euskaraespañol

Gaurko irudia

Bi proteinaren konbinazioak efektu birsortzailea eta neurobabeslea du Parkinson gaixotasunean

UPV/EHUren ikerketaren arabera, bi faktore neurotrofikoren sinergia onuragarria litzateke batez ere gaixotasunaren fase goiztiarrean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/02

Catalina Requejo

Parkinson gaixotasuna bigarren patologia neurodegeneratibo arruntena da gaur egun. Egungo terapiak ordeztaileak dira nagusiki, eta arazoak dituzte epe luzera. Beraz, erronka nagusia da diagnostiko goiztiar bat egitea eta terapia neurobabesleak eta neurobirsortzaileak sortzea, gaixotasunaren sintomak geldotzeko eta baita lehengoratzeko ere. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko LaNCE taldeak egin dituen lanetan –Catalina Requejoren doktorego tesiaren barnean eta fakultate horretako Neurofarmakologia taldearen eta Farmazia Fakultateko NanoBiocel taldearen partaidetzaz–, bi faktore neurotrofikoren efektu birsortzailea eta neurobabeslea egiaztatu da, era konbinatuan aplikatzen direnean.

Parkinsona mugimenduaren nahasmendu bat da, garunaren substantzia beltzean neurona dopaminergikoak galtzen direnean sortzen dena. Neurona horiek dopamina sortzen duten nerbio zelulak dira. Dopamina neurotransmisore bat da, eginkizun oso garrantzitsua duena nahi gabeko mugimenduen modulazioan.

UPV/EHUn eginiko ikerketan, eredu esperimental bat erabili zen, Parkinsonaren fase desberdinak erreproduzitzeko aukera ematen duena. Emaitzetan ikusi zenez, gaitzak eragindako aldaketak ez ziren homogeneoak garunean erasandako eskualdeetan. “Erasana bat dator neurona dopaminergikoen eta haien terminalen banaketa anatomiko espezifikoarekin", adierazi du Catalina Requejo ikertzaileak. Hau da, erasana txikiagoa zen substantzia beltzaren zona jakin batzuetan; zehazki, neurona dopaminergikoek osorik dirauten eremuekin konexio gehiago dituzten zonetan.

Egiaztatu zenean eredu esperimentalak gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio zuela, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu ziren. Faktore horiek proteinak dira, zelulen hazkundea, plastikotasuna eta biziraupena errazten dutenak, eta funtsezko eginkizuna dute neurona funtzioaren erregulazioan.

Hori horrela, bi faktore aplikatu ziren: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Molekula hauek mikroesferetan edo nanoesferetan sartu ziren –aurrekoak baino are txikiagoak–, polimero biobateragarri eta biodegradagarri batenak hain zuzen (hala nola azido poli-laktiko-ko-glikolikoa –PLAG-), pixkana-pixkana baina etenik gabe askatuz joateko. Gainera, faktoreak era konbinatuan erabili ziren, batera efektu sinergikorik ba ote zuten jakiteko.

Bai ereduaren fase goiztiarrean bai fase larrian, emaitzak itxaropentsuak izan ziren. VEGFren eta GDNFren konbinazioak, substantzia beltzeko neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murriztu ez ezik, bultzada eman zion zelula berrien eraketari eta zelula diferentziazioari. Halaber, ikusi zen hobekuntza bat gertatzen zela eskualde honetako nerbio zuntzak proiektatzen ziren eremuetan. Bi faktoreen efektu sinergikoa eta neurobirsortzailea berresteko, aztertzen ari ziren bi faktore neurotrofikoen hartzaileak inhibitzen dituen molekula bat erabili zen. “Ondorioak are okerragoak ziren sistema dopaminergikoan, eta horrek sendotu egiten ditu VEGFk eta GDNFk Parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak”, ondorioztatu du ikertzaileak.

Azkenik, nabarmentzekoa da noiz lortu ziren emaitzarik onenak: hots, faktoreak nanoesferen barruan ereduak erreplikatutako gaixotasunaren fase goiztiarrean eman zirenean. Horrek guztiak agerian uzten du diagnostiko goiztiarrak duen garrantzia, eta ikertzaileak erantsi duenez, “nanoteknologia oso tresna egokia izan daiteke faktore neurotrofikoak administratzeko orduan”.

Informazio osagarria

Lan hauek Catalina Requejoren doktorego tesiaren emaitza dira, eta Molecular Neurobiology aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu dituzte. Biologia lizentziaduna UPV/EHUn, nazioarteko aipamena duen doktoregoa egin zuen Neurozientzien alorrean. 2015ean amaitu zuen, Cum Laude kalifikazioa lortuta. José Vicentek zuzendutako doktorego tesian, Parkinson eredu esperimental batek dituen aldaketen analisi morfo-funtzionala egin zuen, eta faktore neurotrofikoek eredu horretan zituen ondorioak ere aztertu zituen. Bostongo Harvard Medical School-en 3 hilabeteko doktorego aurreko egonaldi bat egin ondoren, bi urteko doktorego ondoko beka bat jaso du, New Yorkeko Mount Sinai ospitalean aritzeko, non aztergai izango dituen sinukleina degradaziorako autofagiaren aktibazioan parte hartzen duten molekula eta zelula mekanismoak.

Erreferentzia bibliografikoa