Sendoa Ballesteros Peña
Larrialdi pediatriko batean segurtasunez kalkula dezakegu haur baten pisua?
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2021/09/08
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurkitu daiteke.
Pisua parametro bat da, eta haren balioa ezagutu behar da larrialdi pediatrikoen arretan. Nahitaezkoa da pisua jakitea, eman behar diren botiken dosiak edo zain barneko likidoen bolumena kalkulatzeko.
Pisua neurtu ezin denean (adibidez, ospitalez kanpoko egoera batean, non baskularik ez dagoen), ahalik eta zehaztasun handienarekin balioetsi behar da. Dosiaren kalkulua nahikoa ez bada, litekeena da nahi den efektu terapeutikoa ez sortzea. Aitzitik, gehiegizko dosi baten ondorioz, nahi ez diren efektuak areagotu daitezke.
Haur baten pisua zein den jakiteko modurik seguruena gurasoei galdetzea da. Gurasoak ez badaude, edo erantzuteko moduan ez badaude, profesional sanitarioak haurraren pisua subjektiboki kalkulatzen saia daitezke. Baina badakigu horrek hutsegite handi bat nork bere gain hartzea dakarrela, eta, beraz, saihestu egin behar da. Hobe da pisua kalkulatzeko prestatutako metodoren bat erabiltzea, errazen eskura daitezkeen zeharkako datuetatik abiatuta, hala nola adina, garaiera edo beste aldagai antropometriko batzuk.
Hala ere, pisua kalkulatzeko dauden baliabideen errendimenduak aldakortasun geografiko handia du; izan ere, munduko biztanleriak desberdinak dira beren bereizgarri morfologikoetan. Horregatik, pisua kalkulatzeko estrategiak testuinguru soziodemografiko bakoitzean aztertu behar dira hedatu aurretik. Adibidez, Espainian, literatura medikoan gehien gomendatzen diren formulak (pisua adinetik edo garaieratik abiatuta kalkulatzen dutenak) atzerrian diseinatu dira eta ez dute emaitza egokirik ematen gure biztanleriaren artean. Horregatik, formula horiek ez erabiltzea iradoki da.
Bilbao 2018 formulak: arazoaren konponbide potentziala
Arazo hori zegoela jakinda, Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleetako erizain-talde batek (Osakidetza), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean (‘WEST ikerketa-proiektua’ deitu zitzaion lankidetza-partzuergo bat), konponbide potentzial bat aurkitu du.
Bilboko 15.000 haurren baino gehiagoren datu antropometrikoak erabiliz, formula erraz batzuk diseinatu ditugu. Formula horiek paziente pediatriko baten pisua kalkulatzeko bidea ematen dute, paziente horren garaieratik eta gorpuzkera fisikotik abiatuta. Ondoren, formula horiek klinikoki baliozkotu dira bi ospitaleetako larrialdietan artatutako pazienteetan.
Formula horiek erabiliz («Bilbao 2018 formulak» izena eman zaie), kalkulatutako pisuaren % 15etik beherako errorea eman du benetako pisuarekin alderatuta neurketen % 80an. Emaitza oso ona da. Gure testuinguruan, datu horiek erakusten dute eskuliburu medikoetan gomendatzen den beste edozein formula klasikok baino errendimendu hobea ematen dutela.
Hala ere, eta formulak errazak izan arren, arazoak sor ditzakete gogoratzeko garaian edo kalkulua buruz egiteko garaian lekuan bertan.
Larrialdi Pediatrikoak EPDT/WEST aplikazioa
Baliabiderako sarbidea erraztearren, erabaki genuen Bilbao 2018 formulak interfaze digital batera eramatea app eran.
Pazientearen pisu zehatza zein den ez badakigu, ‘Urgencias Pediátricas EPDT/WEST Larrialdi Pediatrikoak’ aplikazioaren bitartez kalkula dezakegu, garaiera eta gorpuzkera (bisualki argala, normala edo handia) sartuz. Bilbao 2018 formuletan oinarritutako algoritmo batek pisu probableena kalkulatzen du, eta, hortik aurrera, gainerako edukietan sar gaitezke.
Aplikazioaren osagarri modura, Osakidetzako Emergentzia Pediatrikoen Diziplinarteko Taldeak (EPDT) egindako giden, protokoloen eta farmakoen dosien kalkulagailuen biblioteka dago. Bi lantaldeek (WEST eta EPDT) garatutako edukiak elkartuta, larrialdi pediatrikoetan erabaki klinikoak hartzen laguntzeko baliabide bat sortu da. Bereziki erabilgarria izango da pediatriako espezialistak ez diren profesional sanitarioentzat.