euskaraespañol

Eguneko irudia

«Sorry about my English»

UPV/EHUko ikerketa batean aztertu dute zer faktorek eragiten duten bigarren eta hirugarren hizkuntzetako komunikazio-antsietatea, ikuspegi eleanitz batetik

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/03

Alaitz Santos
Alaitz Santos. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

UPV/EHUko DREAM ikerketa-taldean egindako ikerketa baten emaitzek agerian utzi dute hiztunek antsietate-maila desberdinak senti ditzaketela hitz egiten duten hizkuntzaren arabera. Halaber, berretsi dute zer erlazio dagoen antsietatearen eta beste zenbait faktoreren artean, hala nola hiztunak hizkuntzan duen gaitasun-maila, hizkuntza-ziurtagiriak, eleaniztasuna, generoa eta jakintzagai akademikoa.

Oso ohikoa da EAEko herritarren artean ingelesez bertako norbaitekin hitz egiten duten lehenbiziko aldian barkamena eskatzea beren ingeles-mailarengatik, eta honelako esaldiak erabiltzea: "Barkatu nire ingeles kaskarragatik". UPV/EHUko ikertzaile Alaitz Santosen iritziz, garrantzitsua da esatea “halako bitxikeriak ohikoak direla baita ingelesa ongi menderatzen duten eta ingeleseko hizkuntza-ziurtagiriak dituzten pertsonetan ere”.

DREAM (Donostia Research group on Education and Multilingualism) ikerketa-taldeko ikertzaileak aztertu nahi izan du “zergatik blokeatzen diren hiztunak ingelesez hitz egitean, nahiz eta hainbat urtez ingelesa ikasten jardun diren”. Ikerketaren helburua izan da “antsietatea bera eta hizkuntzen ikaskuntzan antsietateak duen eragina ulertzen laguntzea. Zehazki, unibertsitateko ikasleek eta profesional gazteek sentitzen duten komunikazio-antsietatea ikertzea, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-egoerarekin lotuta; izan ere, EAEn, euskarak, gaztelaniak eta ingelesak bat egiten dute herritar askoren eguneroko bizitzan, hainbat egoeratan”.

532 gazte profesional eta unibertsitario

Hezkuntzako eta enpresa-zientzietako 532 gazte profesional eta unibertsitariok hartu dute parte ikerketan, eta haren emaitzek “frogatzen dute erlazioa badagoela antsietatearen eta aztertutako zenbait faktoreren artean, hala nola parte-hartzaileak hizkuntzan duen gaitasun-maila, hizkuntza-ziurtagirien garrantzia (bereziki ingelesekoak), eleaniztasunaren rola, generoa eta jakintzagai akademikoak”, azaldu du Santosek. Ikertzaileak nabarmendu du antsietatearen ikerketan ikuspegi eleanitza erabili dutela, alegia, “kontuan hartu dugu pertsona bakoitzak bere hizkuntza-errepertorioan zer hizkuntza dituen eta hizkuntza horiek zer testuingurutan erabiltzen dituen”.

Hainbat ondorio atera dituzten ikerketan, eta Santosek haietako batzuk nabarmendu nahi izan ditu. Ikerketaren arabera ondorioztatu dute tarteko maila duten parte-hartzaileek komunikazio-antsietate handiagoa sentitzen dutela maila aurreratuko parte-hartzaileek baino, eta, ikertzaileak dionez, “hori hiru hizkuntzatan gertatzen da. Gure emaitzek agerian utzi dute antsietate-maila altuenak hiztunen hirugarren hizkuntzan aurkitzen direla”. Horrez gainera, hiztunen eleaniztasuna oso onuragarria da “hizkuntza berri bat ikasi eta erabiltzeko, hizkuntzen ikaskuntzan hiztunek bereganatu dituzten esperientziaren eta estrategien ondorioz”.

Unibertsitateko ikasleek antsietate handiagoa sentitzen dute ingelesez mintzatzean gazte profesionalek baino. “Litekeena da hori gertatzea hizkuntzarekiko esposizioan aldeak daudelako. Izan ere, batetik, litekeena da unibertsitatean ingelesarekiko harreman falta izatea eta, bestetik, gazte profesionalek beren lanpostuetan ingelesarekin borrokatu behar izatea”, azaldu du. Gainera, emakumezkoen jarrerak positiboagoak direla egiaztatu arren, alegia, hizkuntzaren ikaskuntzarekiko konpromiso handiagoa dutela, unibertsitateko ikasle emakumezkoek antsietate-maila altuagoak sentitzen dituzte ingelesez jardutean ikasle gizonezkoek baino. “Alde hori ez dagokio emakumezkoen gaitasun-mailari, patroi soziokulturalekin lotutako pertzepzioei baizik”, zehaztu du Santosek.

Bestalde, “hizkuntza-ziurtagiriak lotuta daude parte-hartzaileek beren gaitasun-maila definitzeko moduarekin, eta erlazionatuta daude hizkuntzarekiko antsietatearekin”. Ikertzaileek ikusi ahal izan dute hizkuntza-ziurtagiririk ez daukaten parte-hartzaileek komunikazio-antsietate handiagoa dutela hizkuntza-ziurtagiria duten parte-hartzaileek baino. Eta, azkenik, egiaztatu dute badirela alde esanguratsuak jarreretan eta komunikazio-antsietatean jakintzagai akademikoen arabera (hezkuntza edota enpresa-zientziak); “alde horiek lotuta egon litezke ikasketa-hizkuntza gisa ingelesa erabiltzearekin”, dio. Santosek erantsi du ikerketaren emaitzetan aldeak hauteman dituztela antsietatearekiko bigarren eta hirugarren hizkuntzak alderatzen direnean; “horrek adierazten du hiztunek antsietate-maila desberdinak izan ditzaketela hitz egiten duten hizkuntzaren arabera”.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Alaitz Santos Berrondok egin du (Errenteria, 1988), bere doktore-tesiaren barnean —izenburua, ‘Anxiety in second and third languages: The case of adult multilinguals from the Basque Autonomous Community’— eta UPV/EHUko katedradun Jasone Cenozen eta Ikerbasque Research Professor Durk Gorter-en zuzendaritzapean. Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak (MIDE) sailean egin dute ikerketa, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.