Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarra jaio zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta hura gogoratzeko, urte osorako programa jarri dute aurten abian, familiak eta hainbat erakunde eta eragilek elkarlanean (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo udala, Hondarribiko udala, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, elkar, Berria eta Martin Ugalde kultur parkea). Hondarribia eta Donostiatik igaro ostean, Bilbon izango da ikusgai kazetari eta euskaltzale andoaindarrari buruzko ‘Martin Ugalde Orradre: jaiotzaren mendeurrena (Andoain 1921 – Hondarribia 2004)’ erakusketa.
‘Martin Ugalde Orradre: jaiotzaren mendeurrena’ erakusketa zabaldu da Bilbon
Gaurtik hilak 27ra arte irekita egongo da Bizkai Aretoko Txillida erakusketa-aretoan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/10/07
Erakusketa Bizkaia Aretoan ireki da gaur bertan, eta urriak 27a arte zabalik egongo da. Astelehenetik ostiralera irekita egongo da, 10:00etatik 20:00etara.
Erakusketak lau atal nagusi ditu. Batetik, sei ataletan banatu diren paneletan, bere bizitza eta obra ezagutaraziko dira hainbat argazkiz lagunduta (Ugalderen biografia, bere ekarpena politikan, literaturgintzan, kazetaritza alorrean, Martin Ugalde eta parkea eta Ugalde euskaltzale). Horrez gain, bitrina batetan Andoaingo udalak bere funtsetik utzitako zenbait elementu erakutsiko dira: Ugaldek eskuratutako sarien diplomak, berak elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua…
Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Ugalde Martinen semea, Lore Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Bea Zabalondo Bizkaiko Campuseko Euskera eta Kultarako Zuzendaria, Miren Ibarluzea UPV/EHUko Kultura zuzendaria, eta Joanmari Larrarte, Martin Ugalde kultur parkeko ordezkaria.
Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak bere atsegina erakutsi du aurkezpenean: “oso eskertuta gaude mendeurren hau Ugaldek nahiko zuen eran antolatu dugulako, eragile asko eta diferentean arteko elkarlanean. Eta oso eskertuta akademiak ere bat egin duelako. Eskerrak berriro ere Euskal Herriko Unibertsitateari”.
Miren Ibarluzea UPV/EHUko Kultura zuzendariak gogorarazi du “Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetako lehen artikuluak dio kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza zabalduko duela gizartean, eta euskal kultura bultzatuko duela bereziki. Izaera eta helburu horiei bete-betean erantzuten dien erakusketa da Bilboko Bizkaia Aretoan ikusgai jarritakoa: kazetari, idazle, politikari eta kultur eragile unibertsala izan zen Martin Ugalde, egungo euskal kultur sistema osatzen duten egituren oinarri. Martin Ugaldek emandakoa zabaltzea dugu helburu”.
Martin Ugalde
1921eko azaroaren 11n Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, Martin Ugalde euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik nabarmendu zen, Euskaltzaindiko ohorezko kidea zen, eta bere karreran literatur sari ugari jaso zituen.
Gerra Zibilaren ostean Venezuelara erbesteratu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Venezuelako EAJko presidentea izan zen. Karibeko herrialdean 'Euzko Gaztedi' aldizkaria sortu zuen, 'Euzkadi' argitalpena zuzendu zuen eta 'Elite' egunkari karakastarraren erredakzio burua izan zen.
25 urteko erbestealdiaren ondoren itzuli zenean, 1969an, Ugaldek hainbat literatur lan argitaratu zituen. 1977an 'Deia' egunkaria bultzatu zuen eta 1991tik aurrera 'Euskaldunon Egunkaria' ko Administrazio Kontseiluko presidentea izan zen. 'Euskaldunon Egunkaria' ren ohorezko presidentea ere izan zen, egunkari horren sortzailea izan baitzen. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen 1999an.