euskaraespañol

Eguneko irudia

Gazteak online arriskuak saihesten

Otsailak 11, 2014ko Internet Seguruaren Eguna

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/12

Adingabekoek online arriskuez duten pertzepzioa oso ezberdina da helduek dutenetik. Helduentzat gauza bat problematikoa izateak ez du esan nahi umeentzat esperientzia negatiboa edo kaltegarria izan behar denik. Sexu izaerako edukiari dagokionez, nerabeek (neskek nahiz mutilek) iradokitzen dute nesken erantzukizuna dela argazki "sexyak" ez konpartitzea. Horiek dira EU Kids Online europar proiektuaren txosten berriaren ondorioetako batzuk. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu du proiektuan.

2014ko Internet Seguruaren Egunean (otsailaren 11n) argitaratutako lan honetan, ikerleek adierazi dute adingabekoek Interneten aurki ditzaketen arazoak beren garapenarekin zerikusia daukaten ia alderdi guztien ingurukoak direla. Adibidez, beren nortasunaren eta sexualitatearen esplorazioa, eta berdinen arteko harremanak edo harreman erromantikoak, baina baita arazo moral edo etikoak ere. Gurasoek, irakasleek eta zaintzen dituzten gainerako helduek uste dute zenbait eduki edo komunikazio erakustea arriskutsua izan daitekeela adingabeentzat; haiek, ordea, oso modu ezberdinean ikusten dute gaia. Adibidez, argazki sexyak bidaltzea eta iruzkinak jasotzea lausengarria eta "kitzikagarria" izan daiteke. Ordea, honelako argazkiak konpartitzea esperientzia traumatikoa izan daiteke, adibidez, adingabekoek oso iruzkin negatiboak jasotzen dituztenean edo irudi horiek pertsona gehiegirengana iristen direnean.

Ez dago ezberdintasun argirik online esperientzia positibo eta negatiboen artean
Maialen Garmendiak (UPV/EHU) honela azaltzen du: "Online esperientzia positibo eta negatiboen arteko lerroa oso lausoa da. Emaitza egoeraren araberakoa eta adingabekoak Interneten aurki ditzakeen arazoen inguruan daukan kontzientziazioaren araberakoa izan daiteke. Egoera bera modu ezberdinean bizi dezakete ume ezberdinek. Batzuk kontu handiz ibiltzen dira informazio pertsonalarekin, eta beste batzuek uste dute ez zaiela ezer gertatuko, zabaltzen duten informazioa edozein izanik ere".

Ume batek dioenez: "Argazkiak dauzkat nire Facebook profilean, edonork ikus ditzake. Ez dut ezer txarrik jartzen, beraz ez naiz arduratzen" (mutila, 15 urte, Belgika)

Neskek beren sexu argazkien erantzukizuna hartu behar dute
Sexu edukien inguruko egoeretan, adingabekoentzat gogaikarriak direnak, gehienek azaltzen dute Interneten erabilerako mugak ez direla inola ere eraginkorrak honelako edukiak saihesteko. Adingabekoek honelako egoeretatik irteteko edo haietan ez sartzeko gai ikusten dute beren burua. Horretarako zenbait neurri hartzen dituzte: orrialdeetan aurrera egitea eduki desatseginak igaro arte, orrialde horietatik irtetea edo webcamaren aurrean argazkirik ez egitea. Mutilek nahiz neskek esaten dute nesken erantzukizuna izan behar dela sexu edukiko argazkiak bidaltzearen inguruko arazoak ekiditea.

Egoera arazotsurik gehienak sare sozialetan gertatzen dira

Elkarrizketatutako neska eta mutilik gehienek zenbait kezka eta arazo adierazi dituzte, beraientzat online eragozpenak direnak. Zalantzarik gabe, beraientzat arriskurik handienak hauek dira: bullyinga eta sexu jazarpena, pribatutasunaren aurkako abusuak, ezezagunekin gogoz kontrako edo sexu kutsuko kontaktua izatea, eta eduki komertziala. Honelako arazoen ia erdia sare sozialetan gertatzen da, adibidez Facebooken. Horrek erakusten du adingabekoek sareen balizko arriskuak ezagutzen dituztela. Horrek ez du esan nahi arriskuok ekiditeko ezer egiten dutenik. Arriskuen berri jakin arren, ume batzuk ez dira kezkatzen nabigazioak sor ditzakeen arazoengatik.

Lan honetatik ateratako ondorioak 57 focus group-en analisi kualitatibo batetik eta 9 eta 16 urte arteko umeekin egindako 113 elkarrizketa pertsonaletatik atera dira. Guztira, bederatzi herrialdetako 349 adingabekok parte hartu zuten. Azaldu zuten beraientzat zer den problematikoa edo kaltegarria ingurune digitalean, eta nola ekidin beharko luketen hori guztia.

Informazio gehiago:

Ondorio hauen txostena www.eukidsonline.net orrian dago.
Informazio gehiago nahi izanez gero, hitz egin Sonia Livingstone irakaslearekin, s.livingstone@lse.ac.uk  pressoffice@lse.ac.uk, deitu 0207 955 7060 zenbakira edo begiratu www.eukidsonline.net orria.

Kontaktu nazionalak:

Maialen Garmendia: EU Kids Online III ikerketa taldeko zuzendaria, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. maialen.garmendia@ehu.es

Miguel Ángel Casado: EU Kids Online III ikerketa taldeko kidea. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. miguelangel.casado@ehu.es

Estefanía Jiménez: EU Kids Online III ikerketa taldeko kidea. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. estefania.jimenez@ehu.es

Proiektuari eta datuen bilketari buruzko informazioa:

EU Kids Online proiektuarekin, europar umeen eta beren gurasoen Interneten eta teknologia berrien arriskuari eta erabilera seguruari buruzko esperientzien eta praktiken ezagutza hobetzen saiatzen da eta, era berean, adingabekoentzat ingurune seguruago bat sustatzen laguntzen du. Proiektuak Europar Batasunaren Safer Internet Programme delakoak finantzatzen du (SI-2010-TN-4201001).

Ondorio berri hauek ikerketaren fase kualitatibotik datoz (EU Kids Online III), 57 focus group eta 9 eta 16 urte arteko umeekin egindako 113 elkarrizketa pertsonal dauzkatenak. Guztira Europako bederatzi herrialdetako 349 ume eta nerabek parte hartu zuten fase honetan.

Hauek dira datu kualitatiboen analisian parte hartu zuten herrialdeak: Belgika, Espainia, Grezia, Italia, Malta Portugal, Txekiar Errepublika, Erresuma Batua eta Errumania.

Ondorio landuagoak eskainiko ditugu datu kualitatiboei buruzko txostenean. 2014ko apirilerako egitea aurreikusten dugu. EU Kids Online ikerketako datuei buruzko beste txosten batzuk www.eukidsonline.net orrian daude.

Safer Internet Day urtero antolatzen du Insafe-k, teknologia digitalen eta sakelako telefonoen erabilera seguruagoa eta arduratsuagoa sustatzeko helburuz, batez ere mundu osoko ume eta adingabekoen artean. Safer Internet Day 2014ren leloa hau da: "Sor dezagun Internet hobea elkarrekin" http://www.saferinternetday.org/web/guest/home

Photo credit: l'interdit / Foter / CC BY