euskaraespañol

Eguneko irudia

Iñaki Antigüedad Auzmendi, Ane Zabaleta Lopetegui, Jesús Ángel Uriarte Goti. Maite Meaurio Arrate eta Tomás Morales Juberías

Zer-nola eragiten die klima aldaketak ibaiei?

Ur-Ingurumeneko Prozesuen Taldea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/02

Ur-Ingurumeneko Prozesuen Taldea
Ur-Ingurumeneko Prozesuen Taldea. Argazkia: Laura López. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Klima aldaketak ur ingurunean izan ditzakeen inpaktuez hausnar egitean –esaterako, ibaien emarien bilakaeraz–, bi aldagai nagusi hartu behar dira kontuan:

- Klima ereduen aurreikuspenak, batik bat, prezipitazioaren eta tenperaturaren gainekoak.
- Arro bateko emarien bilakaera, eredu hidrologikoen simulazioan oinarrituta. Horrelakoetan, klimaren informazioa input eran baliatzen da.

Etorkizuneko egoera hidrologikoen aurreikuspenak hala egin eta hidrologiako plangintzan txertatzean, egokitzeko eta arintzeko neurriak hartuta, ez diogu behar adina garrantzirik ematen ebapotranspirazioari. Hori da, nabarmen, arro bateko urteko balantze hidrikoaren gaineko oinarrizko ekuazioan aldagai ahaztuena:

P (prezipitazioa) = Q (emariak) + ET (ebapotranspirazioa)

Ebapotranspirazioak baldintzatzen du arro jakin bateko euri erregimenaren eta emari erregimenaren arteko lotura espazio-tenporala.

 

Aldagai hidrologikoa lurraldean

Lehorreko eremuak okupatzeko eta antolatzeko moduek (batik bat landa ingurunean) eta horiei loturiko nekazaritza eta basogintzako politikek nabarmen baldintzatzen dute ebapotranspirazioa, eta, ondorioz, emarien bilakaera. Inpaktu hori areago nabarmentzen da urte sasoi lehorretan.

Lurraldea, hala, klima aldaketaren efektu hidrikoen hartzaile soila izatetik efektu negatiboak arindu ditzakeen eta espero diren egoeretara hobeto egokitzeko aukera ematen duen eremu izatera igaroko da, oinarriko hidrologikoko antolamendua badu.

Horregatik, ikerketa gehiago behar da, eta emaitzak lurraldearen plangintzan kontuan hartzea, batasun hidrologikoan oinarrituta. Ibaiaren arroaren gaineko ikuspegia izan behar da, emarira mugatua bainoago gehiago.

Arroa kontuan hartzen den ikuspegian, funtsezkoak dira lurzoruak (erabilerak eta ezaugarriak) eta horietan gertatutako aldaketak, izan landaredia klimaren aldaketetara egokitzeagatik, izan lurralde antolamenduan hartutako erabakiengatik.

Hori guztia hartu behar da kontuan modelizazio hidrologikoan. Hala, aurreikuspenetan, bereizi egin behar dira emari klimatikoak (aldaketak kliman bakarrik gertatuta espero direnak) eta emari naturalak (aldaketak, hala kliman, nola lurzoruaren erabileretan).

Klima ereduetatik eratortzen diren etorkizuneko egoerak aldakor samarrak badira ere, eredu hidrologikoetan, aldakortasuna are handiagoa da. Ziurgabetasun atmosferikoei lurzoruen ingurukoak gehitu behar zaizkie, hasteko, lurraldeari funtzio hidrologikoaren onarpenari buruzkoa.

Ibaietan espero diren erregimen hidrikoez ari garela, batez besteko emariez gain (baliabideen kudeaketari begira), kontuan hartu behar dira emari txikiak (ur masen egoera ekologiko onaren baldintzatzaile oinarrizkoak) eta handiak (uraldi arriskuei lotuak). Hori guztia, urteko sasoi guztietan. Etorkizunari urteko batez besteko emarien arabera aurre egitea ez da erabilgarria.

Laburbilduz: plangintzan hidrograma osoa hartu behar da kontuan, egokitzapen ikuspuntu batetik.

 

Emarien bilakaera

Hori horrela, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ur-Ingurumeneko Prozesuen Taldeak lehen ikerlan hau egin du: Urrakortasun hidrikoa: iragan hurbileko joeretatik etorkizunekoetara. Egoera hidrologiko berrietara egokitzea. Bi galdera oinarrizko hauei erantzuten ahalegindu gara: Nondik gatoz? Nora goaz?

Bizkaiko Golkoko emarien iraganeko bilakaera (azken 60 urteak) eta balizko etorkizuna (XXI. mendea) aztertzen ahalegindu gara, joera estatistikoki adierazgarrien arabera. Hala, aztergai izan dira EAE barneko arroak, Ebro arroko alde kantauri-piriniarra, Aturri arroa eta Landak eskualdea.

Guztira, emaria neurtzeko 117 estazio baliatu ditugu, kalitatezko datuak lortuta. Etorkizuneko joeren simulazioa egiteko, EAEko arro zehatzak modelizatu ditugu, hamasei proiekzio klimatiko erabilita.

Batez besteko emariei dagokienez, hauek dira ondorio nagusiak:

- Azken 60 urteetan, lurralde osoan hauteman da joera bera, emariak txikitzea urtaro guztietan, batik bat Ebro arroan, udazkenean eta neguan. Joera horri eutsi zaio azken 40 urteetan.
- Aldiz, azken hogei urteei bakarrik erreparatzen badiegu, joera orokorra da emariek udaberrian gora egitea, eta batik bat neguan. Udazkenean behera egiteko joera ere aski argia da. Hala, urtaro arazotsuena da, emari eskuragarritasunari dagokionez.
- Etorkizunari begira, simulazioen arabera, 2060 eta 2090 horizonteetan, emariek behera egingo dute urtaro guztietan, eta modu kezkagarrian udazkenean.
- Horizonte hurbilenean aldiz (2030), simulazio batzuen arabera, zertxobait egin dezakete gora emariek udaberrian eta neguan. Orain arte behatu denarekin bat dator hori guztia, eta denboraldi mugatu baterako izan daiteke, beheranzko joera argi horretara ostera ere itzultzeko. Bestela esanda: iragan hurbilak epe luzeagoko ereduek baino gehiago baldintzatzen ditu etorkizun hurbileneko joerak.
- Hauteman diren joerak aski orokortuak direnez kontuan hartu den eremuan (Bizkaiko golkoa, eskualde atlantikoaren barnean trantsizio eremu dena), pentsatzekoa da horren kausa ere orokorra izatea, eta klimaren bilakaerari lotua.
- Aurretiazko azterketa batean, EAEko arroak modelizatu ditugu, lurzoruen erabileren (basoa, larrea, nekazaritza) aldaketa soilik kontuan hartu, eta iraganeko klimari bere horretan eutsita. Azterketa horren arabera, urteko eskalan egoeren artean desberdintasun handirik ez badago ere, urtaro eskalan desberdintasun handiak daude.

Lurzoruaren erabilerek garrantzia dute uraren doikuntzan, batik bat emari txikiko sasoietan, eta, etorkizunari begira, horiek dira, ikusi dugun eran, ahulenak.

The Conversation