euskaraespañol

Eguneko irudia

Nondik datoz eta nora doaz goi mailako hezkuntzako nazioarteko ikasleak?

UPV/EHUko ikerketa batek goi mailako ikasketen nazioarteko eskaria baldintzatzen duten faktoreen analisi egin du.

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/20

Herrialdeen garapenak lotura zuzena du hezkuntza-sistemarekin. Azken urteotan, adibidez, nabarmena da Indiak edo Txinak egindako hezkuntza-inbertsioek zuzen-zuzenean eragin dutela hango herrialdeen ekonomiaren aurrerakuntzan. Garai bateko Finlandiaren apustuak ere izan du hango ekonomian eragina. Aldiz, mendebaldeko herrialdeetan goi mailako hezkuntza finantzatzera bideratutako funts publikoen kopurua gero eta txikiagoa da. Arrazoi horregatik eta goi mailako ikasketen sektorea gero eta lehiakortasun handiagoko sektorea delako, UPV/EHUko Finantza Ekonomia II saileko Virginia Rincón Diez ikertzaileak goi mailako ikasketen nazioarteko eskaria baldintzatzen duten faktoreen analisia egin du.

Herrialde bateko goi mailako ikasketen nazioarteko eskaria, neurri handi batean, hezkuntzan egindako gastu publikoaren menpe dagoela ondorioztatu du Virginia Rincón Diez ikertzaileak UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesian. "Ikerketan eta garapenean gehien inbertitzen duten herrialdeetako unibertsitateak dira nazioarteko ikasleentzat unibertsitate erakargarrienak" gehitu du ikertzaileak. Horren harira, besteak beste egiaztatu du, Europako iparraldean kokaturik dauden herrialdeak, beste hainbat esparru ekonomiko eta sozialetan bezala, Europako gainontzeko eremuetan kokatutakoak baino erakargarriagoak suertatzen direla nazioarteko ikasleentzat.

Espainiako goi mailako hezkuntzako erakundeetako matrikulazioek nabarmen egin dute behera azken urteotan. Hori dela eta, ikasle atzerritarrek bete dezaketen hutsunea nabaria da. Hala ere, Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, Espainiako unibertsitateek jasotzen duten nazioarteko ikasleen eskaria txikia da oraindik.

Unibertsitateko ikasleen mugikortasunak geroz eta garrantzi handiagoa du. Izan ere, beherapen demografikoa, egungo krisi ekonomikoa, unibertsitate kopuruaren gehikuntza eta abar kontuan hartuz gero, unibertsitate asko eta asko nazioarteko ikasleak erakartzera nolabait behartuta egon dira "bizirauteko". Horrenbestez, "garrantzitsua da eskari hori baldintzatzen duten faktoreak aztertzea eta ikustea unibertsitate edo herrialde baten erakargarritasuna zerk handitzen edo gutxitzen duen" dio Rincónek.

Hezkuntzan inbertsioa, I+Gean inbertsioa, konkurrentzia-maila ...
Lan honetan Unescoren zein Espainiako Hezkuntza Ministerioaren webgunetik hartu dituzte Europako eta Espainiako datuak. Anova teknikaren bidez, faktore ezberdinen arabera, Europako herrialdeen artean goi mailako hezkuntzaren nazioarteko eskarian ezberdintasun esanguratsurik dagoen edo ez aztertu dute. Era berean, Espainiako unibertsitateen artean, hainbat aldagairen arabera, goi mailako ikasketen nazioarteko eskarian diferentzia adierazgarririk dagoen ikertu dute. Kontuan hartu dituzten faktoreak hauek izan dira, besteak beste: herrialdeek hezkuntzan eta ikerketan eta garapenean egindako inbertsioa, unibertsitatearen kokapen geografikoa, unibertsitatea publikoa edo pribatua den, hurbileko ingurunean (autonomia erkidegoan) lehiakiderik baduen edo ez, irakasleen ekoizpen zientifikoa...

Lortutako emaitzen arabera, herrialdeen eremu geografikoak, hezkuntza politikak eta I+G politikak herrialdeen nazioarteko eskarian nabarmen eragiten dute. Arestian aipatu dugun moduan, zehazki, Europako iparraldeko unibertsitate-sistemak erakargarrienak suertatzen dira nazioarteko ikasleentzat. Halaber, hezkuntzan eta ikerketa eta garapenean gehien inbertitzen duten herrialdeak erakargarriagoak dira nazioarteko eskariarentzat. Horrez gain, unibertsitate pribatuak Europako eta Ipar Amerikako ikasleentzat direla bereziki erakargarriak ikusi du ikertzaileak. Bestalde, unibertsitateak hurbileko ingurunean lehiakide gehiago izateak nazioarteko eskarian eragin positiboa duela ondorioztatu du. Ikerketa honen arabera, unibertsitateen kokapen geografikoak ere nazioarteko eskaria baldintzatzen du. Horren harira, adibidez, "Bartzelona edo Madril bezalako hiri handietatik hurbil dauden unibertsitateetan nazioarteko ikasleen proportzioa handiagoa da" adierazi du ikertzaileak.

Halaber, irakasle bakoitzaren ekoizpen zientifikoaren bolumenak ere unibertsitateen erakargarritasun-maila handitzen du. Ekoizpen horien kalitateak nazioarteko ikasleak erakartzeko gaitasunean eraginik ez badu ere, "badirudi nazioarteko ikasleak erakartzeko gakoa ekoizpen zientifikoaren bolumena dela" gehitu du.

Lan honetan Europako eta Espainiako datuak aztertu badira ere, etorkizuneko ikerketa-lerro interesgarri bat Euskal Autonomia Erkidegoko goi mailako ikasketen nazioarteko eskarian sakontzea izango dela aurreratu digu UPV/EHUko ikertzaileak.

Egileari buruz:
Virginia Rincón Diez ikertzailea Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da, eta Merkataritza Ikerkuntzako irakaslea da UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. "Goi mailako ikasketen nazioarteko eskaria baldintzatzen duten faktoreen analisia" izeneko doktore-tesia egin du Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (UPV/EHU). Jon Barrutia Guenaga UPV/EHUko katedraduna izan du zuzendari.