euskaraespañol

Eguneko irudia

Haurren marrazkiek adierazten dute izaki bizidunak zer diren ulertzen dutela

"Journal of Biological Education" aldizkarian argitaratutako azterlanak lotura ezarri du haurren heldutasun kontzeptualaren eta marraztearen artean

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/29

UPV/EHUko Bilboko eta Gasteizko Irakasle Eskolako José Domingo Villarroel eta Gillermo Infante irakasleek egindako ikerketaren arabera, haurrek egindako landareen marrazkietan zenbait elementu irudikatzeak (tartean eguzkia, euria edota hodeiak) lotura du haurren kontzeptu garapenaren funtsezko hainbat alderdirekin, izaki bizidunak zuzen kategorizatzeko gaitasunari dagokionez. Bi ikertzaileek egindako ikerketa Journal of Biological Education aldizkariak argitaratu du; aldizkariak 0,269 eragin indizea du, eta Society Biologyk editatzen du.

Villarroelek eta Infantek 4 eta 7 urte arteko 118 haurrek landareen biziari buruz egindako marrazkiak aztertu dituzte. Irakasleek bi proba mota erabili dituzte: batek izaki bizidunen kontzeptuaren ulermen gaitasuna aztertu du; bestea, ostera, marrazketa libreko proba bat izan da. Azterketatik ondorioztatu dutenez, izaki bizidunen gaineko ezagutza zehatzagoa duten haurrek funtsezko elementuak (esaterako eguzkia, euria eta hodeiak) maizago marrazten dituzte, eta ez dituzte soilik dekorazio irudi gisa marrazten.

Horren haritik, ikerketak nabarmendu duenez, eguzkia marrazteak lotura sendoa du izaki bizidunen eta entitate bizigabeen artean zuzen bereiztearekin; hau da, haurrek ez dute landareen marrazkietan eguzkia marrazten estetika hutsagatik, baizik eta badakitelako landareek eguzkiaren argia behar dutela bizirauteko. Euria, hodeiak edota lurra ere modu berean interpretatzen dituzte.

Hortaz, azterketa honek oinarria ezarri du haur txikien marrazkiak aintzat har daitezen lehen haurtzaroan kontzeptu garapena ebaluatzeko baliabide erabilgarri gisa; horrez gain, dirudienez pentsamenduaren eta marrazteko jardueraren artean dagoen lotura azpimarratzen duten proiektuen ildo bera jarraitzen du.

Artikuluaren erreferentzia:

José Domingo Villarroel, Guillermo Infante. Early understanding of the concept of living things: an examination of young children's drawings of plant life Journal of Biological Education. On line argitaratua 2013 Urr 08. Ikusteko DOI: 10.1080/00219266.2013.837406