'Breve historia de Euskadi', Euskadiko historia garaikidea bolumen bakarrean
José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta Coro Rubioren liburuaren edizio berriak Euskadiko historia garaikidearen ikuspegi zabaldu eta eguneratua biltzen du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/07/15
Debate argitaletxeak Breve historia de Euskadi. De los Fueros a nuestros días liburuaren edizio berri bat argitaratu du. Euskadiko historia berrienari erreparatu diote José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta Coro Rubio Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek. Breve historia de Euskadi (2011) laburpen eta objektibotasun ariketa bikaina izan zen, eta laster bihurtu zen Euskadiren iragana, oraina eta geroa hobeto ulertzeko erreferentzia. Ia hamar urte igaro diren honetan, nahitaez argitaratu behar zen edizio zabaldua, azken hamarkadako gertakariak barne har zitzan.
Euskadiren historian, asko dira topiko zaharrak, mito faltsuak, gutxi ordea azken mendeen laburpen zehatz eta objektibo bat eskaintzen duten dibulgazio lanak. Horixe da Breve historia de Euskadi; ekarpen baliotsu, egoki eta beharrezkoa, azken berrogeita bost urtean egin diren historiografia ikerketa onenetan oinarritua.
Euskadiko probintzien XVIII. mendeko egoeratik abiatuta, XIX. mendearen errepasoa egiten da; foru erregimenaren eraldaketa eta estatu liberalean txertatzea, karlistaldiak, modernizazio sozioekonomikoko prozesua eta aniztasun politiko eta kulturalaren sorrera Errestaurazio aldian. Geroago, XX. mendean, gertakari ugari jazo ziren: II. Errepublika, 1936ko Estatutua –hain gutxi iraun zuena–, Espainiako Gerra Zibila, Francoren diktadura, erbestea, Trantsizioa eta Gernikako Estatutua –Euskadi errealitate instituzional bihurtu zuen mugarria–. Edizio berri honetan, Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko atal berria sartu da, 1980ko hamarkadatik gaur egunera artekoak biltzen dituena.
Historia politikoa ardatza dela, liburuan Euskadik azken hamarkadotan izan duen bilakaera nahaspilatsuaren joera nagusiak aztertu eta interpretatu dituzte egileek, betiere alderdi ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta erlijiosoak biltzen dituen ikuspegi koherente orokor baten bitartez.
Edizio honetan, atalburu erabat berri batean, egungo historia –alegia, gaur egungo Euskadi– aztertu da, 1980tik –autonomia erkidegoak eratzen hasi zirenetik– aurrera, hain zuzen. Lau hamarkada eman ditu indarrean EAEko autogobernuak, bost lehendakari egon dira (EAJko lau eta PSEko bat), eta hamabi hauteskunde autonomiko egin dira. Nazionalistek hegemonia garbia izan badute ere, hauteskundeok Euskadiren aniztasun sozial eta politikoaren isla izan dira, nahiz eta ETAren terrorismoak urtetan desitxuratu duen. Atalburu horren aztergaietako batzuk, tartean, Euskadiren eta Espainiaren arteko harremana aldatzeko proposamenak (EAEren estatus berria zehazteko prozesuan gauzatu direnak), oraindik ere itxi gabeko kontuak dira. Beraz, egiazko «historia garaikide» bat da, eta izugarrizko erronka izan da egileentzat liburuaren azken atalburua (1980-2020 aldiari buruzkoa) osatzea.
Edizio berriak, gainera, liburuxka bat hartzen du barne, azken bi mendeak irudikatzen dituzten 42 ilustrazioz osatua; ilustrazio horiek obraren edukia osatzen dute arlo bisualean, eta kalitatezko dibulgazio lana dela uzten dute agerian. Amaieran, Euskadiko historia garaikideari buruzko kronologia eta bibliografia eguneratua dakartza liburuak, Euskadiri buruzko historiografiak 1975etik hona izan duen garapen handiaren erakusgarri dena.
Egileak
José Luis de la Granja Sainz Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle bisitaria izan da Provence, Nevada Reno eta Alacanteko unibertsitateetan. Euskal nazionalismoaren historia, Espainiako Bigarren Errepublika eta Espainiako Gerra Zibila izan dira haren ikerketa ildoak. Liburu hauen egile da: Nacionalismo y II República en el País Vasco (1986 eta 2008), El nacionalismo vasco: un siglo de Historia’ (1995 eta 2002), El siglo de Euskadi: el nacionalismo vasco en la España del siglo XX (2003), El oasis vasco: el nacimiento de Euskadi en la República y la Guerra Civil (2007) eta Ángel o demonio: Sabino Arana (2015). Halaber, hauen editorekide izan da: Historia del País Vasco y Navarra en el siglo XX (2002 eta 2009), Diccionario ilustrado de símbolos del nacionalismo vasco (2012) eta La España del siglo XX a debate: homenaje a Manuel Tuñón de Lara (2017). Halaber, hauen egilekide da: La España de los nacionalismos y las autonomías (2001 eta 2003), La política como pasión. El lehendakari José Antonio Aguirre (2014) eta Vidas cruzadas: Prieto y Aguirre. Los padres fundadores de Euskadi (2017).
Santiago de Pablo Contreras Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. 2009-2010 ikasturtean, Douglass Visiting Scholar izan zen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-en (Reno). Euskadiren eta nazionalismoaren XX.mendeko historia izan ditu ikergai, baita zinemaren eta historiaren arteko harremanak ere. Gai horiei buruz hogeita bost liburu argitaratu ditu, tartean, hauek: Creadores de sombras: ETA y el nacionalismo vasco a través del cine (2017), La patria soñada: historia del nacionalismo vasco desde su origen hasta la actualidad (2015). Honen egilekide ere bada: El péndulo patriótico: historia del Partido Nacionalista Vasco (1999, 2001 eta 2005).
Coro Rubio Pobes Historia Garaikideko irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean. Historia politiko berria eta kultura politikoak izan ditu ikergai, nazio-estatuaren eraketari, erregionalismoari, nazionalismoari eta XIX. mendeko identitate kolektiboei erreparatuta. Hauek ditu obra adierazgarrienak: Revolución y tradición: el País Vasco ante la Revolución liberal y la construcción del Estado español, 1808-1868 (1996), Fueros y Constitución: la lucha por el control del poder. País Vasco 1808-1868 (1997) eta La identidad vasca en el siglo XIX: discurso y agentes sociales (2003). Lanik berriena Pedro Egaña. Discursos y escritos (2019) liburua du.
Hona bi historialari aipagarrik hizpide dugun liburuaren lehen edizioaz eta egileez esan zutena:
Santos Juliá (UNED): «Oro har, Euskadiko labirintoan bi mendeko bidea galdu gabe egiteko gida bikain bat, batik bat, historia politikoari erreparatzen diona, baina alderdi sozial, kultural eta erlijiosoez ahaztu gabe» (El País egunkariaren Babelia gehigarria, 2011ko ekainaren 4koa).
Javier Corcuera (UPV/EHU): «Euskadiko historiaren gainean ekoizpen zientifiko handia egin dute egileek, lehen biek nazionalismoari arreta berezia eskainita, eta hirugarrenak, aldiz, hemeretzigarren mendeko foruzaletasunari. Hirurak, gainera, oso lan dibulgatiboak egiteko gai izan dira zein bere aldetik, eta batera ere gauza bera lortu dute (...): sintesi bikaina» (Revista de Libros, 2011ko azaroa).