euskaraespañol

Eguneko irudia

2013ko azken hiruhilekoari buruzko Euskadi Lan Txostenak enplegua sortu dela adierazi du, laugarren aldiz jarraian

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/31

Txostena hiru hilabeterik behin prestatzen du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaile talde batek, Sara de la Rica irakasleak koordinatuta. IV. Txosten honek bi atal ditu, bata estatikoa, Euskadin lan merkatuaren panorama aurkezten duena, eta bestea dinamikoa, lan trantsizioak aztertzen dituena, hau da, lana galdu eta aurkitu dutenen kopurua aztertzen duena.

Lan merkatuaren panoramika Euskadin
Euskadin lan egiteko prest dagoen populazioak gorakada handia izan du. 2013. urtean, gorakadak ia-ia banaketa berdina izan du langabetu berrien eta lana lortu berri dutenen artean. Lana duen populazioa zahartu dela ikusi dugu; horrez gain, kontratuen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna areagotu egin dira.  Halaber, langabetuek lan bila daramaten denbora ere nabarmen luzatu da.

Lana galdu eta aurkitu dutenen kopurua
Laugarren hiruhilekoz jarraian, lana aurkitu duten pertsonen kopurua lana galdu dutenen kopurua baino handiagoa da EAEn.  Hiruhileko honetan, lanpostu bat lortu eta galdu dutenen arteko aldea 4.000 pertsona baino gehiagokoa da (duela urtebete galera garbia 18.000 pertsona ingurukoa zen).

Lanpostu bat lortu dutenei dagokienez:%59 emakumeak dira, %34 dira 45 urtetik gorakoak, eta soilik %19 dira 25 urtetik beherakoak. Lana lortu berri dutenen artean, heren batek baino gehiagok unibertsitate ikasketak ditu.  Horrez gain, lanpostu bat lortu berri duten horien artean, % 78 zerbitzuen sektorean arituko da. Zerbitzuekin eta merkataritzarekin lotutako enpleguak behera egin du, eta gora egin dute, aldiz, teknikari eta profesionalen lanpostuek. Kontratu mugagabeen kopuruak gora egin du.  Hiruhileko honetako hiru kontratutik bat mugagabea izan da. Lan bila urtebete baino gehiago daramaten eta lana aurkitu duten pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora.

Lanpostua galdu dutenei dagokienez: Lana galdu dutenen artean, gazteen kopurua izugarri handitu da. Lana galdu dutenen artean, unibertsitate ikasketak dituztenen kopurua txikitu egin da. Zerbitzuen sektoreak lana galdu duten pertsona guztien % 69 hartzen du, industriak % 22 eta eraikuntzak % 8. Lana galdu dutenen artean, esku langileen kopurua txikitu egin da. Kaleratutako hamar pertsonatik zazpik aldi baterako lanpostua zuten, eta gainerako hiruek, berriz, mugagabea.