Marta Arrasate Gil
«Gogoeta egiteko eta, horrenbestez, ikasteko aukera paregabea eskaintzen digu krisi honek»
Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatra eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzailea
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/04/08
Gaur egungo egoera sanitarioa kontuan hartuta, garrantzitsua da lasai egotea eta jarrera positiboa izatea. Baina nola lortu hori, pandemia, bai osasun publikoari dagokionez bai izango dituen ondorio ekonomiko eta sozialei dagokienez, sortzen ari den ziurgabetasunaren erdian? Nola funtzionatzen du gizakiaren buruak halako presio baten mende dagoenean?
Hainbat emozio azaleratzen dira, hala nola beldurra, asperdura, estutasuna, desesperazioa, baina baita alaitasuna eta poztasuna ere. Normala al da? Arrasate doktoreak galdera horiei eta beste batzuei erantzun die lerro hauetan.
Nolakoa da zure egunerokoa asistentzia zentroan?
Larrialdi dezente ari gara artatzen: negozioa itxi behar izan duten, eta ordainketak egiteko zailtasunak dituzten pazienteak; konfinamenduagatik eta egoera birikoak eragindako kezka orokorragatik urduri dauden pazienteak. Jakina, paziente ahul edo zaurgarrienek zailtasun gehiago dituzte. Bestalde, lankide psikologoen aurreikuspenen arabera, hasiko dira heltzen senide edo gertukoren bat galdu dutenak, une kritiko horretan haien ondoan egon ezin, eta ohiko dolua ezin izan dutelako egin.
Zein dira zuen pazienteen artean gehien zabalduta dauden sentimenduak?
Oro har, pazienteek adierazten dituzten sentimenduak hauek dira: beldurra, segurtasun falta, sinetsi ezina, haserrea, asperdura, antsietatea, larritasuna eta estresa.
Bestalde, gauza bat argitu nahi dut: garrantzitsua da bereiztea gaixotasun mentala eta ondoez emozionala. Gaixotasun mentalak erreferentzia egiten die ezaugarri kliniko larriei, garrantzizkoei; ondoez emozionalak, berriz, erreakzio emozional disfuntzionalei, edo baita normalei ere, baina intentsitate handiagokoak, zeinak bizitzako zenbait egoeratan izaten diren (banatzean; lana galtzean; gaixotzean, norbera edo senideren bat; seme-alabek jokabidearen nahasmenduak dituztenean...).
«Egoera berri honek barrura begira bizitzera behartzen gaitu, hau da, ez digu aitzakiarik ematen geure buruan eta gure bizitzan ez pentsatzeko»
Populazioa, oro har, ez da egon hainbeste denbora etxean konfinatuta. Nola eragingo digu horrek?
Agintarien neurriek etxean bakartuta egotera behartu gaituzte, eta horrek eragina du entretenimendua gehienetan etxetik kanpo bilatzen duten herritarrengan; kalean eta kuadrillan bizi den gizarte bat gara. Dena dela, egoera berri –eta behin-behineko– honek barrura begira bizitzera behartzen gaitu, hau da, ez digu aitzakiarik ematen geure buruan eta gure bizitzan ez pentsatzeko, eta zenbait gauza zalantzan ez jartzeko. Horrela, kanpoko eskakizun gutxiago izanda, denbora gehiago daukagu gure ustez gure bizitzan gaizki dabiltzan gauzetan pentsatzeko, eta gogoeta egin dezakegu, beharbada aldaketari begira. Halaber, esperientzia honetan konponbideak antolatu dituzten zerbitzu publikoen kudeatzaileentzat ezinbestean ikasteko aukera da.
Zuek, lehen lerroan zaudetenok, anbulatorioetan, ospitaleetan eta osasun etxeetan, nola bizi duzue gertatzen ari dena? Babesteko materialaren falta, iluntzeko zortzietako txaloak...
Babesteko materiala falta izan da, batez ere, pandemiaren hasieran; gero, material gutxi egon da, eta halaxe salatzen dute egunero komunikabideetan lehen lerroan dauden profesionalek. Oro har, aurreikuspen falta egon da, eta erabakiak berandu hartu dira. Hala eta guztiz ere, egon den erreakzionatzeko gaitasunarekin geratzen naiz. Geratzen naiz, halaber, beharrezkoa zen eta gutxi zegoen zerbait partekatu duen jendearekin; adibidez, babestek -materiala. Geratzen naiz jendearen elkartasunarekin; izan ere, beren sormena martxan jarri, eta tramankulu baliagarri eta beharrezkoak ekoizteko metodo berriak asmatu dituzte askok. Eta geratzen naiz bihotzez agertutako esker onarekin: ea geroan ere luzaro irauten duen.
«Gaur egungo gizartearen gaitza den guztiahaltasunaren ondorioz, ez dugu aldez aurretik ezer ikusi eta ez gara prest egon»
Zer ondorio atera duzu 20 egun hauetan gertatu zaigunaren gainean?
Gustatuko litzaidake, gizarte moduan, guztiahaltasuna alde batera uztea, gaur egungo gizartearen gaitzetako bat baita; izan ere, gaitz horren ondorioz ez dugu aldez aurretik ezer ikusi eta ez gara prest egon.
Gogoeta egiteko eta, horrenbestez, ikasteko aukera paregabearekin geratzen naiz.
Jendeak, oro har, agertu duen gizabidearekin geratzen naiz, bazirudien-eta orain arte halakorik batere ez genuela. Eta, batez ere, geratzen naiz haur guztiak egiten ari diren ahalegin duinarekin, kanpora irten ezinik, zergatia ulertu gabe, eta, agian, horrek izango du bere saria: gurasoen konpainia, arreta eta, hala espero dut, maitasuna, horixe baita haiek nahi duten eta behar duten guztia.
Jakina, oso garrantzitsua da lehen lerroan dauden lankideen ahalegina aitortzea. Orain gure artean ez daudenak eta haien senideak ere gogoratu nahi ditut.
Zer aholku emango zeniguke une zail hauetarako lagungarri?
Ez dut uste aholkuak emateko autoritaterik dudanik, eta ez dut uste eman behar ditudanik. Bakoitzak daki bere egoeraren berri, eta inork baino hobeto daki nola egin aurrera ahalik eta ondoen egoera honetan.
Dena dela, seguruenik, balio izaten ari zaizkigu honako jarrera, balio eta ondasun hauek: positibotasuna, elkartasuna, diskrezioa, esker ona, buruargitasuna, autokritika eta gogoeta, gizalegea, xalotasuna, familia, nahitasuna, konpainia, ausardia, profesionaltasuna, umorea, errealitatearen zentzua eta konpromisoa, besteak beste.