Zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian
Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16tik 22ra egingo da eta, aurtengo edizioan, jasangarritasuna eta osasuna batuko ditu
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/09/15
"Zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian" lemapean, Mugikortasunaren Europako Astea (MEA) egingo da gaurtik aurrera (osteguna), irailaren 22ra arte, eta, aurtengo edizioan, jasangarritasunaren eta osasunaren arteko lotura egingo da. Ekimen hori Unibertsitateko Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak garatuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako errektoreordetzekin lankidetzan.
Honako honetan, Unibertsitateak ekintzen eskaintza zabala programatu du, bai aurrez aurrekoak hiru campusetan, bai birtualak, eta jarduera horiek unibertsitateko komunitate osoak parte hartzeko pentsatu dira. Beste batzuetan bezala, hitzaldiak eskainiko dira, baita txapelketak, erronkak, eta berrikuntza batzuk ere, beste batzuen artean.
Ekintza osasungarriak, erakargarriak eta saridunak
Aurten, Mugikortasunaren Europako Asteak (MEA) hainbat berrikuntza izango ditu, hala nola “mugikortasunari buruzko erronka xumea Unibertsitatean”, baita online egingo den zozketa bat ere; azken horretan, ekimenarekin zerikusia duten galderen erantzunak asmatu beharko dituzu. Probak gainditzeko gai izango zara? Eman izena eta jakingo duzu. Sari interesgarriak dituzu zain.
Horrekin batera, online argazki lehiaketa itzuliko da. Parte hartzeko, argitaratu zure argazkiak zure Instagrameko kontuan eta etiketatu UPV/EHU (@upvehu_gara), #EHUSEM21 traolarekin. Gogoratu: argazkiak zureak izan behar dira eta edukia mugikortasun jasangarriarekin eta campusarekin lotutakoa izan beharko da. Argazki onenek UPV/EHUko kirol jertse bat edo haizetik babesteko jaka bat irabaziko dute.
Mugikortasunaren Europako Asteko ohiko ekintza ibilaldiak dira. Horietan, Unibertsitateko jende askok ezagutzen ez dituen gertuko tokien inguruko xehetasunak eskainiko zaizkigu. Horrela, hurrenez hurren Botanikako eta Geologiako Xabier Loidi katedradunak eta Xabier Murelaga irakasleak Arboretumeko xehetasun interesgarrienen berri emango digute talde ibilaldi batean. Parte hartzeko, eman izena (kontuz, plaza kopurua mugatua da eta!). Bestalde, bizikleta ateralditxo bat egin dezakezu Arabako campusetik Eskibeleraino (Armentiako basoan zehar); paisaia eta ekologia arloko interesguneak ezagutuko dituzu. Izena eman dezakezu honako inprimaki hau beteta.
Beste alde batetik, Mugikortasunaren Europako Asteak bere programan barne hartzen ditu Bizikletak konpontzeko tailerrak (BIT) Arabako eta Gipuzkoako campusetan, hitzaldiak, web mintegiak eta erakustaldiak, beste ekintza askoren artean.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizipuntu berri bat inauguratuko du ostiral honetan, irailak 18, Leioa-Erandio Eremuko Mikel Laboa plazan; hau da, bizikletak konpontzeko eta mantentzeko gune bat, unibertsitate-komunitate osoaren eskura egongo dena.
Bizkaiko Campusean bertan, erakusketa bana egingo da, bata Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleen Formula Student kotxe elektrikoa hurbil ikusteko eta bestea bizikleta elektrikoa aztertu ahal izango duzu.
Informazio gehiago nahi baduzu, ikusi programa eta parte hartu ekintzetan. Badakizu… mugi zaitez modu jasangarrian, zure osasunagatik ere.