Iraunkortasun Graduaren amaierako lanerako saria
Lehenengo argitaratze data: 2014/01/15
Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako Zuzendaritza Taldeak Iraunkortasun Graduaren amaierako lanerako saria ezartzea erabaki du, ikasleek iraunkortasunaren arloan gauzatzen dituzten ekintza garrantzitsuenak urtero saritzeko. Horretarako, ekimen bat abiarazi du, UPV/EHUn aitzindaria dena eta proiektuetan ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspegiak ondoen gehitzen dituzten graduaren amaierako lanak sarituko dituena.
Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakasleek prestatu duten eta Enpresa iraunkortasunak eta haren diziplina arteko garapenak zeharkako gaitasunak diren aldetik duten garrantziaren hobekuntza izenburua duen Hezkuntza Berritzeko Proiektutik (HBP) ondorioztatutako hobekuntza ekintzetako bat ikasleek iraunkortasunaren arloan gauzatzen dituzten ekimen edo ekintza garrantzitsuenak urtero saritzea zen, enpresaren arloan ere balio horiek sustatu, indartu eta horiekin kontzientziatzeko.
Horregatik, Arabako hiriburuko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako Zuzendaritzak ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspegiak ondoen gehitzen dituzten graduaren amaierako lanak saritzeko ideia abiaraztea erabaki du. Horretarako, iraunkortasun epaimahaia eratuko da, saria eskuratzeko aukera duten graduaren amaierako lanak ebaluatuko dituena, eta lan onenari diploma eta saria emango zaizkio.
Esan bezala, ekimen hori aitzindaria da UPV/EHUn, eta horretara aurkeztu ahalko dira 7, gutxienez, eskuratu duten lanak. Hautatutakoek graduaren amaierako lanaren laburpena prestatu beharko dute, proiektuak iraunkortasunari egindako ekarpena adierazten duena. Epaimahaiak aurkeztutako proiektuen ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspegiak baloratuko ditu banaka zein taldeka. Dena den, epaimahaiak saria hutsik geratu dela adierazi ahalko du, uste badu aurkeztutako lanek ez daukatela behar bezalako kalitatea.