euskaraespañol

Eguneko irudia

Emakume haurdunen erdia erretzaile pasiboa da, bikotekidearen eraginez batez ere

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/05

Haurtzaroa eta ingurumena aztertzen duen INMA proiektuan parte hartzen du UPV/EHUk, eta ikerketa batek agerian utzi du zenbateraino dauden emakume haurdun ez-erretzaileak tabako-kearen eraginpean

Asturiasko, Gipuzkoako, Sabadellgo eta Valentziako 13 ikerketa-zentrotako ikertzaileek egindako azterketa batean ikusi dutenez, emakume haurdun ez-erretzaileen erdia baino gehiago, % 55, erretzaile pasibo dira. Etxeko kideren batek, eta, bereziki, bikotekideak, etxean erretzen duelako egoten dira emakume horiek tabako-kearen eraginpean maila handienean. Science of the Total Environment aldizkarian argitaratu dute ikerketaren emaitza.

Haurtzaroa eta ingurumena aztertzen dituen INMA proiektuaren barruan, aztertu dute zenbateko esposizioa izan duten tabako-kearekiko Asturiasko, Gipuzkoako, Sabadellgo eta Valentziako emakume haurdun ez-erretzaileek. Haurdunaldiaren hirugarren hiruhilekoko mediku-errebisioan jasotako gernu-laginak eta emakumeei egindako galdera-sortak hartu zituzten oinarri ikertzaileek tabakoarekiko esposizioa ezagutzeko. 1.783 emakume aztertu zituzten, inkestetako emaitzetan eta gernu-analisietan erretzaile izatearen zantzuak zituzten beste 480 emakume kanpoan utzi ondoren.

"Frogatuta dago emakume haurdunak tabako-kearen eraginpean egoteak umekian kalteak eragiten dituela -dio Juanjo Aurrekoetxeak; UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea da Aurrekoetxea, bai eta ikerketako parte-hartzaileetako bat-. Hilaurra gertatzeko arriskua areagotzen du tabako pasiboak. Hala ere, gehien bat umeen garapenean eragiten ditu arazoak, hala nola jaiotzean txikiagoak izan ohi dira eta garapen kognitibo txikiagoa izan ohi dute. Horrez gain, eta hein txikiagoan bada ere, bat-bateko heriotza-tasa handiagoa izaten dute haur horiek, bai eta haurtzaroan minbizia eta arnas aparatuko patologia izateko arrisku handiagoa ere".

Tabakoaren keak umekiari eragiten dion kalteaz jabetuta, edo ingurukoen nahiz medikuen presioak eraginda, emakume erretzaileen % 10ek erretzeari uzten dio haurdun gelditzen denean, baina, hala ere, emakume haurdunen % 22k erretzen jarraitzen du. Horri gehitzen bazaio erretzen ez dutenen % 55 erretzaile pasiboak direla, Aurrekoetxeak azpimarratzen du "mezua ez dela iristen. Osasun-heziketa ezinbestekoa da emakumeak eta, batez ere, umekiak babesteko".

Kotinina, tabakoaren markatzailea
Aztertutako emakumeei egin zieten galdera-sortan, tabakoari-lotuta egon zitezkeen bizi-azturei buruzko galderak egin zizkieten, hala nola zer egoeratan egoten ziren tabako-kearen eraginpean. Galdera horietatik lortutako informazioa osatzeko, hartutako gernu-laginetan kotinina neurtu zuten ikertzaileek. Tabako-kearen osagai kimiko nagusietako bat, nikotina, gorputzean barneratu eta berehala metabolizatzen da gibelean; hortik sortzen den konposatuak, kotininak, ordea, 15-20 ordu irauten du gorputzean. "Nikotina ez da toxikoa gorputzarentzat; menpekotasuna sortzen du, baina ez da bereziki kaltegarria. Dosi handietan ageri denez tabakoan, ordea, adierazle bezala erabili ohi da tabakoaren kontsumoa monitorizatzeko. Hain zuzen, kotinina odolean edo gernuan azaltzen denean, tabakoaren kontsumoa edo esposizio pasibo nabarmena gertatu dela adierazten du", azaldu du Aurrekoetxeak.

Tabako-kearen eraginpean egon zirela onartu zuten emakume ez-erretzaileen % 55ek: %38,5ek aisialdiari lotutako jardueretan egon zirela adierazi zuten, taberna eta jatetxeetan, batez ere, eta % 24,7k esan zuen etxeko kideren bat erretzailea zela.

Etxeko kideek eragindako esposizioa ugariena izan ez bazen ere, gernuan aztertutako kotinina-mailak agerian utzi zuen esposizio-iturri nagusia etxea dela, hori jasan zuten emakumeek agertu baitzuten kotinina-kontzentrazio handiena. "Emakumeen bikoteek etxean erretzen dutenean gertatzen da esposizio handiena", nabarmendu du Aurrekoetxeak. Bikotekidea ez zen etxeko beste kideren batek erretzen zuenean agertu zuten emakumeek bigarren kotinina-mailarik handiena. Horrenbestez, Aurrekoetxeak argi azaldu duenez, "tabako-kearen esposizio-iturri nagusia etxea da. Leku guztietan esaten da tabakoa txarra dela eta esposizio pasiboa ere txarra dela, baina jendeak oraindik ez ditu beharrezko neurriak hartzen ez erretzeko, ez eta haurdunei tabako-kea arnastera ez behartzeko ere".
Azterketa 2004 eta 2008 urteen artean egin zenez, 2006ko erretzea debekatzeko legeak izandako eragina neurtu ahal izan dute azterketan: "Zehazki, % 16 jaitsi zen kotininaren maila aztertutako emakume haurdunetan. Bada zerbait, eta erakusten du halako neurriek eragina dutela", adierazi du Aurrekoetxeak.

Asturiasko, Gipuzkoako, Sabadellgo eta Valentziako emakumeak aztertu zituzten, eta lau eskualdeetako datuak batera tratatu bazituzten ere emaitzak ateratzeko, zenbait desberdintasun eta bitxikeria bereizi zituzten eskualde batzuetatik besteetara. Gipuzkoako emakume haurdunen kasuan, ikusi zuten esposizioa, orokorrean, urriago izan zela; hau da, emakume gutxiago direla erretzaile pasibo. Esposizioa izan zuten emakumeen artean, ordea, batez besteko kotinina-mailarik altuenak neurtu zituzten. "Sorpresa bat izan zen guretzat hori -adierazi du Aurrekoetxeak-. Ez dugu horren arrazoia aztertu, baina uste dugu gure eskualdeko klimaren eta azturen eraginez gertatzen dela".

Informazio osagarria
INMA proiektuaren barruan egin dute ikerketa hau. Haurtzaroa eta ingurumena ditu ardatz proiektuak, eta kutsadurak umeen osasunean duen eragina ikertzeko sortu zen. Ingurumen-kutsatzaile nagusien artean tabakoa sartzen delako egin dute deskribatutako ikerketa. Espainiako 7 eskualdek hartzen dute parte INMAren barruan egiten diren ikerketetan: Dueroko Erribera, Menorca, Granada, Valentzia, Sabadell, Asturias eta Gipuzkoa.

Erreferentzia bibliografikoa
Aurrekoetxea JJ, Murcia M., Rebagliato M., Fernández-Somoano A., Castilla A.M., Guxens M., López M. J., Lertxundi A., Espada M., Tardón A., Ballester F., Santa-Marina L. 2014. Factors associated with second-hand smoke exposure in non-smoking pregnant women in Spain: Self-reported exposure and urinary cotinine levels. Science of the Total Environment, 470-471: 1189-1196.

http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2013.10.110