euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk ekitaldi instituzional batekin ospatu du Emakumeen Nazioarteko Eguna

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/07

Gaur, ostirala, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Informatika Fakultatean, Donostian, burutu duen ekitaldi instituzional batekin ospatu du Emakumeen Nazioarteko Eguna. "Emakumeak teknologiaren sortzaile eta erabiltzaile" izenburupean Informatika Fakultateko Berdintasunerako Batzordeak antolatu duen ekitaldi honetan, ikasketa feministei edo genero Ikerketei buruzko tesi onenaren I. Micaela Portilla Saria eta master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen II. María Goyri Saria eman diete Estibaliz de Migueli y Bakarne Altonagari, hurrenez hurren.

Estibaliz de Miguel, I. Micaela Portilla Sariaren irabazlea
"Relaciones amorosas de pareja en las trayectorias vitales de las mujeres encarceladas" izenburupean Estibaliz de Miguelek idatzitako tesiak irabazi du ikasketa feministei edo genero Ikerketei buruzko tesi onenaren I. Micaela Portilla Saria. Mikel Arriaga Landeta UPV/EHUko Soziologia II Saileko izan da tesiaren zuzendaria.

De Miguelek adierazi duenez, "tesiak estereotipoetatik eta emakume urratzaileen estigmatizaziotik urrun dauden eredu analitikoak bilatzen dituen kritika feministan oinarritutako epistemologia hartzen du". Ikerketa egiteko, egileak landa-lana egin du Langraiz-Okako espetxean 2008an, parte hartuzko behaketaren bidezko lan etnografikoa eta sakoneko elkarrizketak eginaz espetxeratutako emakumeen bizitza-ibilbidea eta maitasunezko bikote-harremanetan duten itxaropenen inguruko informazioa osatzeko".

 

Bakarne Altonaga, II. María Goyri Sariaren irabazlea
Halaber, master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen II. María Goyri Sariaren irabazlea Bakarne Altonaga, UPV/EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterreko ikaslea, izan da "Mujeres viriles en el siglo XVIII: la construcción de la diferencia sexual en el discurso fuerista de Miguel de Larramendi" izenburudun lanagatik. Altonagaren esanetan, "ikerketa lan honen helburua, 'emakumeak' kategoriaren desnaturalizazioan laguntzea da, feminitatearen ulermen desberdin bat erakutsiz gaur egun dagoenarekin alderatuz eta, historian zehar, emakumea izatea oso era desberdinetan onartu dela nabarmenduz".

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta UPV/EHUk burutu duen ekitaldi instituzionalean parte hartu dute Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, Maite Zelaia Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak, Agustin Arruabarrena Informatika Fakultateko dekanoak, Teresa Nuño Berdintasunerako zuzendariak eta Jasone Astola Berdintasunerako zuzendari ohiak.

UPV/EHUko errektoreak nabarmendu duenez, "agerikoa den ideia bat dago, baina aurreiritzi ugarik haren aurka jarduten jarraitzen dute: ikasketek, eta horiekin batera, ogibideek, izaera neutrala dute, ez dute generorik. Hala da, ez dago diziplina akademikorik eta, ondorioz, ezta jarduera profesional edo ikertzailerik ere, onargarriagoa denik pertsona batzuentzat edo besteentzat beraien sexuaren arabera".

Hitzaldien ostean, bertso trama bat antzeztu da "Bitetik bytera, istoriotik historiara" izenburupean. Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi aritu dira bertsotan eta Aitzol Astigarraga izan da gai-jartzailea. Bertso trama honek etorkizunera eraman ditu ikus-entzuleak, 2021eko martxoaren 8ra hain zuzen, UPV/EHUko emakumezko ikerlari batek, lehenbiziko aldiz, Ada Lovelace nazioarteko sari prestigiotsua irabazi duen egunera.