Interpretazioa zerbitzu publikoetan
Jardunaldietan hainbat abokatuk, unibertsitateko irakaslek eta itzulpengintza eta interpretazioaren esparruko profesionalek parte hartuko dute
Lehenengo argitaratze data: 2014/01/29
Datozen urtarrilaren 29 eta 30ean burutuko dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Letren Fakultatean Zerbitzu publikoetako interpretazioari buruzko II. jardunaldiak. Lan jardunaldi bi hauetan zehar, sektorearen egoera eta profesionalen prestakuntza aztertuko dira eta tailerrak irakatsiko dira jardunbide onei buruzko prestakuntza emateko. 2010. urtean Zerbitzu Publikoetako Interpretazioari buruzko I. Jardunaldiak egin zirenetik denbora asko pasatu da eta gauza asko gertatu dira. Zerbitzu publikoetako interpretazioan ere eragina izan dute gauza horiek guztiek eta une honetan aurkitzen dugun egoera hau da: alde batetik, krisi ekonomikoa asko ari da eragiten Administrazioen alor desberdinetako interpretazioan, eta bestetik, Europar Batasunaren 64/2010 Zuzentaraua noiz ezarriko den zain dago sektorea.
Zerbitzu publikoetako interpretazioa esaten zaio Justizia, Polizia, Osasuna eta abar gisako alorretan eskaintzen den interpretazioari, eta elkar ulertzeko beharra duten aldeek adierazten dutena ahoz itzultzean datza, aldeen arteko hizkuntza desberdintasunak gainditzeko. Espainian biztanleen % 12 etorkinak dira. Euskadin % 6,5ekoa da portzentaje hori, baina, gora egiten du nabarmen Bilbo Handian (54.000 biztanle inguru), Arabako Lautadan (25.000) eta Donostialdean (19.000).
Askok interprete baten beharra dute sendagilearekin, euren seme-alaben maisu-maistrarekin, polizia etxean harrera egiten dien funtzionarioarekin, edo, atxilotua izanez gero, galdekatuko dituen poliziarekin komunikatzeko. Baina, zer gertatzen da egiatan? 2008an UPV/EHUko Letren Fakultateak Gasteizen egindako azterketa baten datuen arabera, ondorio hauek atera daitezke, besteak beste:
- Araba da biztanle etorkin gehien dituen euskal probintzia (% 7,3) eta gehiengoa Arabako Errioxan eta Gasteiz hiriburuan bizi da.
- Ikastetxe batzuetan ikasleen % 90 etorkinak dira OHOn eta % 80koa da portzentajea DBHn.
- Zerbitzu guztiak kontuan hartuta, Udaletxean bakarrik eskaintzen da interpretarien poltsa bat (NORABIDE).
- Osasun arloak du egoerarik txarrena eta GKEren baten interpretarien zerbitzuak bakarrik daude.
- Hainbat arlotan, judizialean esate baterako, kritikak jaso ditu Justizian lan egiten duten interpretarien profesionaltasun eskasak.
- Gasteizko zerbitzu publikoetako arduradunak eta langileak bat datoz interpretarien zerbitzuak antolatzeko beharra dagoela azpimarratzean. Halaber, kultur bitartekarien beharra azpimarratzen da.
Azken urteetan aldaketa garrantzitsuak ezagutu dira Europako lege esparruan. Horrela, 2013an amaitu zen EBko kide diren estatuek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 20ko 2010/64/UE Zuzentaraua transposizioz jasotzeko epea. Prozesu penaletan interprete eta itzultzaile baten laguntza edukitzeko eskubideari buruzkoa da aipatutako Zuzentaraua. Espainiako gobernuak ez du Zuzentaraua transposizioz jaso oraindik, baina lanari ekin dio jada.
Bestalde, krisialdi ekonomikoaren eraginez, alor honetan eskaintzen diren zerbitzuak murriztu egin dira, eta, kasu batzuetan, ezin da zerbitzu egoki bat bermatu Poliziarekin eta Justiziarekin izaten diren harremanetan, edo komunikatzeko arazoak gertatzen dira osasunaren alorrean eta abar. Alderdi horiei guztiei buruz hitz egingo da Zerbitzu Publikoetako Interpretazioari buruzko II. Jardunaldietan parte hartuko duten abokatuekin, unibertsitateko irakasleekin eta itzulpengintza eta interpretazioaren esparruko profesionalekin.