuagoak daudela agerian utzi da. Belgikaren eta Euskal Herriaren arteko zenbait trukek, lehen begiratuan, haien gainetik sistema handiek proiektatzen zuten itzaletik atera nahi zuten bi lurralde 'periferikoen' artekoan zuzenean izandakoak ziruditen. Paradoxa, hain zuzen ere, horixe da, kultura handi menderatzaileetatik bereizi nahi bazuten ere, elkartruke haietako asko kultura handi horien zentroetatik igaroz gertatu zirela, esaterako Paristik.

Testuarteko eta kulturarteko sare konplexuak ikusita, Miguel de Unamuno bezalako autoreek edo Darío de Regoyos moduko artistek, eta beste askok, ez dute merezi esklusiboki historia nazionalean 'giltzapetuta' gelditzea hizkuntza bat, nazio bat eta literatura bat lerrokarazi dituen ikuspegi dezimononikoaren araupean. Horrez gain, eta batez ere, toki nagusia hartu beharko lukete kulturarteko historia batean, etengabe sistema kultural anitzen artean, kulturarteko espazioetan mugitzen diren kulturarteko eragileak protagonista diren historia batean. Kulturartekotasuna ikusaraziz, irakurleak besteei buruz pentsatuko du, beste kultura eta beste lurralde batzuk deskubritu eta loturak ezarriko ditu. Kulturarteko dinamikak ikusaraztea lagungarria izan daiteke elkarrizketa espirituan sakontzeko, gure gizarteak osatzen dituzten sarearteak hobeto ulertzeko, gizarte eta kultura osoaren konplexutasuna eta heterogeneotasuna estimatzeko eta munduko ahots literarioen desberdintasunak ulertzeko, babesteko eta maitatzeko.

Egilea
Frederik Verbeke (Gante, 1975) Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Ganteko Unibertsitatean. Trentoko Unibertsitatean (Italia) ere ikasi zuen, Erasmus beka bati esker. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean doktorego ikastaro bat egin eta gero, Eusko Jaurlaritzak emandako doktorego aurreko beka bat jaso zuen, eta zenbait ikerketa egonaldi egin zituen Lovainako eta Sorbonne (Paris) unibertsitateetan. 2005. eta 2013. urteen artean itzultzaile eta kazetari gisa aritu zen lanean EITBn; eitb.com albisteen atariko bertsio frantsesaren arduraduna izan zen.