euskaraespañol

Eguneko irudia

Matematikako 50. Olinpiadaren eskualde mailako fasea ospatuko du UPV/EHUk

Noiz eta non

Noiztik: 2014/01/17 Noiz arte: 2015/01/28, 09:30 - 15:51

Kokapena

Zientzia eta Teknologia Fakultatea
Sarriena. -48940- Leioa-Erandio (Bizkaia)

Deskribapena

Ostiralean, urtarrilak 17, 9:30etan, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko hitzaldi aretoan (Sarriena auzoa z/g, Leioa), Matematikako 50. Olinpiadaren lehenengo fasea, eskualde mailakoa, ospatuko da. Matematikako Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak (RSME) antolatzen du, UPV/EHUko Matematika ataleko irakasle talde baten laguntzarekin. Olinpiadako lehen fase honetan 2013-14 ikasturtean Batxilergoan matrikulaturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko 50 bat ikaslek parte hartuko dute.

Fase hau saio bitan banatuta egongo da (bata, 9:30etan hasiko da eta, bestea, 15:00etan) eta frogak euskaraz ala gazteleraz egin ahal izango dituzte parte hartzaileek. Saio bakoitzean hiru problema ebatzi behar izango dituzte goizean eta, gehienez, hiru ordu eta erdi izango dituzte saio bakoitzean hiru problemak ebazteko. Froga hauetan idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin izango dituzte erabili, hau da, kalkulagailuak, aparatu elektronikoak, telefono mugikorrak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta daude.

Espainiako Matematika Elkarteak hiru ikasle sarituko ditu, diploma batekin eta bazkide-ikaslearen urteko kuotaren ordainketarekin. Kuota honi esker, besteak beste, RSMEren "La Gaceta" aldizkaria urte betez jasoko dute.

Gainera, hiru irabazleak bigarren fasera, estatu mailakora, igaroko dira, edizio honetan Requenan (Valentzia) ospatuko dena, martxoaren 27tik 30era bitartean. Bigarren fase horretako lehenengo sei sailkatuek nazioarteko talde olinpikoa osatuko dute Nazioarteko 55. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko, uztailean, Lurmutur Hirian (Hegoafrikako Errepublika). Era berean, sei horiek, irailean Hondurasen ospatuko den Matematikako 29. Olinpiada Iberoamerikarrean ere parte hartzeko hautagaiak ere izango dira.

Ikasturte honetan ere, ohi bezala, UPV/EHU matematikei buruzko tailerrak burutzen ari da (asteazkenero, 17:00etatik 18:30etara bitartean, UPV/EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletan, https://www.ehu.eus/olimpiadamat). Matematiketan interesa duten ikasle guztiek parte hartu dezakete tailer hauetan eta, era berean, olinpiadetarako prestatzeko ere balio dute. Honako hau, urterik urtera sendotzen doan ekimena da, matematikei buruzko zaletasuna konpartitzen duten ikasleen topagunea baita.

Informazio gehigarria