Europako Fisiologia eta Biokimika Konparatuen Sozietateak bere 28. Kongresua ospatuko du Bizkaia Aretoan
Noiz eta non
Noiztik: 2012/09/02 Noiz arte: 2012/09/05, 18:00 - 15:03
Kokapena
Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)
Deskribapena
Igandean, irailak 2, 18:00etan, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), hasiera emango zaio Europako Fisiologia eta Biokimika Konparatuen Sozietatearen 28. Kongresuari. Asteazkenera arte, hilak 5, luzatuko den kongresu honetan, "Inguruko estres anizkoitzen aurrean moldarazpen fisiologikorako zelulen eta molekulen mekanismoak" lelopean, eszenatoki global batean gertatzen diren kutsadura eta klima aldaketa bezalako ingurumeneko aldaketen aurrean fisiologikoki moldatzeko, zelulek eta molekulek abian jartzen dituzten prozesuen ikerketan egon daitezken emaitza berriak aurkeztuko dituzte 20 herrialde desberdinetako 200 aditu inguruk.
Kongresuaren irekiera ekitaldian parte hartuko dute Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, Begoña Ochoa Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendariak eta Miren P. Cajaraville UPV/EHUko katedradun eta Europako Fisiologia eta Biokimika Konparatuen Sozietateko egungo presidenteak.
Hasierako hitzaldiak nazioartean entzutetsuak diren zientzialari bik emango dituzte: George Somero (Stanford Unibertsitatea) eta Hans-Otto Pörtner (Bremerhavengo Alfred Wegener Institutua). Biek hitz egingo dute beroketa globala, hipoxia eta ozeanoen azidotzearen aurreko moldarazpen biokimikoari buruz. Gonbidatutako beste hizlari batzuk honako hauek dira: Charles Tyler (Exeter Unibertsitatea), ingurumenaren kutsatzaile batzuek sexu hormonak mimetizatuz jokatzen dutela deskubritu zuen lehen zientzialarietako bat; Gary Ankley (Estatu Batuetako Ingurumenaren Babeserako Agentzia), kutsatzaileen eta sistema endokrinoaren arteko interakzioan aditua; Bruce Blumberg (Irvine, Kaliforniako Unibertsitatea), gizakietan lipidoen metabolismoarekin lotutako gaixotasunak azaltzeko teoria obesogenikoa proposatu zuena; Doris Au (Hong Kong-eko Unibertsitatea), patologia zelularrean eta estresaren aurreko sistema immunologikoaren erantzunetan aditua eta Hong Kong-en ingurumenaren kalitatearen estandarrak ezartzeko arduraduna; eta Nico M. Van Straalen (Amsterdamgo Unibertsitatea), lurretako hainbat bizidunen genoma aztertuz estresaren aurreko moldarazpen mekanismoak deszifratzen dabilena.
Programa zientifiko erakargarria kongresuak iraungo dituen lau egunetan zehar banatutako hamabi saiotan egituratu da. Gainera, zenbait bilera satelite ere burutuko dira saio paralelo gisa. Eta ostegunean kongresistek Plentziako itsas ingurumenaren ikerketarako zentro berria bisitatzeko aukera ere izango dute. Kongresuak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta hainbat enpresaren finantziazioa dauka.
1978an sortu eta 2007an berritua izan den Europako Fisiologia eta Biokimika Konparatuen Sozietatea Fisiologiaren eta Biokimikaren arlo konparatuetan interesatuta dauden zientzialariei irekita dago, enfasi berezia eginaz prozedura fisiologiko, zelular, biokimiko eta molekularren ingurumeneko faktoreen integrazioan. Sozietatearen azken kongresuak Ravennan (2008), Innsbrucken (2009) eta Alessandrian (2010) burutu dira.