euskaraespañol

Eguneko irudia

Gizonezkoen eta emakumezkoen futbola: fisikoa ala teknika?

UEFA Champions Leagueko partidetako emakumezko eta gizonezko jokalarien errendimenduari buruzko konparazio-azterketa baten arabera, emakumezkoek eta gizonezkoek "nork bere erara" jokatzen du futbolean

Lehenengo argitaratze data: 2014/01/03

Emakumezko eta gizonezko eliteko jokalarien kirol-errendimendua irizpide absolutuak erabiliz konparatzen denean, aldeak nabarmenak dira. Besteak beste, ondorio horretara iritsi dira Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien Fakultateak, Europako beste unibertsitate batzuekin batera, egin duen azterketa batean. Ehun jokalari -emakumezkoak eta gizonezkoak- baino gehiago monitorizatu dira UEFA Champions Leagueko partidetan, ikerketa hori egiteko. Aipatutako ondorioaz gain, ikerketak badu aplikazio praktiko bat epe laburrean, genero bakoitzaren berariazko beharretara egokitzen den prestakuntza fisiko-teknikoari buruzkoa, hain zuzen. Epe luzeko aplikazioetako bat emakumezkoaren gaitasun fisikoa futbolera egokitzeko aukera izan daiteke, beste kirol batzuetan egiten den bezalaxe.

"Ez da ezustekorik izan, emaitza horiek espero genituen", onartu du Julen Castellanok, UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien Fakultateko ikertzaileak, eliteko futbol-partidetako emakumezko eta gizonezko jokalarien errendimenduaren konparazio-azterketa egin duen taldeko kideak. Desberdintasun antropometrikoak eta ezaugarri fisikoek eragiten dute aldea. UEFA Champions Leagueko partidak jokatu zituzten emakumezko eta gizonezko 100 jokalari baino gehiago monitorizatu ondoren, emaitzak bi alderditan laburbildu zituzten. Lehena alderdi fisikoari dagokio: emakumezkoek distantzia total laburragoa egiten dute intentsitate handian, eta partidaren bigarren zatian nekea hautematen da, gizonezkoetan ez bezala. Bigarrena alderdi fisiko-teknikoari dagokio: ez zen alderik egon ez baloia ukitzen zen aldi-kopuruan, ez baloiaren jabe izan ziren denboran, ez eta irabazitako borroka kopuruan ere. Emaitza interesgarriak, zeinak, halarik ere, beste galdera bat mahaigaineratzen baitu.

Azken gogoetak

Konparazioa egiten denean balio absolutuak hartuz gero erreferentzia-irizpide gisa, emakumezkoek egiten duten ahalegina gutxietsi daiteke. Hala, bada, gizonezkoen balioak hartuz gero erreferentzia gisa -horiek direlako bizkorrenak eta erresistenteenak- bi generoak konparatzeko, pentsa daiteke emakumezkoek "ez dutela ematen ahal duten guztia"; baina "ez dugu inolako zalantzarik emakumezkoek ahal duten guztia ematen dutela, eta, uste dugu ezen, xede-populazioari dagozkion balioak erlatibizatuz gero, emaitzak desberdinak izango liratekeela emakumezkoek futbolean jarduteko behar duten eskari fisikoari dagokionez ", esan du Castellanok. Baina gaur-gaurkoz ez dago modurik horrelako azterketak egiteko. Emakumezko jokalari bakoitzaren abiaduraren eta erresistentziaren maximoak eta atalaseak ezagutu beharko lirateke, baina informazio hori 'zorrotz' ezkutuan gordetzen dute taldeek, aurkariei pistarik ez emateko. Horrenbestez, lehen hurbilketa deskribatzaile hori egina izan arren, ikertzen jarraitu behar da beste aldagai batzuk sartuta, lagina handituta eta intentsitate-tarteak aztertu nahi den populazioari egokituta; hala, berdintasunez osatu ahal izango da futbol-partida bat jokatzeko genero bakoitzak behar dituen eskariak konparatzen dituen azterketa.

Nolanahi ere, eta hau da ikerketaren bidez egin daitekeen bigarren gogoeta, Castellanoren iritziz, emakumezkoen futbolak ez du zertan izan "errendimendu handiko gizonezkoen futbolaren ispilu"; helburuak ez du izan behar, beraz, gizonezkoen abiadura, intentsitatea eta ibilitako distantzia lortzea. Ildo horretatik, esan behar da bi generoek kirol-mota berean jokatzen dutela baina bakoitzak bere erara egiten duela.

Bideo-jarraipena

Konparazioa egiteko, bideo-jarraipenaren teknologia erabili da; sistema horrek jokalari bakoitza ezagutzen du bideo-irudian, eta jarraipena egiten dio. Segundoan 25 aldiz, sistemak badaki non dagoen jokalari bakoitza, eta, horrenbestez, ezagutzen ditu x eta y koordenadei t denboran dagozkien aldagaiak, hala nola kokapenak, ibilitako distantziak eta abiadurak. Talde profesionalek gero eta gehiago erabiltzen dute teknologia hori; hain zuzen, Ligak 4 urte daramatza antzeko sistema bat baliatzen: TRACAB. Antzeko sistema batekin, teknologia honek egin zituen lehen urrats haietan emaitza ordura arte ezezagunak lortu ziren Espainiako Ligan: 2002/2003ko ligako txapeldunak, Vicente Del Bosque entrenatzailearen esanetara aritu zen Real Madrid taldeak, ibili zuen distantzia txikiena. Ondoren egindako azterketek sendotu egin dute talde irabazleek aurkariek baino korrika gutxiago egiten dutelako ustea. Zergatik ote da? Futbolean fisikoa ez delako alderdirik garrantzitsuena?

Egileari buruz:

Julen Castellano Jarduera Fisikoan eta Kirol Zientzietan doktorea da (UPV/EHU), eta izen bereko fakultateko irakasle. Azterketa Europako hainbat zentro eta unibertsitatek egin dute lankidetzan. UPV/EHUrekin batera aritu dira Sunderland-eko eta Exeter-eko unibertsitateak (Erresuma Batua); Lyongo Unibertsitatea, Medical Centre Excellence FIFA eta OGC Nice (Frantzia); eta Gotteborg-eko Unibertsitatea.

Erreferentziak

Ikerketa honen emaitzak Human Movement Science-ren onlineko bertsioan argitaratu dira, izenburu honekin: "Gender differences in match performance characteristics of soccer players competing in the UEFA Champions League".

http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0167945713001097