euskaraespañol

¡Comer sano no es difícil… ni aburrido!

UPV/EHUk elikadura osasungarrirako gidaliburu berri bat argitaratu du, Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldearen eskutik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/11

Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldeko ikertzaileak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Guztiok dakigu, orokorrean, nola jan behar dugun; denok dakigu elikagai fresko gehiago sartu behar ditugula gure dietan –hala nola fruta, barazki edo lekale–, baita jaki ultraprozesatu gutxiago kontsumitu behar ditugula ere, azukre eta gantz ase gehiegi baitituzte. Alabaina, badirudi teoria aplikatzea ez dela hain erraza, besteak beste, elikadura aspergarri edo gatzgabetzat jo dezakegulako.

Testuinguru horretan, gidaliburu honen jomuga ideia hori aldatzen saiatzea da eta, horrez gain, osasungarri jatea pentsatzen duguna baino askotariko eta errazagoa dela frogatzea. Horretarako, asteko menu eta snack osasungarrietarako proposamenak biltzen dira, ideiak emateko, elikadura egoki, askotariko eta orekatuagoa izatea errazteko, eta plater eta jakietarako proposamen berriak ezagutzera emateko. Halaber, gidaliburuak mantenugaiei eta elikagai motei buruzko oinarrizko nozio batzuk eta helduen elikadurari buruzko gomendio orokor batzuk ere ematen ditu.

Elikadura osasungarriari buruzko gidaliburu berri horren izenburua ¡Comer sano no es difícil… ni aburrido! da, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zerbitzuak argitaratu du. Liburuaren egileak Itziar Eseberri Barace, Jenifer Trepiana Arin, Anastasia Parfenova, Natalia Romo Miguel, Andrea Mosqueda Solís, María del Puy Portillo Baquedano eta Leixuri Aguirre López dira, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldeko ikertzaileak guztiak. Gainera, CIBER sareko ikerketa zentroko eta Bioaraba Arabako Osasun Ikerketa Institutuko kidea ere bada Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldea; CIBER zentroari gagozkiola, Carlos III osasun institutuaren mendekoa da, eta Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldeak zentro horren barneko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiaren sailean egiten du lan.

Azkenik, aipatzekoa da gidaliburu hau jendeari zuzenduta dagoela, orokorrean, baina horrez gain, osasun profesionalentzat ere bada, erraz irakurtzeko modukoa eta formatu erabilerrazekoa baita. Halaber, osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleek ere informazio esanguratsua atera ahalko dute auren prestakuntzarako.