euskaraespañol

Eguneko irudia

Eskoziako erreferendumaren ondorioak eta bere dimentsio europarra, aztergai jardunaldi batean

Noiz eta non

Noiztik: 2014/01/22 Noiz arte: 2015/01/28, 11:00 - 15:20

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Asteazkenean, urtarrilak 22, 11:00etan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), prentsaurrekoa eskainiko da "The Scottish referendum and the european dimension" izenburua daraman hausnarketarako eta analisirako jardunaldia aurkezteko. Topaketa hau EHUgune-k antolatu du, Unibertsitatearen, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko topaleku eta elkarguneak. Jardunaldia asteazken horretan bertan burutuko da, 16:00etan, Bizkaia Aretoan, eta EHUgune osatzen duten lan-talde desberdinetako 50 ordezkari inguruk parte hartuko dute.

Prentsaurrekoan parte hartuko dute:

  • Joxe Ramon Bengoetxea, EHUgune-ko zuzendaria.
  • Graham Avery, Europako Batzordeko ohorezko zuzendari nagusia eta Oxfordeko Unibertsitateko St. Antony's College-eko irakaslea.
  • John Edward, Europako Legebiltzarraren ordezkari ohia Eskozian eta Scottish Council of Independent Schools zentroko zuzendaria.

"The Scottish referendum and the european dimension" jardunaldian hizlari nagusi bi izango dira. Batetik, Graham Avery Europako Batzordeko ohorezko zuzendari nagusia eta Oxfordeko Unibertsitateko St. Antony's College-eko irakasleak hitzaldia emango du "The EU and independentism: How is Scotland's independence viewed by EU members? What implications for London?" izenburupean; eta, bestetik, John Edward Europako Legebiltzarraren ordezkari ohia Eskozian eta Scottish Council of Independent Schools zentroko zuzendariak "Scenarios for Scotland's referendum: If 'yes', what timetable for independence? If 'no', what prospects for more devolution of powers?" izango du mintzagai.

Graham Avery Europako Batzordeko ohorezko zuzendari nagusia da eta Europaren handitze prozesuari buruzko aditu nagusienetako bat. Gaur egun, Trans European Policy Studies Association erakundeko zuzendaritzako kidea da eta Oxfordeko Unibertsitateko St. Antony's College-eko irakaslea. Graham Avery-k Britainia Handiko gobernuarentzako egin zuen lan Britainia Handia Europar Batasunera atxikitzeko prozesuko negoziatzaile nagusietako bat bezala. Ondoren, Europako Batzordean ere egin zuen lan (1973-2006), Austria, Suedia, Finlandia edo Norvegia bezalako herrialdeen atxikimendu prozesuen negoziazioetan parte hartu zuelarik.

John Edward historialaria da St. Andrews Unibertsitatetik eta Scottish Council of Independent Schools zentroko zuzendaria. Zentro ongile, independente eta hezigarri honek Eskoziako 70 ikastetxe ordezkatzen ditu eta hautaketa, aniztasuna eta bikaintasuna sustatzen du eskoziar hezkuntzan. Aurretik, John Edward-ek Europako Batasuneko Bulego Humanitarioan (ECHO) egin zuen lan eta Europako Legebiltzarraren ordezkaria Eskozian izan zen, laguntza eta aholkularitza emanaz Europako Legebiltzarrari eta honek Britainia Handian daukan Bulegoari Eskozia, Gales eta Ipar Irlandari buruzko gaietan.

EHUgune

Sortu zenetik, 2011ko udazkenean, EHUgune-a Unibertsitatearen, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko topaleku eta elkargune bihurtu da non gizartearentzako garrantzi handia duten gai batzuetaz iritziak eta planteamenduak era unibertsitario batez aztertu, jorratu eta eztabaidatzen diren. Foro honetan, Unibertsitateak ez du gaien inguruan iritzi bakar bat defendatzen, baina bai ordea gaiok jorratzeko eta hausnartzeko modu edo metodologia berezi bat proposatzen du. Hausnarketa sustatzeaz gain, EHUgune-ak beste helburu batzuk ere baditu: zientzia komunitatearen parte hartzea bultzatzea, adituen eta gizartearen iritziak kontrastatzeko gune bat eskaintzea, eta bai emaitzaren zein hausnarketa prozesuaren berri gizarte osoari ematea.

Bere bi urte eta erdietan, EHUgune-ak 30 mintegi edo workshop baino gehiago burutu ditu bere eztabaidak antolatzen dituen hiru esparru nagusietako cluster desberdinen baitan: Agora (indarkeriak Unibertsitatean izan duen inpaktuaz), Krisak (politika, gizartea, ekonomia, mediatiko-informatiboa eta europarra) eta Euskal Herria 2050 (demografia, identitatea eta lurraldeak).