Europar Batasunak finantzatutako Europlanet 2024 Research Infrastructure (RI) proiektuan parte hartzen ari da UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea. Proiektuaren partzuergoko kide diren erakundeek sarbide irekia eskainiko dute planeta-simulazioko laborategietarako, teleskopio astronomikoetarako eta ikerketa-azpiegituretarako; izan ere, zientzia planetarioek alderdi guztietan aurrera egitea bultzatzea dute helburu.
UPV/EHUk zientzia planetarioak bultzatzeko Europako proiektu batean parte hartzen du
Astronomo amateurren eta profesionalen arteko elkarlana eta ikerketa bultzatzea helburu du Europar Batasunak 10 milioi euroz finantzatutako egitasmoak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/02/25
UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea Europlanet 2024 Research Infrastructure (RI) proiektuko kide da. Proiektua berriki jarri da martxan, eta 10 milioi euroko aurrekontua du; halaber, lotura estua du Europlanet Society elkartearekin —orain dela gutxi sortutako zientzia-elkarte bat—, zeinak antolatuko baititu proiektuan egingo diren jardueretako batzuk. Munduko simulazioko eta analisi planetarioko instalazio-bilduma handienerako sarbide irekia eskainiko du proiektuak, baita mundu mailako teleskopio ertainen, datu-zerbitzuen eta Eguzki Sistema aztertzen diharduten zientzialariei laguntzeko jardueren sare baterako sarbidea ere. Europlanet 2024 RI proiektuaren helburua da zientzia planetarioetako parte-hartzea handitzea eta ikerketa planetarioetan dabilen komunitatearen erronka zientifiko eta teknologiko nagusiei aurre egiteko behar den azpiegitura eskaintzea.
Europar Batasuneko Horizon 2020 programak finantzatu du proiektua, eta lau urteko iraupena izango du, 2020ko otsailetik 2024ko urtarrilera arte. Kent-eko Unibertsitatea (Erresuma Batua) da Europlanet 2024 RI partzuergoaren buru, eta Europako eta mundu osoko 21 herrialdetako 53 erakunde onuradun ditu, baita beste 44 bazkide afiliatu ere.
"Proiektuak aldaketa nabarmena ekarri du Europlaneten asmoetan; izan ere, bazkide-kopurua % 60 handitu da, eta Afrikara eta, lehen aldiz, Asiara zabaldu dugu lankidetza", dio Nigel Mason irakasleak, Europlanet 2024 RIko koordinatzaile eta Europlanet elkarteko lehendakariak. "Proiektuak Europlaneten baliabideak aprobetxatuko ditu (2018an jarri zen abian elkarte zientifikoa), proiektuaren jarduerak eta emaitzak zabaltzeko eta askotariko erabiltzaile-komunitate bat garatzeko".
Europlanet 2024 RIk doako 'sarbide transnazionala' emango dio zientzia planetarioen komunitateari, Europako 24 laborategi eta landa-lanetan aritzeko munduko bost instalazio erabiltzeko. Halaber, Europako teleskopio astronomikoen sare zabal baterako sarbidea eskainiko du. Astronomia-zaleek eta profesionalek eskura izango dute sare hori lankidetzan aritzeko, eta objektu astronomiko askoren behaketa koordinatuak egiteko.
VU Amsterdamgo Gareth Davies irakasleak sarbide transnazionalaren programa zuzentzen du, eta honako hau adierazi du: "Europlanet 2024 RIk instalazio eta laborategien bilduma paregabea sortu du, planeta-inguruneak simulatu eta aztertzeko. Hurrengo hamarkadako planeta-misioek askotariko aztergaiak izango dituzte gure Eguzki Sisteman eta beste izar batzuetako sistemetan. Espazio-ontziek bidalitako datuak hobeto ulertzen eta etorkizuneko misioak planifikatzen lagundu diezaguketen instalazio-multzoa aukeratu du Europlanet 2024 RIk".
Europlanet 2024 RIk eskaintzen dituen bost instalazioak oso sakabanatuta daude, Afrikatik Zirkulu Artikoraino: iraganeko eta oraingo planeta-inguruneetako zenbait elementuren analogo lurtarrak dira, hala nola Jupiterreko Europa eta Ganimedes ilargietako ingurune izoztuen analogoak, Artizarreko eskualde geotermiko aktiboen analogoak edo Jupiterreko Io ilargiarenak. Antzinako Marteren analogoak ere badaude, bai eta Ilargiko edo Marteko laba-tunelen analogoak ere, zeinak etorkizunean gizakion habitat izan bailitezke.
Hamaika laborategik eskainiko dituzte Lurrean ez dauden atmosfera- eta lurrazal-inguruneak simulatzeko instalazioak: hasi Merkurioko eta Artizarreko azaleko kondizio kiskalgarrietatik eta Marteko presio txikiko hauts-ekaitzetaraino, edo Uranoko, Neptunoko eta kometetako muturreko hotzeraino. Halaber, hauts- eta partikula-azeleragailuak ere egongo dira erabiltzaileen eskura, espazioko mikroinpaktuen efektuak eta irradiazioa aztertzeko. Beste 13 instalaziotan, planetetako laginen konposizioa zehaztasun handiz aztertzeko baliabideak egongo dira, teknika ez-suntsitzaileen bitartez, baita Lurrean kondizio gogorretan bizi diren mikrobio-komunitateak detektatu eta sekuentziatzeko baliabideak ere.
“Gu, batez ere, eguzki-sistema aztertzeko astronomo amateurren eta profesionalen arteko lankidetzez arduratuko gara proiektuan”, zehaztu du UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaile eta Europlanet elkarteko zuzendaritza-batzordeko kide den Ricardo Huesok. Horretarako, “gure unibertsitateak onlineko zerbitzuak eskainiko ditu; esaterako, PVOL datu-basea. Datu-base horrek Eguzki Sistemako planeten 45.000 behaketa baino gehiago biltzen ditu, eta etorkizunean beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu, misio espazialei buruzko datuak barne, hala nola Jupiterrera bidalitako Juno misioari buruzkoak. Halaber, zenbait institutu, behatoki eta astronomo profesional eta amateurren artean behaketa astronomikoak egiteko kanpainak koordinatuko ditugu, eta garrantzi handiagoa emango diegu arlo horretako lankidetza zientifikoei”.
EBk finantzatutako zenbait proiekturen jarraipena da Europlanet 2024 RI; duela 15 urte hasi ziren proiektu horiek, eta azkeneko 4 urteetan egon da martxan azkena, Europlanet 2020 RI izenekoa, zeinetan UPV/EHUk ere parte hartu baitzuen. Astronomo profesionalen eta zaleen artean aurretik eginda zeuden lankidetzak aprobetxatzeko, mundu osoko teleskopio txikien instalazio-sare koordinatu bat prestatzen ari da Europlanet 2024 RI, behaketak azkar egin ahal izateko, misio planetarioei laguntzeko.
Sarbide birtualeko zerbitzuak ugarituko ditu proiektuak, kartografia geologikoko atari bat gehituko baitu, GMAP, eta ikaskuntza automatikoa erabiliko du planeten datu-multzoak ezagutu eta aztertzeko.
30 datu-base baino gehiago erantsiko zaizkio VESPA behatoki birtualaren atariari; gaur egun, espazio-misioetatik, behaketa-kanpainetatik, modelizazio-proiektuetatik eta laborategiko esperimentuetatik eratorritako planeta-zientzietako 54 datu-zerbitzutarako sarbidea eskaintzen du atariak. Europlanet 2024 RIk, gainera, planeta-meteorologia espazialaren zerbitzua (SPIDER) zabalduko du: iragarpenak eta alertak emango ditu, espazio-ontziek beren egitekoak eguzki-jardueraren arabera egokitu ditzaten, eta datu zientifikoen analisian laguntzeko.
Erabiltzaile berriak erakartzeko asmoz, komunitateari laguntzeko eta planeta-zientzien inguruan sentsibilizatzeko, Europlanet 2024 RIk trebakuntza-ikastaroak eta tailerrak antolatuko ditu, askotariko eragileak inplikatzeko, hala nola industria, arduradun politikoak, karrera-hasieran dauden profesionalak eta planeta-zientzian ordezkaritza txikia duten herrialdeetako ikertzaileak, bai Europakoak bai mundukoak. Proiektua, halaber, saiatuko da Txinako eta Koreako ikerketa-instalazioetara sartzeko, eta haiek proiektuko instalazioetara sartzeko, akordioa ezartzen.
Boloniako Unibertsitateko Barbara Cavalazzi irakasleak —Europlanet 2024 RIrako munduko lankidetza-jarduerak zuzentzen ditu— gogoeta hau egin du: "Gure helburua da munduko zientzia planetarioen komunitate interkonektatuago bat sortzen laguntzea eta instalazio berrien inguruan garapen jasangarria bultzatzea, inplikatutako komunitate bakoitzaren ekarpen berdingabea aitortuz eta ikerketa eta dibulgazio kolaboratiboko programak eraikiz".