euskaraespañol

Karlos Pérez de Armiño eta Jorge Gutiérrez Goiria, Garapenari buruzko Ikasketen V. Nazioarteko Biltzarreko antolaketa batzordearen kideak

«Garatutzat jotzen diren herrialdeak ez daude modu egoki batean garatuta»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/28

Jorge Gutiérrez Goiria eta Karlos Pérez de Armiño. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

COVID-19aren pandemiak markatuko du atzo bertan abian jarritako ‘Garapenari buruzko Ikasketen V. Nazioarteko Biltzarra: Garapenari erronkak: eraldaketa-prozesuak justizia globalerantz’. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, Bilboko topaketa fisikoa espazio birtualera eraman behar izan da, hitzaldi nagusietan pandemia hizpide izango da eta haren inpaktua aztertzeko mahai-inguru bat antolatu behar izan da.

Karlos Pérez de Armiño Nazioarteko Harremanetako irakaslea da, eta UPV/EHUko Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuko zuzendaria; Jorge Gutiérrez Goiria UPV/EHUko Ekonomia Finantzarioko irakaslea da, eta Garapeneko Ikasketen Espainiako Sarearen presidentea (REEDES). Ekitaldi hau antolatzen duten erakundeetako ordezkariak dira biak, eta elkarrizketa honetan aztertu dute ea pandemia mugarri izan den nazioarteko lankidetzaren alorrean.

Biltzarraren izenburuak adierazten duenez (Garapenari erronkak: eraldaketa-prozesuak justizia globalerantz), garapenaren kontzeptua zalantzan dago edo, behintzat, tentsiopean. Zer gertatzen da garapenaren kontzeptuarekin?

Jorge Gutiérrez: Aspalditik ari dira sortzen eragozpenak garapen ekonomiko eta sozialeko prozesuetan, gure ikerketa-eremuan ulertzen diren moduan, eta horrek ez du hobera egiten. Arazo globalek bere horretan jarraitzen dute, hala nola desberdinkeria erraldoiek eta ingurumen-arazoek; agerian uzten dute, argi eta garbi, “garatutzat” jotzen diren herrialdeak ere ez daudela modu egoki batean garatuta, eta garapenaren kontzeptua bera birpentsatu egin beharra dagoela.

«Krisi ekonomikoaren ondorioz, gobernu emaileek gutxitu egingo dituzte lankidetzarako aurrekontuak»

Karlos Pérez de Armiño: Garapenaren eta haren politiken ikuskerari buruzko eztabaidak mende-erdi baino gehiago darama indarrean, baina azken aldian aberastu egin da ikuspegi berriekin. Ikuskera konbentzionalak hazkunde makroekonomiko hutseko prozesu gisa hartu du (ekoizpen gehiago, per capita errenta handiagoa, etab.), eta entzungor egiten zien bi gauzari: halako prozesuek ez dituztela asebetetzen herritar batzuen oinarrizko beharrak eta hazkundeak kalte egiten diola ingurumenari, baliabide naturalak finituak baitira. Hori dela eta, bi ikuskera alternatibo sortu ziren: giza garapena, hau da, pertsonek eguneroko bizitzan gozatzen dutena (osasuna, hezkuntza, etab.) eta garapen jasangarria, hau da, baliabide naturalak zaintzen dituena. Bestalde, berriki, bestelako ikuspegi batzuk sortu dira, bilatzen dutenak garapenaren ideia bera gainditzea. Adibidez, ikasketa dekolonial latinoamerikarrek arbuiatu egiten dute ikuskera hori, mendebaldeko ezaugarriak esleitzen baitizkiote, zeinek talka egiten baitute herri indigenen kosmogoniarekin, eta alternatiba gisa “ongi bizitzea” proposatzen dute. Halaber, ekologismoaren sektoreek “desazkundea” beharrezkoa dela proposatzen dute, planeta zaindu behar badugu.

COVID-19aren ondorioz, Bilboko topaketa fisikoa espazio birtualera eraman behar izan da, hitzaldi nagusietan hizpide izango da pandemia eta haren inpaktua aztertzeko mahai-inguru bat antolatu behar izan da. Gauzak aldatu egin dira pandemiaren ondorioz?

K.P.A: Okerra litzateke pentsatzea mundua erabat desberdina izango dela. Zalantzarik gabe, pandemiak aldaketa garrantzitsuak eragingo ditu, baina lehen ere bazeuden arazoetan oinarrituko dira. Ziur aski pandemiak desberdinkeriak eta injustiziak areagotuko ditu, gogorren joko baitie dagoeneko okerren daudenei, osasun-sistema egokirik ez dutenei eta baldintza prekarioetan lan egiten dutenei. Hori dela eta, hainbat arazo ekarriko ditu mahai gainera, nagusi den garapen-, ekoizpen- eta kontsumo-ereduaren inguruan.

J. G.: Lehen ere ezkutuan zeuden eztabaida batzuk atzeraezin bihurtuko direla uste dugu: merkantilizazioaren gaia, bizitzaren alor guztietan; estatuaren eta merkatuaren funtzioak; oinarrizko errenta; nazioarteko gobernantza eta krisi globalei elkarrekin ekiteko modu berriak; zaintzaren gaia...

Zer ondorio izan ditzake gaitz horrek —edo, dagoeneko, zer ondorio izaten ari da— garapenerako lankidetzan?

J.G.: Gaur egun dugun egoera honetan, zeinetan mugak gainditzen dituen birus batek sekula izan den pandemiarik handiena eragin baitu, bistakoa da nazioarteko lankidetza funtsezkoa izan daitekeela egoerari behar bezala aurre egiteko. Paradoxa dirudien arren, ideia horren kontrako erreakzioak ikusten ari gara batez ere; hala AEBk OMEari laguntza ukatzea, nola testak, maskarak eta oinarrizko bestelako ekipamenduak hornitzeko orduan jarrera negargarriak izatea. Espero dugu, hasierako anabasa gaindituta, indartu ahal izatea nazioarteko lankidetza beharrezkoaren ideia, bereziki krisi globalen kasuan. Horrek eragina izango luke bai gaur egungo pandemian (eta etorkizunean izan daitezkeen beste osasun-arazoetan), bai erantzun globala behar duten beste gai batzuetan ere: klima-aldaketa, nazioarteko fiskalitatea...

«Garapenaren beraren ideia gainditzea lortu nahi duten ikuspegiak sortu dira; ekologismoaren sektoreek desazkundea behar dela proposatzen dute»

K.P.A.: Gainera, zoritxarrez, espero izatekoa da krisi ekonomikoaren ondorioz gobernu emaileek lankidetzarako aurrekontuak murriztu behar izatea, hain zuzen, sekula baino beharrezkoa izango litzatekeen unean.

Gaur egungo egoerak biltzarra birtualizatzera behartu zaituzte, baina topaketa fisikorik ez izatea ez ote du, beharbada, kongresuarekiko interesa motelduko? Nola egin diozue aurre arazo horri, antolakuntzatik?

J.G.: Alarma-egoerak bete-betean harrapatu gintuen komunikazio- eta poster-proposamenak ebaluatzeko prozesuan. Ia 400 ziren. Hainbat aukera aztertu genituen, eta erabaki genuen merezi zuela formatu birtualean aurrera egitea.

K.P.A.: Bai, zalantzarik gabe, kideen arteko topaketa fisikoa galdu egingo dugu, zeinak, atsegingarria izateaz gainera, aukera ematen baitu kide berriak ezagutzeko eta proiektu berriak diseinatzeko. Biltzar honen aurreko lau edizioak presentzialak izan dira, eta hori garrantzitsua izan da garapenaren inguruko ikasketak arlo akademiko gisa finkatzen joateko; ondorio garrantzitsua izan du horrek: lankidetza-sareak, argitalpen espezializatuak, proiektu partekatuak. Arlo hau oso errotuta dago Europako beste herrialde batzuetan, baina askoz ere gazteagoa da hemen. Nolanahi ere, biltzarra birtuala izateak ere baditu zenbait abantaila. Lehena da bertan behera utzi behar ez izatea, eta dagoeneko eginda dauden ikerketa eta komunikazio askoren inguruan eztabaidatzeko aukera izatea. Gainera, pertsona askok parte hartzeko aukera izango dute, batez ere Latinoamerikako lagunek, zeinek parte-hartzaileen herena osatzen baitute, baita entzule gisa izena eman duten askok ere. Halaber, biltzar jasangarriago bat egiteko aukera ematen du.

COVID-19aren eraginaz gainera, zer beste gai aztertzen dira garapenari buruzko halako biltzar batean?

K.P.A.: Garapen-ikasketek arazo eta prozesu asko lantzen dituzte ikuspegi zabal batekin eta jakintza-arlo askotatik, hainbat gairekin lotuta: politika ekonomikoak, ongizatea, gizarte zibilaren artikulazioa, gobernantza globala, gatazkak eta bakea, herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasuna, ekarpen feministak, etab. Hori guztia 15 gai-ildotan banatuta.

Nola egin diezue aurre formatu birtualera aldatzeko alderdi teknikoei?

K.P.A.: Birtualizazioak nolabaiteko bertigoa eragin digu, eremu ezezagun batean sarrarazi baitigu. Baina etapa bakoitza kanpoko aholkularitza teknikoari eta proiektuarekin lotutako pertsona askoren laguntzari esker gaindituz joan gara, bereziki Hegoako langile, irakasle eta ikertzaileei esker.

J.G.: Alderdi teknikoak erronka handia izan dira guretzat, eta ahalegin handiagoa egin behar izan dugu, onlineko azpiegitura egokitu behar izan baitugu 450 lagunetik gora parte hartu ahal izan dezaten (parte-hartzaileak, entzuleak eta antolatzaileak) eta ia 50 saio egin ahal izateko (osoko saioak eta 15 gai-lerroetako mahai paraleloak). Berrogeita hamar bat lagunek (antolatzaileek eta saioetako koordinatzaileek) oinarrizko trebakuntza-saioak izan ditugu biltzarraren plataforma birtualak kudeatzen ikasteko.

Karlos Pérez de Armiñok zuzentzen duen Hegoa Institutua erreferentea da, duela hiru hamarkada baino gehiagotik, garapenaren, nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren inguruko pentsamendu-eraikuntzan. Zein dira zuen etorkizuneko itxaropenak?

K.P.A.: Hegoaren lanak zentzu handiagoa izango du egoera berri honetan. Esan bezala, pandemiak desberdinkeriak areagotzea, biolentzia-modu berriak sortzea eta eskubide sozioekonomikoak urratzea eragingo du. Baina, aldi berean, aukera emango du ikuspegi kritiko batekin birpentsatzeko garapen-ereduaren, politika publikoen eta nazioarteko lankidetzaren nondik norakoak. Azken batean, aukera emango du eredu berdinzale, justu eta jasangarriagoak lortzeko eraldaketa-prozesuak bultzatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Hegoak UPV/EHUren institutu gisa egiten duen lanaren norabidea; ikerketaren, trebakuntzaren eta aholkularitzaren bidez eta eraginez lortzen dugu unibertsitatea hainbat gizarte-eragilerekin lotzea.

Jorge Gutiérrezek biltzar honetan amaitzen du REEDESen zuzendari-lana. Zer azterketa egiten duzu zure zuzendaritzaz, eta zure ustez zer egin behar dute aurrerantzean garapen-gaietan ikertzen jarduten duten erakundeek?

J.G.: Oraingo zuzendaritza-batzordearen azterketa oso positiboa da. Oso pozik gaude bai oinarri sozialarekin (230 ikertzaile baino gehiago, eta 30 erakunde bazkide baino gehiago, bereziki unibertsitateetakoak, baina baita beste eremu batzuetakoak ere, gizarte zibilekoak, esate baterako), bai antolatutako biltzarrekin, bai Revista Iberoamericana de Estudios de Desarrollo gure aldizkariaren bilakaerarekin eta bai barnean edo sarean, pareko erakundeekin, antolatutako jarduerekin. Uste dut askotariko jakintza-alorretan oinarritzen diren, jardunbideetara orientatzen diren eta gizartearentzat baliagarri izateko helburua duten mota honetako ikasketek aintzatespena eta bultzada lortu behar dutela; aurrera egin behar dute zailtasunak eta inertziak gaindituz.