euskaraespañol

Gaurko irudia

‘Balearen begia’: artea eta zientzia erakusketa batean uztartuta

GOBE taldeak Sopelan hilik agertu zen zetazeoaren begiaren inguruan egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu inor axolagabe uzten ez duen argazki erakusketa batean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/20

(Beste leiho bat zabalduko du)
Elena Vecino ikerlariak erakusketaren irudi bat azaltzen du. Argazkia: Laura López. UPV/EHU
Elena Vecino ikerlariak erakusketaren irudi bat azaltzen du. Argazkia: Laura López. UPV/EHU

Baleek zuri-beltzean eta gardentasun oso txikiarekin ikusten dute. Hala ere, argiaren intentsitatea hautematen duten zelulak oso garatuta dituzte, eta, horri esker, gaua ala eguna den bereizteko gai dira. Horiek dira GOBE Oftalmo-Biologia Esperimentaleko Ikerketa Taldea zuzentzen duen Elena Vecino Zelulen Biologia eta Histologiako katedradunak atera zituen ondorioetako batzuk, Sopelako (Bizkaia) hondartzan 2019ko otsailean hilik agertu zen balearen begia aztertu ostean.

Hilabeteotako azterketaren emaitzetako batzuk “Balearen begia” erakusketan bildu ditu zientzialariak, artea eta zientzia uztartu eta inor axolagabe uzten ez duen erakusketa.

Balea erraldoi bat irudikatzen duen panela gailentzen da erakusketan. “Bertaratzen denak balea bezalako animalia baten dimentsioak sentitzea nahi nuen, bere handitasuna sentitzea”, azaldu du zientzialariak. 16 metroko luzerarekin eta 30 tonako pisuarekin, iaz Sopelako hondartzan hilik agertutako zerea planetako zetazeo familia handienetako bateko kidea da, betiere, balea urdinaren ostean.

Erakusketan bildutako argazkiak handipen handiko mikroskopioekin eginda daude, balearen begiko zati txiki-txikiak zehaztasunez ikusten uzten dutenak, eta, tamaina errealean gizakiak eta baleak oso ezberdinak garen arren, txikian oso antzekoak garela erakusten dute. “Tamaina erreala eta mikroskopikoa alderatzeko ariketa egin nahi nuen”, azaldu du Vecinok.

Ikusmen arazoetan espezializatutako zientzialariak zehaztu bezala, “tamaina biologikoak antolakuntza mugak ditu, eta, proportzio, itxura eta tamaina makroskopikoan oso ezberdinak bagara ere, mikroskopikoan antz handia dugu”.

Oztoporik gabeko erakusketa

Vecino glaukoman eta itsumena sortzen duten begietako beste arazo batzuetan espezialista da. Eta horrek, noski, ezinbestean izan behar zuen isla erakusketan: balearen azterketan egindako hamasei argazki eta bideoak, bi maketak, balea inprimatuta irudikatzen duen panel handia eta erakusketako gainontzeko elementuak ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat egokitu dituzte. Horretarako, irudiak erliebean inprimatu eta azalpen-taulak braillez idatzi dituzte. “Lanik handiena irudiak egokitzea izan da”, onartu du erakusketaren antolatzaileak.

Era berean, irudi bakoitza azaltzen duen audiogida zerbitzu batekin osatu dute erakusketa. Hain zuzen ere, QR kode bat du irudi bakoitzak, ukimen bidez irakurtzeko egokituta dagoena, eta, eskaneatutakoan, argazki bakoitzari dagokion azalpena entzuteko aukera eskaintzen du.

“Maila ezberdinetan goza daiteke erakusketaz: artistikoki, koadroez eta estetikaz gozatuz; begiradaren bidez; eta baita ukimenaren bidez ere, irudietan erliebe bidez nabarmendutako zonaldeak haztatuz, ikusmen arazoak dituztenek ere erakusketaz gozatzeko aukera izan dezaten”. Vecinok onartu duenez, azken hori lortzea izan da “gehien kostatu” zaiena.

Ekologiaren aldeko mezua

Balearen maketaren ondoan, Sopelako hondartzan egun batean bildutako plastiko eta bestelako hondakinak jarri dituzte, kutsadura eta animaliek jasaten dituzten arriskuak irudikatzen dituztenak. “Baliteke bildutakoak bezalako plastikoak balearen elikagai izan izana. Agertu zenean baleak pairatzen zuen muturreko argaltasunaren, eta, nork daki, baita bere heriotzaren kausa ere izan litezke”, azaldu du ikertzaileak. Horren jakitun, Elena Vecinok erakusketa baliatu nahi du ekologiaren eta itsasoa garbi mantendu eta errespetatzeko beharraren gaineko kontzientzia hedatzeko.

Erakusketaren sarrera librea da eta GOBE Oftalmo-Biologia Esperimentaleko ikerketa taldeko zientzialariek ikasleei eta ikusmen arazoak dituzten pertsonei bideratutako bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Bisitotan, gure kostaldera orain dela urtebete heldutako animalia ikusgarriari esker ikusmenaren eta ikusmen arazoen gainean ikasitakoa azaltzen diete bertaratutakoei, baita oraindik ere arlo horietan ezagutzeke dagoena ere.

Erakusketa otsailaren 22ra bitartean izango da zabalik, 08:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

Bizkaia Aretoan izan ostean, erakusketak Bordeleko Unibertsitatea, Oportoko Unibertsitatea eta Cambridgeko Clare Hall College prestigiotsua bisitatuko ditu besteak beste.