Gernikako Arbolaren kimu bat landatu da UPV/EHUko Bizkaiko Campusean
Lehenengo argitaratze data: 2014/02/03
Gernikako Arbolaren kimu bat landatu da gaur UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandioko eremuan. Landatze ekitaldia gaur goizean izan da, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko Errektorea eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria buru zirela. Aurrerantzean, beraz, eskuz esku egongo dira euskaldunen ikurrik unibertsalena, Gernikako Arbola, eta Eduardo Chillidak Unibertsitatearentzat diseinatu zuen ikurra, mundura zabaltzen dan fruitu emankorra irudikatzen duen beste zuhaitz bat, hain zuzen.
Gernikako Arbola eta haren sinbologia indartsua zabalduz-zabalduz doa gure artean. Euskal askatasunen eta euskaldunen unibertsaltasun ikur hori dagoeneko hedaturik dago mundu osoan, esaterako Venezuelan, Kolonbian, Argentinan edo Mexikon, baita New Yorkeko "0 Gunean" bertan ere.
Ekitaldian zehar, Ana Madaiaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Luis María Leizaola Lehendakaria gogorarazi du eta hauxe esan du hitzaldian: "Gaur sartu dugun landara honekin, nolabait itxi egiten dugu 1922. urtean hasi zen ibilbidea. Urte haretan, Gernikako Batzar Etxetik hurbil, Gernikako hiribilduan, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresua egiten ari zen. Bertan izan zen Leizaola gaztea euskal unibertsitatearen aldarrikapena egiten Alfonso XIII Erregeren aurrean, Arbola Santuaren ondoan pankarta bat jarrita. Atxilotu eta esku-burdinekin eroan zuten Bilbora. Urte batzuk beranduago, Gerra Zibilean, Agirreren Gobernuko Kultura Sailburua zela, gauzatu zuen aspaldian aldarrikatzen zuen hori, eta Euskal Unibertsiatea abiarazi zuen; ekimen aitzindaria, eskultura horretan gogorarazten dena".
UPV/EHUko errektoreak, bere hitzaldian, euskal unibertsitatearen logotipoak bere baitan gordetzen dituen bi sinboloak gogoratu ditu: zientziaren zuhaitza eta Gernikako Arbola. "Elkarketa sinboliko hori, gainera, unibertsitateko eguneroko errealitatean gauzatzen da: hemen sortzen da ezagutza, eta hemendik zabaltzen da mundura; eta, beti euskal lurrarekin eta kulturarekin dugun konpromisoaren bitartez".
Gernikako Batzar Etxean, Bizkaiko erakunde gorenaren egoitzan, dagoen haretxaren ezkur batetik ernetako landarea da Unibertsitatean sartu den "quercus robur" espezieko hori ere. Gernikako Haretxa euskal askatasunen ikur bizia da. Haren gerizpean antxina-antxinatik egin ohi ziren Bizkaiko herrietako ordezkarien Batzar Nagusiak.
Unibertsitateko Campusean sartu dan zuhaitz gaztearen ondoan plaka bat jarri da eta bertan honako hitz honeek agertzen dira euskeraz, gazteleraz eta ingelesez.
"Bizitzaren Arbola, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikurra, Eduardo Chillida eskultoreak sortu zuen, Iparragirreren olerki batean oinarri hartuta. Ikurrak, mundura zabaltzen den fruitu emankorra irudikatzen du. Gernikako haritzaren altsuma hau, euskal askatasunen sinboloa ere badena, 2014ko otsailaren 3an landatu zuen Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektore jaunak, Campus honetarako sarrera buru izaki, nazioartearekiko bokazioaren lekuko."