Hasi da Kultur Campuseko programazioa
Urtearen lehenengo zati honetan erakusketak eta musika izango dira nagusi Arabako Campuseko kultura jardueren barruan
Lehenengo argitaratze data: 2014/03/07
Dagoeneko hasi dira UPV/EHUko Arabako Campuseko Kultur Campus programaren barruan antolatutako jarduerak. Erakusketek, kontzertuek eta zinemak osatzen dute Arabako Campuseko Errektoreordetzak hiruhileko honetarako prestatutako programa.
Kultur Campuseko programazio berria erakusketa batekin hasiko da, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen tipografia korporatibo berria aurkezteko. Hala, martxoa osoan, Unibertsitate Pabiloian EHU letra-tipoari buruzko erakusketa izango da ikusgai. Tipografia UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Diseinu Grafikoa eta Tipografia ikertzeko taldeak sortu zuen; Eduardo Herrera irakaslea da talde horretako burua. Proiektuak egitura eta espazioari buruz Eduardo Chillidak egindako hausnarketak izan ditu oinarri, eta, dimentsioei dagokienez, estatuan egindako garrantzitsuena eta Europako unibertsitateen munduan bakarra da. Zikloa osatzeko, maiatzean beste erakusketa bat antolatuko da, La historia de Álava a través de los mapas izenburupean.
Hitzordua musikarekin
Unibertsitate Pabilioiak, horrez gain, zenbait kontzertu ere hartuko ditu martxoan eta apirilean. Oraingo honetan, Kultur Campus programako lehen kontzertua Lorelle meets the obsolete taldeak eskainiko du, martxoaren 12an, asteazkena, 19:00etan; Lorena Quintanillak eta Alberto Gonzálezek osatutako bikote mexikarrak hirugarren lana aurkeztuko du, Chambers, shoegazean eta psikodelian errotutako proposamen musikala.
Hurrengo emanaldietan honako hauek izango dira protagonista: martxoaren 26an John Paul Keith, konpositore, abeslari eta gitarrista bikaina, oraingo honetan kantu sorta itzel eta hunkigarriagoarekin datorrena, eta apirilaren 9an Leedseko Eagulls boskotea, duela bi urte sortutakoa; talde honen lehenengo singlea (Council Flat Blues) entzun zuen orori doinua zirraragarri suertatu zitzaion, fuzz desgarbatu, dentso eta epikoz betea baita.
Kultur Campus honen jarduerak osatzeko, ikus-entzunezko zenbait lan proiektatuko dira, hain zuzen ere martxoaren 19an Cannot… Zergatik ez? lana eskainiko da, bi urte eta erdiko neskatoarekin Bangkoketik Zeelanda Berrira bidaiatzeko erronka duen bikotearen istorioa, eta apirilaren 2an, ostera, Loco con Ballesta film laburra, Kepa Sojo zuzendariarena.