euskaraespañol

12.700 lagunek jakintzaz gozatu dute XVIII. Zientzia Astean

UPV/EHUren hedapen zientifikoko ekitaldi handiena Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egin da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/14

Irudia
Ikasleek, ikertzaileekin batera, zientziaz gozatuz. | Argazkia: Gorka Estrada. UPV/EHU.

XV. Argazki Geologikoen lehiaketa, gero eta parte-hartzaile gehiago erakartzen dituena, ekitaldiaren barruan egin zen. "Stat Wars" tailerra protagonista da ere Zientzia Astean eta UPV/EHUk zientzia-dibulgazioarekin duen hitzordu nagusiari amaiera emango dio.

Oso harrera ona egin diote, beste behin ere, adin guztietako herritarrek UPV/EHUren Zientzia Asteari; azaroaren 8tik 12ra izan da hogeita hirugarren edizioa Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon. 12.700 lagun inguru bertaratu dira Zientzia Astea hartu duten lau egoitzetara, ikastetxeetako eta partikularren bisitak kontuan hartuta: 5.892 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, 2.698 hurbildu dira Bibat Museora eta Ingeniaritza Eskolara, 1.846 Tabakalerara eta beste 2.222 Barakaldoko Clara Campoamor Kultur etxera. Halaber, 4.000 ikasle inguruk gozatu dute Zientzia Asteko txoko zientifikoetara egindako bisitaldiez.

UPV/EHUren Zientzia Astearen edizio honetan 200 doako jarduera inguru antolatu dira. Zehazki, 35 txoko zientifiko egon dira ikusgai, eta beste jarduera asko horrela banaturik: tailerrak (61 guztira), 14 bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak eta lau ikuskizun zientifiko txikienei zuzenduta, bakoitza egoitza batean. Noski, Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa arrakastatsua izan dugu aurten ere, zeina UPV/EHUren Zientzia Astea antolatutako lau hirietan ikusgai egon baita: azaroaren 9an, osteguna, Barakaldon; 10ean, ostiralean, Gasteizen eta 11n, larunbatean, Bilbon eta Donostian.

 

Argazki Lehiaketako sarituak

Argazki Geologikoen XV. Lehiaketaren sari banaketa igandean, hilak 12, izan zen, Bizkaia Aretoko Baroja auditorioan. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzendua, Lehiaketako irabazleek beren bonuez gozatu ahal izango dute artikuluak erosteko ehudendan, UPV/EHUko denda online eta fisikoa, publiko osoarengana eta unibertsitate-komunitatearengana zuzendua beren erosketa partikularrak egin ditzaten.

Hona hemen lan sarituak:

DBH:

  • "Las grietas en la montaña blanca" – 1. postua. Martina Cavadas, IES Jose del Campo, Ampuero
  • Denboraren Aztarnak” – 2. postua. Lucia Pastor, Jesuitas Indautxu, Bilbo
  • Cueva de los verdes” – 3. postua. Naroa Beasain, Jesuitas Indautxu, Bilbo

Batxilergoa:

  • "Geologiaren eszentrikotasuna" – 1. postua. Jare Markaida, Larramendi ikastola, Mungia
  • Haranaren bide magikoa”- 2. postua. Leire Perez, Hernani BHI
  • Arrokak zerua ikutzen” – 3. postua. Iraia Mujika, Hernani BHI

 

Stat Wars: datuen matxinada

Eskola-tailerra eta lehiaketa izanik, azaroaren 22an, asteazkena, izango da Bilboko Bizkaia Aretoko Mitxelena Auditorioan, 10:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua, momentuz 493 ikaslek eman dute izena. Sarien artean hainbat ikasmaterial dago.

Star Wars saga zinematografikoan girotutako formatu berritzaileko dibulgazio-ekimen bat da. Proiektu honen helburu nagusia gaur egun gorantz doan diziplina baterantz eta etorkizun handieneko lanbideetako bat bezala hartzen den Estatistika, Datuen Zientzia edo Big Data-rekiko gazteen interesa handitzea da. Planteamenduan, parte-hartzaileei joko batzuk proposatzen zaizkie, banaka edo taldean parte har dezaten, eta estatistika-tekniken bidez landu daitezkeen arazo errealak ebaztea helburu dutenak.

BIOSTATNETek (Bioestatistikako Sare Nazionala) garatutako proiektua da eta FECYTek (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa) finantzatua.

UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Bibat Museoaren, Bizkaia Aretoaren, Tabakaleraren, Metro Bilbaoren, Euskotrenen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.